Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Kontseiluak berretsi egin du sindikatuekin sinatutako akordioa, Lanbideko lan baldintzak hobetzen dituena

2015.eko urriak 13
  • Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euroko diru-laguntzak onartu ditu lehen sektorerako
  • Erkorekak aurreratu duenez, biharko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan erabakiko da euskal erakundeek gastuak benetako sarreretara egokitzeko neurririk hartu behar duten ala ez

Gobernu Kontseiluak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuek lortutako akordioa. Horri esker, enplegu publikoari eutsi ahal izango zaio, bai eta erakunde autonomoan gaur egun lan egiten duten pertsonen soldata-maila ere.

Akordioa joan den irailaren 30ean sinatu zuten LABek, CCOOk eta UGTk –Lanbideko langileen % 70 ordezkatzen dute zentral sindikal horiek–, eta Lanbideren egitura berrantolatzeko prozesuari amaiera ematen dio. Berrantolaketa horren helburua modernizatzea, jasangarritasuna bermatzea eta euskal herritarren uneko enplegu- eta prestakuntza-beharrei erantzutea da.   

Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, akordio honek Lanbideko langileeen soldata-maila bermatzen du, bitarteko langileen enplegua egonkortzen du eta bitartekotasun-tasak murrizten dira.

Lehen sektoreari laguntzak eta ikastaroak atzerrian

Gainera, gaur Gobernu-Kontseiluak onartu du 1,2 milioi euroko diru-laguntzak bideratzea Euskadiko lehen sektorera. Diru laguntzak hiru programetan banatzen dira: Elkarteak programa, nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko profesionalen eta enpresen elkarteak eta federazioak laguntzeko, Nekazaritzako profesionalen elkarte sindikalak laguntzeko programa eta Europako Feader programa, landa-garapena laguntzeko.

Gobernu-Kontseiluak 522 beka emateko deialdia onartu du ere, Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian eta Irlandan hizkuntza-ikastaroak egiteko. Ikastaroak 2016ko udan egingo dira eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleei eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailakoei zuzendutako 522 plaza eskainiko dira. Beka horiei esker, familiek bidaia-gastuak, asegurua, ikasmateriala eta aukeratutako herrialdean ostatua eta mantenua ordaintzeko laguntza jasoko dute. 

Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean gogoratu duenez, bihar 16.00etan Herri Dirubideen Euskal Kontseilua bilduko da, hiru foru-aldundietako eta Eudeleko ordezkariak bertan direla. Bileran, izandako diru-bilketa datuak aztertu eta euskal erakundeek dituzten gastuak benetako sarreretara egokitzeko neurririk hartu behar ote duten erabakiko da.

Bateragune auzia

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea asteburuan aske geratutako Bateragune auziko hiru zigortuen inguruan ere mintzatu da. Nabarmendu duenez, heldu da jada Bateragune «auzia behin betiko ixteko eguna», baita alderdi politiko guztiek berdintasunean lan egiteko aukera izatekoa ere.

Era berean, iazko Azaroak 9ko kontsultaren harira gaur politikari katalanek inputatu gisa deklaratu behar izan dutela-eta, harrituta azaldu da Erkoreka. Hala, Artur Mas bezalako gobernu presidente bat herritarrei hitza eman nahi izateagatik inputatu izana «ulertezina» dela nabarmendu du. Harago ere joan da Erkoreka, neurri judizialek ez dutela «herritarren borondatea isilduko» gaineratuz. 

Gai-zerrenda (2015-10-13)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.10.13)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)