Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza eskubideak, Poziktibity proiektuaren bideo berriko protagonista

2015.eko urriak 09

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Garbiñe Biurrunek,  EAEko Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salaren presidenteak, eta Juan José Álvarezek, EHUko Zuzenbide Fakultateko katedradunak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko hirugarren bideoa aurkeztu dute gaur Donostiako Tabakaleran. Aurkeztu den bideoan hizkuntza eskubideak izan dira protagonista nagusiak.

‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino, bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da.

Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak Poziktibityren energia hori transmititzeko (bideoetan pertsona ezagunak agertzen ziren). Aurten ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (gaurkoan, prentsaurrekoan, Garbiñe Biurrun eta Juan José Álvarez), baina egunerokotasuneko une arruntetan oinarrituko da (bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira). Aurten, Poziktibity-k ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu.

“Nahi izatea Poziktibity da” lelopean, hirugarren bideo honetan hizkuntza eskubideen gaia da jorratu dena. Administrazioaren aurrean, herritarrak eskubidea du berak nahi duen hizkuntza ofizialean artatua izateko. Arlo pribatuan, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretua betetzea dagokien establezimendu pribatuetan, herritarrak eskubidea du, erabiltzen duen hizkuntza erabiltzen duela, artatua izateko bera (bezeroa) hizkuntzaz aldatzera behartu gabe.

Eta zer egin gure hizkuntza eskubideak urratzen direnean? Elebidera jo, zalantzarik gabe. Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

Elebidek honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

  1. Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
  2. Herritarrak sentsibilizatzea.
  3. Aholkularitza eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean.
  4. Kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  5. Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

 

www.poziktibity.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)