Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Zestoako Osasun Zentro berriaren inaugurazioan izan da

2015.eko urriak 09

Profesionalak lanean buru-belarri aritzen direla eta inplikatu egiten direla nabarmendu du lehendakariak, eta, horri, inbertsioei eta kudeaketa zorrotzari esker, Euskadik duela estatuko zerbitzu sanitariorik onena

Iñigo Urkullu lehendakariak, Osasuneko sailburu Jon Darpon ondoan zuela, Zestoako Osasun Zentro berria inauguratu du gaur. Lehendakariak gogorarazi du berriki egindako azterketa baten arabera, Euskadin dagoela estatuko zerbitzu sanitariorik onena, inbertsioei, kudeaketa zorrotzari eta «profesionalak lanean buru-belarri aritzeari eta inplikatzeari» esker.

Gipuzkoako azpiegitura sanitario berri honetarako 600.000 euroko inbertsioa egin da eta 3.500 herritar ingururi eskainiko die arreta. Zentro berriak 552 metro koadro izango ditu, eta aurrekoa ordezteko altxatu dute (lehengoak 172 metro koadro zituen). Espazio zabalagoa eta kokapen berria (Euskal Herria plaza 2 eta 3) ez ezik, pazienteei irisgarritasun handiagoa ekarriko die, kalearen maila berean baitago.

Ekitaldian, lehendakariak Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak (FADSP gaztelaniazko sigletan) berriki jakitera emandako azterketa bateko datuak azaldu ditu eta, datu horien arabera, Euskadin dago zerbitzu sanitariorik onena. Horrez gain, lehendakariak gogorarazi du hamar herritarretatik ia bederatzik uste dutela Osasunerako Euskal Sistemaren funtzionamendua positiboa dela.

Eta adierazi du lorpen horiek «inbertsioak egiteaz eta kudeaketan zorrotzak izateaz gain, langileak lanean buru-belarri aritzen direlako eta inplikatu egiten direlako» ere erdiesten direla.

INSTALAZIO BERRIAK

Irisgarritasuna hobetu da, zentro berria kale mailan dagoelako; barrutik nabarmen gehiagotu da instalazioen erosotasuna, handiagoak baitira itxarote-gelak; eta kontsulta gehiago dago erizaintzan eta medikuntzan. Gainera, sendaketak eta probak egiteko eremuak egokitu dira mugikortasun murriztua duten pertsonak hartzeko. Hori guztia gutxi balitz bezala, taldeko jarduerak egiteko gela bat dago. Goizeko zortzietatik arratsaldeko hirurak arte egongo da irekita, astelehenetik ostiralera. Medikuntza Orokorreko hiru medikuk eta Pediatria eta Medikuntza Orokorreko hiru erizainek artatuko dituzte pazienteak; eta horiekin batera bi administrarik eta astero etorriko den emagin batek osatzen dute pertsonala. Profesionalek hobeto lan egin ahal izango dute elkarrekin bilera-gela berrian eta liburutegian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Josetxo Mendizabal, alcalde de Zestoa