Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzak 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Plana onartu du, 11.000 milioi euro mobilizatuko dituena

2010.eko uztailak 27

Bernabé Unda: "Planak euskal enpresen ahalmen berritzailea bultzatuko du".

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Plana onartu du gaur, legealdi honetan Euskadiko lehiakortasuna munduko egungo testuinguru ekonomikoa gidatuko duen dokumentua, alegia.

Plana Legebiltzarrean aurkeztuko da, bertan eztabaida eta behin betiko onar dezaten, eta euskal enpresen ahalmen berritzailea bultzatuko du, baita sektoreen, lurraldeen, teknologien, erakundeen eta gizakien arteko harremanak erraztu ere, geroz eta lehiakorragoak, nazioartekotuagoak eta globalagoak diren merkatuetara hobeto egokitutako moduan jarduteko aukera emango duten sinergiak lortze aldera.

Proiektua garatzeko 11.000 milioi euro inguru mobilizatuko dira, eta sektore publikotik nahiz pribatutik lortuko dira.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egin du plana, baina Eusko Jaurlaritzaren beste sailen lankidetza handia izan du, baita Euskadiko beste instituzio, erakunde pribatu, antolakunde eta eragile sozioekonomiko batzuen lankidetza ere.

Planaren hausnartze-prozesuan Ikuspegi Orokorreko Mahai batzuk sortu dira, euskal enpresa eta antolakunde garrantzitsuenetako 40 zuzendari baino gehiagoren parte-hartzearekin. Era berean, ikuspegi tematikoko Lantalde batzuk abian jarri ziren, 250 pertsona baino gehiago horietarako deituta.

Eusko Jaurlaritzaz eta enpresez gain, honako hauek ere parte hartu dute lanean: enpresa-erakundeak, klusterrak, sindikatuak, merkataritza-ganberak, gizarte-ekonomiako erakundeak, lehiakortasun-politikan inplikaturiko foru-aldundietako arduradunak, unibertsitateak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak, garapen-agentziak, industria-politikako espezialistak, lehendakariaren Aholku Batzordea, etab. Eta zeregin bereziki garrantzitsua izan dute Orkestrak (Lehiakortasuneko Euskal Institutua), Euskalitek eta Innobasquek.

Plana egiteko prozesuan, martxan jarri ziren sei Lantaldeek beste eztabaida-gai batzuetan lan egin zuten: Berrikuntza, Nazioartekotzea, Iraunkortasuna, Pertsonak, Elkarren arteko Harremanak, baita Mahai Orokor bat ere.

Aurreko 2006-09ko Enpresa Lehiakortasuneko eta Gizarte Berrikuntzako Planaren eta 2000-03ko Ekonomia Sustatzeko Erakundearteko Planaren metodologiarekiko berrikuntza batzuk egin dira. Berrikuntza horien barruan, dokumentuaren urteko berrikuspen bat aurreikusi da, eta Merkataritzaren, Turismoaren eta Energiaren esparruak gaineratu dira Planaren barruan integratuta. Dokumentuan, proposatutako ekintza bakoitzaren praktikan jartzea kudeatuko duten arduradun zehatzak identifikatu dira.

Planaren lan-ildoaren helburua da Euskadi lehiakor eta iraunkor bat lortzea, iraunkortasunaren hiru osagaiak kontuan hartuta: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Horretarako, dokumentua hiru ardatz estrategikotan banatzen da: lehen ardatzaren helburua da ekonomia irekia lortzea; bigarrenaren helburua da ekonomia berritzailea, ekintzailea eta teknologikoki aurreratua lortzea, eta hirugarrenaren helburua da ekonomia iraunkorra lortzea.

Aldi berean, ardatz horiek 14 jardun-ildoren eta 30 ekimen zehatzen bitartez garatzen dira. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lehiakortasun-arloko politika osoaren bidea markatzeko balio du planak, eta, era berean, beste sail batzuek aurreikusitako ekintzak ere biltzen ditu.

Planaren helburu nagusia da Euskadiren hazkunde ekonomikoa sustatu eta bultzatzea. Aldez aurreko pauso gisa, AMIA analisi bat jasotzen du, euskal ekonomiaren ahuleziak, indarrak, mehatxuak eta aukerak biltzen dituena.

Era berean, Euskadin lehiakortasunarekin lotutako politikan indartuko diren balio batzuk gaineratu dira, hala nola ekintzailetza, ahalegina, irmotasuna, bikaintasun, kalitate eta zorroztasunarekiko gustua, aldaketarako eta mundurako irekia egotea, edo pertsonen eta erakundeen erantzukidetasuna.

Iruzkin bat
  • @latejo
    2010.eko uztailak 27

    Comentario de Twitter:
    Aprobado el Plan de Competitividad Empresarial 2010-2013 http://bit.ly/dgFLHr

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda