Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kontserbatzeko Eremu Berezi - KEB izendatu du Entzia (Araba). (2015-10-06(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 06

Dekretua, Entzia Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110022).

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Kontserbatzeko Eremu Berezi - KEB gisa izendatu du Entziako gunea, Araban. Europako Batzordeak jasotako mugapena da, Natura 2000 Sarean sartua. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, Entzian, bermatuta egongo da Europako zuzentarauan ezarritako Batasunaren intereseko habitat naturalak eta fauna eta flora basa-espezieak kontserbazio-egoera mesedegarri batean zaintzea eta lehengoratzea.

Entziako gunean -zehaztu du Oregi sailburuak-, Batasunaren intereseko 19 habitat mota egiaztatu daude gutxienez; horietatik, bost lehentasunekoak dira. Guneak gutxienez 28 espezie hartzen ditu barruan; hori dela-eta, 1997an, Natura 2000 Europako Sare ekologikoan sartu zuten, BLG gisa.

KEB horren mugaketak ez dakar aldaketa garrantzitsurik espazioaren mugei dagokienez, ez eta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioengan ere. Europako Batzordera bidaliko da, eguneratu dezaten. KEB izendatzeko prozedurak herritarren iradokizunak jaso ditu, gizarte nahiz ekonomia mailako eragileak bildu dituen herritarren parte-hartze prozesuaren bidez. Parte hartzeko kanalak zabalik egon dira izapidea iraun bitartean, interesdunentzako komunikazioen eta egoitza elektronikoaren bitartez -zehazki, http://www.euskadi.net/natura2000 webgunean, non eguneraturik mantentzen baita izendatze-prozesu horri buruzko informazioa.

Iturrietako mendiak, Entziako mendikatea eta inguruak Euskadiko trantsizio-mendietan daude, eta ipar-mendebaldetik datozen haizeen bigarren orografia-oztopoa da. Goi-ordoki bat da, 927 bat metrokoa, eta 1.000tik gora metroko mendiak ditu inguruan. Mendebaldean heltzen da kota garaienera (1.197 m, Baio mendian), eta iparralde eta mendebaldeko harkaitz-pendizak dira erliebe-aldaketa nabarmenenak.

Akuiferoa
Lur karstikoa denez, lur azpitik doa ur gehiena; akuifero garrantzitsua da, eta errekasto txikien bidez isurtzen ditu urak Ebro ibaian.

Landare-paisaia, non hostozabalen baso handiak nagusitzen baitira, eremu azpikantauriarrean sartzen da. Trantsizio-eremu bat da, eskualde biogeografiko atlantikoaren eta mediterraneoaren artean. Hala, pagadiek azalera zabalak hartzen dituzte goi-ordikoaren kota ertain eta garaietan, txilardi eta bazkaleku menditarrekin aldizkatuta. Kota baxuagoetan, erkameztia da nagusi bi isurialdeotan, bai eta bazkaleku mesofiloak, sasiarteak eta ipurudiak ere, mendeetan zehar gunean garatutako basogintzako eta abeltzaintzako erabilera medio.

Paisaia heterogeneo horrek basoko gune batzuetako kontserbazio-naturaltasun onari eustea lortu du, hein handian lurralde- eta toki-administrazioek, erakundeek eta biztanleek egindako lanari esker. Hala, fauna aberatsa hartzeko aukera ematen du, ziur aski, EAEko komunitate ugari eta dibertsoena. Nabarmentzekoak dira hegazti harkaiztarrak eta basoko hegazti harrapariak. Era berean, ibai garrantzitsurik ez dituen arren, hezegune eta padura ugari aurkitu daiteke inguruan; gunearen kokaleku estrategikoarekin batera, herpetologiako komunitate aberatsa garatzeko aukera eman dute. Bertan, elkarrekin bizi dira mediterranear eta eurosiberiar jatorriko espezieak.

Guneak interes handiko flora hartzen du barruan, halaber. Nabarmentzekoak dira harkaitzetako landaredia, non espezie bitxiak baitaude, esaterako, Armeria pubinervis, Erodium glandulosum Arenaria vitoriana; baita landare hezezaleak, Triglochin palustris eta Ranunculus auricomus, adibidez; eta pagadietako landareak, non aurki baitaitezke Arnica montana eta Dryopteris carthusiana urriak.

Entziako (ES2110022) Kontserbatzeko Eremu Bereziak (KEB) 10.006 hektareako zabalera dauka eta Arabako ekialdean dago. Nafarroako Urbasako mendikatearen jarraipena da. 1.000 metroko garaieran kokatutako goi-ordoki bat da, eta aldapa handiak ditu iparraldean dagoen Arabako Lautadarantz eta hegoaldean dagoen Haranerantz . Entziaren iparraldean Asparrena dago; mendebaldean, Agurain; hego-mendebaldean, Arraia-Maeztu eta, ekialdean, Kanpezu eta Harana. KEBren barnean Entzia-Iturrietako Partzuergo Orokor osoa dago, baita Gipuzkoarro-Nazazaharra nahiz Atxuriko Partzuergo Orokorra ere.

Klimak
Gailur hauek zehazten dituzte KEBaren mugak: Legunbe, Baio, Arrigorrista, Santa Elena, Arburu, Abitigarra, San Cristóbal eta Murube, besteak beste. Hego-mendebaldean, alde batetik, Berron ibaiak eta, bestetik, Sabando ibaiak zehazten dute KEBa. Babes Eremu Periferiko bat ezarri da, perimetro-itxurako banda batek osatua: 100 bat metroko zabalera izango du, KEBaren mugaren kanpoalderantz.

Eremuaren azalera osoaren % 45 Iturrietako, Entziako, Gipuzkoarro-Nazazaharra eta Atxuriko Partzuergoei dagokie; era berean, erabilera publikoko mendi dira. Lurrak ez daude udalerri bateko jurisdikzioari atxikiak. Lurra partzuergo bakoitzari dagokio, eta partzuergoetako herrien artean banatzen da. KEBaren gainerako azalera udalerri hauetan sartzen da: Donemiliaga, Arraia-Maeztu, Kanpezu, Harana, Asparrena eta Agurain. Hala, KEBaren eremuaren % 97,4 titulartasun publikoko lurretan kokatua dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau