Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

10,8 milioi, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak sustatzeko. (2015-10-06(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 06

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 3.595.500 euro bideratuko ditu enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzera, Lanbideren bulego-sarearen bitartez eta hainbat erakunderekin elkarlanean, zerbitzua gehiago garatzen laguntzeko.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Programarako diru-laguntzen deialdiari oniritzia eman dio gaur. Diru laguntzaren kopurua 10,82 milioi eurokoa da. Programa horren bidez, lana bilatzen ari diren edo galtzeko arriskuan dauden pertsonek lanerako prestakuntza-ekintzei, autoenplegurako prestakuntzari eta lana aktiboki bilatzeari buruzko banakako aholkularitza jasotzen dute, orientazioaren arloko profesionalen eskutik, etorkizunean lan-merkatuan sartu ahal izateko beharrezko aurretiko pauso gisa.

2014an, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego-sareak eta erakunde laguntzaileek 323.077 esku-hartze egin zituzten eta horien bitartez 118.118 pertsonari lagundu zieten.

Arreta pertsonalizatua da langabezian dauden pertsonen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko bermerik onena. Enplegurako orientazio-zerbitzuen definizioa honako hau da: pertsona bakoitzaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera eman eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak martxan jartzeko prozesua kudeatzea ahalbidetzen duten informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak dira.

Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten erakundeek beraien esperientzia akreditatu beharko dute; era berean, lan-orientazioko ekintzen kalitatea eta efizientzia bermatzeko zer baliabide material eta zer giza baliabide dituzten akreditatu beharko dute. Ekintza horien artean, honako hauek daude: lan-aukeren balorazioa, diagnostiko indibidualizatua egitea eta profila zehaztea; enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea; ibilbidean laguntza pertsonalizatua ematea, eta enplegu-eskaerak ikusita beste aukera profesional batzuk identifikatzeko aholkularitza ematea.

Era berean, orientazio-zerbitzuek garatu beharreko neurrien artean, gai hauei buruzko informazio-saioak egitea nabarmentzen dira: lan-merkatuari, enplegurako politika aktiboei eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzkoak.
Orientazio-zerbitzuak honako jarduerak barne hartuko ditu:

a) Lan-merkatuaren, enplegurako politika aktiboen eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzaren gaineko informazioa ematea.
b) Diagnostiko indibidualizatua egitea eta profila zehaztea.
c) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatzea.
d) Ibilbidean laguntza pertsonalizatua ematea eta jarduera-konpromisoa betetzea.
f) Enplegua aktiboki bilatzeko teknikak aholkatzea eta erabiltzea.
g) Beste aukera profesional batzuk identifikatzeko informazioa eta aholkularitza ematea.
h) Kontratatzen laguntzeko eta enpresetan txertatzen laguntzeko tresnei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea.

Desabantailan dauden taldeak

Bigarren laguntza-deialdia, 2.924.340 eurokoa, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonek (ijitoak, erregimen irekiko presoak, desgaituak eta bazterketa- edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak) orientazio-ekintzak egiteko eta orientazio-zerbitzuak emateko izango da. Orientazio-ekintza eta -zerbitzuoi esker, kolektibo horietako pertsonen lanbide-trebakuntza eta lan-merkatuko posizioa hobetuko dira.

Lanbidek baimendutako zentro pribatu nahiz publikoek egingo dituzten jarduerak aurreko atalekoen berberak dira, baina langile espezializatuek garatuko dituzte.

2014an onartutako deialdia 2014eko urriaren 4tik 2015eko irailaren 30era garatu da, eta 16.003 onuradun izan ditu.

Prestakuntza-ekintzak enpresetan

Azkenik, hirugarren laguntza-ildoa, 4.300.000 eurokoa, langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea xede duten eta enpresek programatzen dituzten prestakuntza-ekintzak egitearekin lotuta dago. Lanbidek kudeatzen du programa, eta Hobetuz Fundazioaren laguntza du.

4,3 milioi euro 35 langile baino gehiagoko enpresen edo 50 baino gehiagoko enpresa-taldeen prestakuntza-jarduera estrategikoetara bideratuko dira, langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko. Laguntza horiek bateragarriak dira Espainiako egungo prestakuntza-sisteman aurreikusitako hobariekin.

Prestakuntza-ekintzok EAEko lan-zentroetan gauzatuko dira, eta gutxienez 6 ordukoak eta gehienez 270ekoak izan beharko dira. Halaber, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira.

Langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzea xede duten prestakuntza-ekintzak sustatzen dituzten enpresak eta enpresa-taldeak izan daitezke laguntzen onuradunak.

Enpresa-kopurua: 640
Azaldutako-kopurua: 31.913 azaldutako langileak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau