Berriak Lehendakaritza
Eu

«Diasporizatu» leloa aukeratu du Eusko Jaurlaritzak bihar hasiko den kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrerako. (2015-10-06(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko urriak 06

LABURPENA

22 herrialdetatik etorritako euskal jatorriko ehun bat lagun bilduko dira Gasteizen, urriaren 7, 8 eta 9an
Diasporizatu hitzak euskal diasporaren harreman sozial, ekonomiko eta kulturaletan sakonduz mundu globalizatu berriaren exijentziei erantzutea esan nahi du
Euskal diaspora etorkizunera begira jarriko du, harreman ekonomiko eta kulturalak sortzeko
Diasporen arloko mundu mailako aditu Kingsley Aikins irlandarrak, diasporize terminoaren asmatzaileak, irekiko du Batzarra asteazkenean, hilak 7
Batzarretik Eusko Jaurlaritzak kanpoan bizi den euskal komunitatearen inguruko datozen lau urteetarako politikak finkatzeko proposamen bat aterako da

Eusko Jaurlaritzak Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarra antolatu du urriaren 7, 8 eta 9rako, Gasteizko Montehermoso Jauregia-Oihaneder Euskararen Etxean, euskal gizartea diasporizatzea helburu. Diasporizatu leloarekin, exekutiboak Euskadiko gizartearen eta mundu osoko euskal etxeen artean harreman-oinarri berriak ezarri nahi ditu, mundu globalean elkarrekin hazi ahal izateko.

Euskal Gizataldeen Batzarra lau urtean behin egiten da, eta oraingoan, Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako 22 herrialdetako ordezkariak bilduko ditu. Montehermoso Jauregian egingo diren lan-jardunaldietan 100 bat pertsonak parte hartuko dute.

Diasporizatu
Diasporizatu da aurtengo batzarrerako aukeratutako leloa. Euskadi beste emigrazio-garai bat izaten ari da, eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, orain arte arlo horretan egindako lana aitortu eta baloratu egin behar da. Gainera, batetik, euskal etxeen eta federazioen, eta bestetik, jatorrizko lurraldearen, Euskadiren artean, harreman-oinarri berriak eraiki nahi dira.

VI. batzar honetarako aukeratutako Diasporizatu leloaren bidez, euskal diasporak hemendik aurrera zer izan behar duen adierazi nahi da: harreman sozial, ekonomiko eta kulturaletan sakondu behar du, mundu globalizatu berriaren exijentziei erantzuteko, eta aldi berean, Euskadirekin elkarrekintzan aritu.

Lehendakariak Boiseko Jaialdira egin zuen bisita ofizialean honela adierazi zuen: Euskadin bizi garenok atzerrian dauden euskal gizataldeen indarraz, bizitasunaz, garrantziaz eta ahalmenaz jabetzea da gure helburua. Mundu globalagoan elkarrekin haztea.

3 lan-ildo
Batzarrak iraungo duen hiru egunetan, ordezkariek Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko proposamen-dokumentu bat landu beharko dute. Dokumentu hori kanpoan bizi den euskal komunitatearekin lotutako datozen lau urteetarako politikak finkatzeko oinarria izango da.

Eusko Jaurlaritzak hiru lan-ildoren inguruan eztabaidatzea proposatu du: belaunaldien txandakatzea eta emakumeek euskal etxeetan eta federazioetan daukaten eginkizuna; euskal etxeen etorkizuna, euskal emigrazio berriarekin lotuta; eta Global Basque Network sarearen hazia izango den erakundeen arteko harreman-sarea eta loturak.

Lan-jardunaldiak
Hilaren 7, 8 eta 9an, Eusko Jaurlaritzak kanpoan bizi den euskal komunitatearekin zerikusia daukaten proiektuak azalduko ditu, adibidez:

  • Euskal emigrazioaren ahozko lekukotzak biltzeko Memoria Bizia programa;
  • hemendik aste batzuetara 7.000 liburuz osatutako katalogo bat eskainiko duen eLiburutegia plataforma;
  • euskal jatorriko 10.000tik gora pertsonari buruzko informazioa biltzen duen Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen entziklopedia biografikoa.

Euskal etxe eta federazioekin lotutako gaur egungo eta etorkizuneko gaiak lantzeko denbora ere izango da. Hiru egun horiek eztabaidatzeko eta lan egiteko izango dira eta Batzarra irekitzeko hitzaldia egingo duen Kingsley Aikinsen presentzia nabarmendu behar da. Diasporen arloko munduko aditu nagusietako bat da, eta une honetan, mundu osoko hainbat agintariri eta gobernuri aholkularitza ematen ari da.

Mugarri nabarmenak

Bihar, asteazkena, urriak 7, lehendakariak Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarra irekiko du, eta Aikinsen diasporizazioari buruzko hitzaldiaren ondoren, inauguratuta geratuko da. Ostegunean, urriak 8, Euskara Munduan programaren 25. urteurrenari eta Memoria Bizia proiektuari buruzko aurkezpenak eta emakumeek kanpoko euskal komunitateetan daukaten eginkizunari buruzko eztabaida nabarmenduko dira. Halaber, egun horretan, kanpoan diren gizataldeek Aholkularitza Batzordean izango dituzten ordezkari berriak aukeratuko dira.

Azkenik, ostiralean, urriak 9, 2016-2019 aldirako Lau Urteko Planaren proposamena itxiko da, eta batzarra bukatu ondoren, lehendakariak Lehendakaritzan hartuko ditu batzarkideak.

Ostiraleko amaierako ekitaldian, William A. Douglass antropologo estatubatuarrak, Mr. Basque ezizenekoak, kanpoan diren euskal gizataldeen eta Euskadiko erakundeen arteko gaur egungo harremanari buruzko hitzaldi bat emango du.

Testuingurua
Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako 8/1994 Legeak, maiatzaren 27koak, xedatutakoaren arabera, honako hauek dira Batzarreko eskubide osoko kideak:
- Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeko kideak
- Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak
- Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen talde parlamentario bakoitzeko kide bat
- Federazio bakoitzeko hiru ordezkari
- Federaziorik ez dagoen herrialde bakoitzeko euskal etxeetako hiru ordezkari

Honako herrialde hauetako euskal gizataldeen ordezkariek baieztatu dute Batzarrean izango direla: Alemania, Argentina, Australia, Belgika, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia, Mexiko, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Erresuma Batua, Uruguai eta Venezuelakoek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau