Berriak Segurtasuna
Eu

Ekinbideren eskumenak Segurtasun Sailaren ardura guztietara zabalduko dituzte

2015.eko urriak 06

Ekinbide-Segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritar-ekimenen Bulegoarena

Administrazioak bermatu beharreko eskubidea da herritarrek, eragiten dieten gai publikoetan, parte hartzeko eta hitz egiteko bideak eta tresnak edukitzea. Herritarren eskubide unibertsala eta Administrazioaren betebehar orokorra den hori haien segurtasunari buruzko gaiei ere aplikagarri zaizkie. Horregatik, hain zuzen, EKINBIDE Euskadiko segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritar-ekimenen bulegoa sortzeko, eta haren osaera eta funtzionamendua arautzeko, gobernu-kontseiluak dekretua onartu zuen joan den irailaren 29an. Dekretua atzo argitaratu zen EHAA-n.

Dekretu horren bidez, Ertzaintzaren polizia-zerbitzuak hobetzeko ekimenen bulegoak barne hartzen zuena Euskadiko segurtasun publikoaren sistemaren antolamendu osora zabaltzen du Segurtasun Sailak.

Segurtasun Sailaren mendeko poliziaz kanpoko administrazio-zerbitzua da EKINBIDE, eta herritarrei iradokizunak, esker onak, kexak, salaketak edo erreklamazioak helarazteko erraztasunak ematea du helburutzat, era horretan, jasotzen duten segurtasun publikoaren sistema eta ematen zaizkien zerbitzuak hobetu ahal izateko, betiere zerbitzu horien kalitatea hobetzea eta Administrazioak segurtasunaren arloan bermatzen dizkien zerbitzu horiekiko konfiantza sortzea xedetzat hartuta.

Segurtasunaren, larrialdien eta babes zibilaren arloan eskumenak dituzten EAEko agintari guztiei, EAEko polizia-kidegoei, udaltzainei eta mugikortasuneko udal-agenteei eragiten die EKINBIDE berriaren jarduera-esparruak, bai eta honako zerbitzu hauei ere: larrialdietakoei, suteei aurrea hartzeko eta suteak itzaltzekoei, salbamendukoei eta larrialdien eta babesa zibilaren euskal sistema osatzen duten gainontzeko zerbitzuei.

Aipatutako zerbitzu eta agintariek emandako zerbitzuei buruzko esker onak, kexak edo iradokizunak jasotzeko postontzia izango da Ekinbide, bai postaz bai bitarteko telematikoak erabiliz.

Segurtasun Sailak eman edo koordinatutako zerbitzuak direnean, Ekinbidek beharrezko diren azterketak egingo ditu, eta ondorioak zein hobetzeko hartutako neurriak gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko dizkie interesdunei.

Baldin eta ekimena beste administrazio batzuek emandako zerbitzuei badagokie, horietara bideratuko du, erantzuna horiek eman dezaten, betiere ez badio Ekinbideri agindu horrelako kexen tratamendua. Horrelako kasuetan, Ekinbidek jardunari buruzko informazioa eskatu ahal izango dio eskumena duen administrazioari.

Aurkeztutako ekimen guztien jarraipena ere egingo du Ekinbidek, zerbitzuetan egokiak diren hobekuntzak proposatu ahal izateko. Halaber, bere jardueren urteko memoria ere egingo du, eta Eusko Legebiltzarrari eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluari igorriko die.

Gobernu Kontseiluaren bileran dekretua onartuta, Segurtasun Sailak EKINBIDE zerbitzuaren berri emateko konpromisoa hartu du eta, horrez gain, beharrezko diren inprimakiak eta tresnak ere emango ditu herritarrek dekretuak barne hartzen dituen jarduera-esparru guztietan erraz erabili ahal izan dezaten.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko urriak 06

    Comentario de Twitter:
    Ekinbideren eskumenak Segurtasun Sailaren ardura guztietara zabalduko dituzte... http://t.co/MwiYndObgL

Komunikabideek behera kargatzeko