Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko du Konstituzio auzitegian beste behin, Espainiako bi lege berrik eskumenak urratzen dituztelako

2015.eko urriak 06
  • Legegintzaldi honetan, 20tik gora aldiz egin dute talka Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak, Konstituzioan ezarritako eskumenak urratzea egotzita batek zein besteak onartutako hainbat legeri
  • Eusko Jaurlaritzak onartu berri du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzuen eta Prestazioen Karterari buruzko dekretua 

Gobernu-kontseiluak bi konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso aurkeztea onartu du gaur, hain zuzen, Espainiako bi lege hauen aurka: 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Lan-ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzekoa, eta 1/2015 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 24koa, Medikamentuen eta osasuneko produktuen erabilera arrazionala bermatzeko legearen testu bategina onartzekoa. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, bi arau horiek Gernikako Estatutua urratzen dute, baina ez da hori gertatzen den lehen aldia, dagoeneko hamaikatan jo behar izan duelako Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegira antzekoak salatzera.

Erkorekak esan duenez, lehen kasuan Espainiako gobernuak beretzako gorde du langabeziagatiko prestazioak eta sorospenak kobratzen dituzten pertsonek egiten dituzten zenbait arau-hauste zehatzeko eskumena. Bigarrengoz legegintzaldi honetan, arau-hausteak jakinaraztera mugatu beharko da Lanbide, zehapen-prozesuak abiarazteko edo ebazteko gaitasunik gabe utzi duelako Espainiako gobernuak.

Espainiako bigarren legearen, farmazia anbulatorioko koordainketaren, harira, ordaintzeko zenbatekoa eta farmazia anbulatorioko koordainketaren onuradunen salbuespen-kasuak arautzeari dagokiona aurkaratu genuen. "Eskumen-talka hori ere ez da berria; beste hiru aldiz izan dugu, eta Auzitegi Konstituzionala dagoeneko aztertzen ari da", azaldu du.

Kupoari buruzko adierazpenak

Prentsaurrekoan, zenbait agintari politikok egindako adierazpenen gainean galdetu diote Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari. Arduratuta agertu da, eta marko juridiko, historiko eta ekonomiko batean dagoen Kontzertu Ekonomikoari zilegikotasuna kentzeko kanpaina baten barruan egin dituztela esan du. Ildo horretatik, kontzertuak Konstituzio Auzitegiaren babesa ere baduela gogorarazi du.

Legebiltzarrean bizikidetzari buruzko ponentzia bat sortzeko Alderdi Popularraren proposamenari dagokionez, Erkorekak adierazi du alderdien arteko elkarrizketa indartzeko planteamendu guztiak «onuragarriak eta positiboak» iruditzen zaizkiola.

Gizarte zerbitzuen euskal sistemako prestazioen kartera

Bestalde, Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du Gizarte Zerbitzuen euskal sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera arautzen duen dekretua, hala, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako zerbitzu eta prestazioetarako eskubideari zehaztasun praktikoa emanik. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azakdu duenez, dekretu hori beharrezkoa da Gizarte Zerbitzuen Legea gauzatzeko, eta bertan zehaztu dira zerbitzu bakoitzaren izaera, helburua, hartzaileak, eskuratzeko eskakizunak eta ordainketa partekatua duen ala ez.

Bestalde, Toñari Adegiren presidenteak gazteak lan-merkatuan sartzearen gainean egin dituen adierazpenei buruz galdetu diote. Enpleguko sailburua ez da horiekin ados agertu, eta esan du ez zaiola bidezkoa iruditzen beren trebakuntzarekin bat datorren enplegu egokirik aurkitzen ez duten gazte prestatuei buruzko iritzi orokorrak egitea. «Enpresaburuei dagokie gazte horienganako konfiantza agertzea», amaitu du.

Gai-zerrenda (2015-10-06)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.10.06)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)