Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Daimler / Mercedes-Benz Taldearen egoitza nagusia bisitatuko du astelehenean, Alemanian, Gasteizko lantegirako etorkizuneko proiektua ezagutzeko

2015.eko urriak 03
  • Lehendakaria Mercedes-Benzeko munduko arduradun gorenekin bilduko da.
  • Gasteizko planta Vito eta V Klasea modeloak ekoizten dituen Europako bakarra da.
  • Arantxa Tapia sailburuak Alemaniako bisitarekin jarraituko du bertoko industria 4.0 ezagutzeko

Iñigo Urkullu lehendakaria Sttuttgartera (Alemania) joango da astelehenean, automobilgintza sektoreko Daimler multinazionaleko arduradun gorenekin biltzeko; Mercedes-Benzek Gasteizen duen plantaren jabea da Daimler, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzaren industria-politikaren barruan sartzen den bisita estrategiko bat da, Euskadin baitago Vito eta V Klasea modeloak ekoizten dituen Europako planta bakarra. Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren % 2,9 eta esportazioen % 8,3 lantegi horri dagozkio eta lehendakariak zuzenean ezagutuko ditu lantegi horretarako etorkizuneko proiektuak .

Urkullu lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal joango dira. Mercedes-Benzen, Mercedes-Benz Vans saileko arduradun nagusi eta Administrazio Kontseiluko kide Wilfried Porthekin, presidenteorde exekutibo eta furgoneten arloko zuzendari Volker Mornhinwegekin eta Gasteizko plantako zuzendari Emilio Titosekin bilduko dira.

Automobilgintza, sektore estrategikoa Euskadirentzat

Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, automobilgintzaren sektorearekin lotutako fabrikazio aurreratua lehentasun estrategikotzat jotzen da. Mercedes-Benzen Gasteizko planta erreferentzia da arlo horretan; izan ere, 60 urte baino gehiagoren ondoren, eta bere bultzadari esker, 3.500 lanpostu zuzen sortzen ditu, eta zeharkako 13.000, bere enpresa hornitzaileen bidez.

Euskadiko plantak, Vito furgoneta eta V Klasea monobolumena ekoizten dituen Europako bakarrak, 100.000 unitate ekoizten ditu urtean; epe berean, 1.900 milioi euro inguru fakturatzen ditu. Zifra horiei jarraiki, EAEko barne-produktu gordinaren % 2,9 sortzen du, 2014ko datuen arabera.

LH dualaren aldeko apustua

2014tik, Eusko Jaurlaritzak eta Mercedes-Benzen Gasteizko plantak elkarlan-hitzarmen bat daukate, Lanbide Heziketa egiten duten pertsonei begira: ikasleen espezializazio maila handitzeko, enpresetan presentzia handiagoa ematen zaie, Alemaniako ereduari jarraiki. Gasteizko plantan aurrera eramaten den LH dualaren eraginez, prestakuntza-zikloaren bi heren plantan bertan egiten da, enpresako ekoizpenak eskatzen dituen kualifikazio mailei hobeto erantzuteko.

Arantxa Tapiak Alemaniako 4.0 Industria aztertuko du

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkaritza batek Alemanian jarraitzen du hainbat erakunde eta enpresekin hitzartua daukan agenda oparoa betetzen. Bidaiaren helburua da Alemaniako 4.0 Industriaren azken aurrerakuntzak ezagutzea, alemaniarrei Euskadi inbertsioetarako toki erakargarri bezala ezagutaraztea eta  lankidetza-bide berriak irekitzea euskal enpresentzat.

Alemaniako Gobernu Federalak industria arloan abiatua duen Benchmarcking-ean parte hartzen du Jaurlaritzak, eta, hortaz, bisitaldiak baita ere balioko du ikusteko zein egoeratan dagoen euskal industria 4.0 Industriako joera aurreratuenen aldean.

Horretarako, urriaren seian, asteartean, Arantxa Tapia sailburua buru duen euskal ordezkaritzak bilera bana izango du Berlinen ACATECH-Deutche Akademie der Technikwissenschaften-ekin (Zientzia eta  Ingenieritzako Akademia Nazionalarekin) eta  Ekonomia eta Energiako Ministerio Federalarekin, eta  aeronautikako  koordinazio departamenduko arduradunekin mintzatuko da.

Urriaren 7an, Berlinen baita ere, euskal ordezkaritzak jardunaldi bat egingo du BVMWrekin (Alemaniako Enpresa Txiki eta Ertainen Elkartearekin), eta bertara azalduko dira Alemanian kokatutako euskal enpresak eta Euskadin kokatutako enpresa alemaniarrak.

Ostegunean eta ostiralean, euskal ordezkaritza Baviera eta Baden-Württemberg-en izango da, eta bisitaldiak egingo ditu industriari aplikagarri zaizkion konponbide teknologiko eta berritzaileak eskaintzeko orduan erreferente diren zentroetara.

Ostegunean, urriaren 8an, sailburua Amberg-eko (Baviera) Siemens enpresara joango da  eta han konpainiako presidentearekin elkartu eta lantegia bisitatuko du. Ostiralean, agendako ekitaldiei amaiera emateko, Friedrichshafen-go (Baden-Württemberg)  ZF-FEZ  Ikerketa eta Garapen Zentroa bisitatuko du, aeronautika eta automozio arloan mundu mailako konponbideak eskaintzen dituen eta Euskadin ere ezarrita dagoena enpresa alegia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)