Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Irailean kontratazio kopurua hainbat gehitzeak % 14,6raino jaitsi du EAE-ko langabezia

2015.eko urriak 02

Mahats-biltze sasoia aurreratu izanak eta udan kontratua amaitutako irakasle kopuru handi batek berriz lanean hasteak eragin nabarmena izan dute Gizarte Segurantzako afiliazioen iraileko hazkundean: azken hamar urteetan izandako bigarren handiena, hain zuzen.

 

Lan-merkatua prekarizazio maila altuetan badabil oraindik ere –89.136 mila kontratuen artean, % 7,35 besterik ez ziren mugagabeak izan–, kontratazioek iragan irailean, udako geldialdiaren ondoren, izandako bultzadari esker, % 0,22 murriztu da EAEko langabezia-tasa. Gaur egun, Lanbiden, 155.422 pertsona daude enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta –joan den hilean baino 347 gutxiago–; hortaz, % 14,6ean kokatu da autonomia-erkidegoko langabezia maila.

Krisiaren aurretik, ohikoa zen irailean, abuztuko beheraldiaren ondoren, langabezia murriztea; Krisialdi ekonomikoan, ordea, ez da berriz errepikatu egoera hori. Guztiz bestela, aldi horretan, zenbaki negatiboetan itxi izan da beti iraila. Iragan hileko datuek aditzera ematen dutenez, dinamika hori alderantzikatu ez ezik, modu ukaezinean ere alderantzikatu da: % 14ean, hain zuzen. 

Urtetik urterako aldeari erreparatuz gero, ikus dezakegu 22 hilabetez jarraian murriztu dela langabezia, bai eta, orobat, gero eta gehiago zabaltzeko joera agertzen duela iazko hilabete bereko egoerarekiko aldeak ere. Hala, aurten, 2014ko maiatzean baino 14.115 langabe gutxiago zenbatu dira, % 8,33ko jaitsiera. 2013ko abendutik hona ez da urtetik urterako emaitza hoberik erregistratu. Gizonen artean % 11,24 gutxitu da langabezia; emakumeen artean, berriz, apalagoa izan da beheratzea: % 5,68.

Langabeziaren jaitsierak harreman zuzena du langabeen adinarekin: zenbat eta gazteagoa langabea, gero eta nabarmenagoa jaitsiera. Lurralde Historikoka, Gipuzkoak agertzen du joera hoberena, % 8,94 jaitsi baita langabezia; jarraian, Araba dator, % 8,18 beheratuta, eta Bizkaia, % 8,06 jaitsita.

Hiriburuen eta eragin handiko eskualdeetan jaitsi da gehien langabezia: Bilbo (–2.172), Ezkerraldea (–1.847), Vitoria-Gasteiz (–1.692), eta Donostia - San Sebastián (–1.050). Termino erlatibotan, hauek izan dira portaera hobereneko eskualdeak:  Arabako Errioxa (–% 16,1), Arratia – Zornotza (–% 14,5), Urola Erdia (–% 13,7), Durangaldea (–% 12,6), Tolosaldea (–% 11,6), Urola Garaia (–% 11,2), Arabako Mendialdea (–% 11,1) eta Arabako Lautada (–% 11,0).

 

Gizarte Segurantzako afiliazioa

Euskadiko Autonomia Erkidegoan laneko altan dauden afiliatuen kopuruak 6.116 afiliatu gehiago ditu; hau da, % 0,69ko gehikuntza. Azken hamar urteetako bigarren handiena da, 2010eko irailekoaren atzetik.

Araban ikus daiteke afiliazio kopuruaren bilakaera hoberena: 2.809 afiliatu gehiago ditu; hau da, % 1,97ko igoera. Hilabete honetan Arabako Errioxako mahats-biltze lanak abiarazi izana da, hain zuzen, Arabako bilakaera bikainaren arrazoietako bat.  Jokabide bikaina agertzen du Bizkaiak ere, % 0,58 gehituta; Gipuzkoan, aldiz, apalagoa izan da gehikuntza: % 0,24. Lehen-sektoreaz gain (batez ere Araban), hauek izan dira EAEko afiliazioaren joera onean eragina izan duten beste sektore batzuk: ostalaritza, % 5,91eko hazkundearekin, eta hezkuntza-sektorea, % 2,67ko hazkundearekin.

Ostalaritzan, uda-sasoiko geldialdiaren ondoren lan-jarduera berriz hasteak azaltzen du goratzea. Ezin dugu ahaztu Euskadiko ostalaritza langileen kontsumoaren mendekoa dela, turisten kontsumoaren mendekoa baino gehiago. Hezkuntza arloko portaera ona, berriz, uda ondoren irakaskuntza-jarduerari berrekiteak azaltzen du. Gehien jaitsi den jarduera osasun- eta gizarte-zerbitzuen arlokoa da: 1.932 afiliatu gutxiago.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko urriak 03

    Comentario de Twitter:
    El fuerte aumento de las contrataciones en septiembre reduce el paro de la CAV hasta situarlo en el 14,6% http://t.co/YQC7EtYzSB

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)