Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadiko esne sektorearen egoera arintzen laguntzeko neurriak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak

2015.eko urriak 02
  • Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza neurri eratuko ditu esnetarako behi hazleentzat eta esne saltzaile zein erosleentzat
  • Euskadiko agente sektorialetako ordezkariak euskal administrazioekin elkartu dira esne sektorearen egoera aztertzeko

Eusko Jaurlaritzak deituta, Euskadiko Esne Sektorearen Batzordea elkartu da sektorearen egoera eta euskal administrazioek egoera horren aurrean hartu beharreko neurriak baloratzeko. Batzordeko kide dira bai Eusko Jaurlaritza, bai foru aldundiak, bai eta  sektoreko agente nagusiak ere (nekazaritza erakundeak, kudeaketa zentroak, sektoreko elkarteak, kooperatibak, esne erosleak, industria eraldatzailea, banaketa handia, etab.).

Gaur egun 436 ustiategi inguruk saltzen dute behi esnea Euskadin.  Merkaturatutako esne bolumena 165 milioi kilogramo inguru dira, eta ekoizpenaren balioa 65 milioi euro ingurukoa da, euskal nekazaritzaren azken ekoizpenaren ia %13.   

Azken hiletan esne sektorea egoera delikatutik igarotzen ari da Europar Batasunean. Krisi horren jatorri gisa aipatzen diren arrazoia ugari dira, besteak beste, hauek: esne kuotak kentzea, munduko produkzioaren gorakada handia, eskaera globalaren jaitsiera, enbargo errusiarra, etab.

Bileraren ondoren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu Bittor Orozek adierazi duenez, “Euskadin ere nabaritzen hasi da behi esnearen sektorea igarotzen ari den krisia, baina eragin txikiago izaten ari da, batez ere gure ekoizleen sektoreak duen egituraketagatik eta eraldaketari eta komertzializazioari estuki lotuta dagoelako”. Halere, Orozek gehitu duenez, “abeltzain gutxi batzuk (20 bat) krisiaren ondorioak pairatu dituzte aldi batean, prezioetan oso jaitsiera handiekin eta hainbat operadorerekin izenpetuta zituzten kontratuen likidazioarekin”.

Europar Batasunak krisiari erantzuteko proposatutako neurriak eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bultzatutako neurriak aztertu dira Euskadiko Esne Sektorearen Batzordean, eta, era berean, Esnetarako Behien Sektorearen Balio Katearen Egonkortasuna eta Iraunkortasuna lortzeko Akordioa baloratu ere egin da.

Oroz sailburuordeak azpimarratu du “euskal administrazioen asmoa da esnetarako behien sektorea egituratzen jarraitzea, eta eraldaketari eta komertzializazioari gehiago lotzea, batez ere Euskadiko 201-2020 LGPan onartutako neurrietan oinarrituta (ekoizleen elkarteak sortzea, eraldaketa eta komertzializazioa bultzatzea, sustapena, lankidetza, etab.)

Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Lehiatu Programaren barruan esne produktuen eraldaketa Proiektu Estrategikotzat hartzen dela; izan ere, horrek dakar eraldaketari lehentasun handiagoa ematea  laguntzak emateko orduan eta laguntzaren zenbatekoa handiagoa izatea, bai eta esnetarako behien ustiategietan inbertsioak egiteari bultzada handiagoa ematea eta ustiategi horiei lehentasuna ematea foru diputazioen laguntza planen barruan.

Sektoreari laguntzeko neurriak

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak laguntza neurri espezifikoak ezarri ditu jasotako esne bolumena handitu eta, horren ondorioz, inbertsioak egin eta langile gehiago kontratatu duten esne saltzaile eta erosleentzat; neurri espezifiko horiez gain, badira, halaber, esnetarako behi hazleek dituzten hainbat zailtasun arintzeko Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek elkarrekin sustatutako laguntzak. Esnearen salmenta prezioen jaitsierak, lurraldearen zati batean pairatutako lehortearen produkzio kostuetan izandako gorakadak eta sektorea berregituratzeko dituzten aparteko diru premiak dira, besteak beste, azken laguntza horiekin abeltzain horiei arindu nahi zaizkien arazoak. Era berean, hainbat ekimen garatuko dira esnearen kontsumoa bultzatzeko gizartean.

Bukatzeko, Esne Sektorearen Batzordeari jakinarazi zaionez, Dekretu bat izapidetzen ari da Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren zenbait eremuren baldintza higieniko-sanitarioen egokitzapenerako eta Esnekien Erregelamendu Teknikoaren garapenerako baldintzak ezartzeko.   

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)