Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-interpretazioko zentroek jarduera ugari egingo dituzte Hegaztien Mundu Eguna ospatzeko

2015.eko urriak 01
  • Euskadiko lehen ornitologia-maratoia
  • Salburuko Ataria zentroaren ekitaldiak gehituko zaizkie Urdaibai, Meatzaldea eta Txingudikoei

 

 

Urdaibai, Txingudi eta Meatzealdea-Peñas Negras ingurumen-interpretazioko zentroek, Salburuko Atarai zentroarekin batera, jarduera ugari programatu dituzte asteburu honetan Hegaztien Mundu Eguna ospatzeko. Hiri-biodibertsitatearen garrantzia ezagutaraztea eta gure inguruan dauden espezieak herritarrei hurbiltzea dute helburutzat jarduera horiek. «Hiri berdeagoak nahi ditugu» lelopean, Hegaztien Mundu Eguna Bird Life International erakundeak mundu osoan sustatzen duen ekitaldi global parte-hartzaileetako bat da.

 

Urdaibain, Euskadiko I. Ornitologia Maratoia antolatzen lagunduko du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak larunbatean, hilaren 3an. Urdaibaiko paduretan bisita gidatua antolatu du, gainera, goizerako, abifauna ezagutzearren. Arratsaldez, berriz, hiri-jantokiak egiteko tailerra egongo da, udazkenean hegaztiei elikatzen laguntzeko; eta Nomadas del viento dokumentala ere emango dute. Igandean, hilak 4, goizez Matxitxako lurmuturrera joan-etorria egingo dute kostaldeko hegaztiak behatzeko, eta arratsaldez, hegaztien lorratz ezberdinak ezagutu eta eskulanak egiteko tailerra programatuta dago.

 

Peñas Negras Ingurumen Interpretazio Zentroak, orobat, urriaren 4an, goizez, ibilbide ornitologikoko bat diseinatu du Bizkaiko meatzaldeko hegazti batzuk ezagutzeko; horrez gain, haurrentzako tailerrak ere egingo ditu. Hegaztiei eraztunak nola jartzen dizkieten ikusteko aukera ere egongo da egun horretan; hala, teknika horrek hegazti-populazioen jarraipena egiteko zer abantaila dituen ere ezagutu ahal izango dute.

 

Gipuzkoan, Plaiaundiko paduran bertan dagoen Txingudiko interpretazio-zentroak hainbat jarduera antolatu ditu. Besteak beste, hegaztiak identifikatzeko lehiaketa bat, eskualdeko hainbat espezieren behaketa teleskopioak erabiliz eta haurrentzako tailerrak. Zentro horretara joaten direnek, orobat, Itsas Enara Ornitologia Elkartearen konferentzian parte ahal izango dute. Hitzaldi horretan okilek Gipuzkoan zer egoera duten azaldu ez ezik, okil ertainak (Dendrocopos medius) lurralde horretan duen banaketari buruz berriki egindako lana aurkeztuko dute.[BO1] 

 

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ere antolatu du Txoriastea 2015 deritzon ekimena. Horren barruko jarduerak igandean, urriaren 4an, amaituko dira Ataria-Salburua interpretazio-zentroan; hilaren 3an, Euskadiko lehen ornitologia-maratoia egingo dute, besteak beste.

 

Ataria interpretazio-zentroan, halaber, gaur osteguna, urriak 1, Juan Arizagak (Aranzadi Ornitologia Saileko zuzendaria) hitzaldi hau eskainiko du: «Oilagorren migrazioa: zer diote sateliteek?». Urriaren 3an (larunbata), Euskadiko I. Ornitologia Maratoia hasiko da, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta SEO/Bird Lifek antolaturik, eta Atariak, Txingudi Parketxeak, Madariaga dorretxeak eta Urdaibai Bird Centerrek koordinatuta. Euskadin egingo den era horretako lehen ekimena izango da; irailaren 30ean amaituko da izena emateko epea. Herritar guztiek parte hartu ahal duten ingurumen-hezkuntzako jarduera horretan 24 ordu izango dituzte ahalik eta hegazti-espezie gehien identifikatzeko. Urriaren 4an (igandea), 2015eko Txoriastea ekimenari amaiera emateko, 2015eko Hegaztien Mundu Eguna ospatuko dute Atarian.

 


 [BO1]Dendrocopos medius da, o-rekin, alegia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)