Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak berriz antolatu du gurasotasun positiboko ikastaroa familiekin lan egiten duten profesionalentzat

2015.eko urriak 01

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berriz deitu du «2-6 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei gurasotasun-gakoak komunikatzeko ikastaroa». Gizarte-zerbitzuetan, hezkuntzan eta/edo osasun-arloan familiekin lehen mailako prebentzioari lotutako alderdiak lantzen dituzten profesionalei zuzentzen zaie bereziki.

 

Ikastaroaren helburua hau da: profesionalei haurrak hazteko eta hezteko jardunbideei buruzko informazio teoriko-praktikoa ematea, gurasotasun positiboko irizpideak harturik oinarri, guztiz prebentzioari dagokion esparruan. Azken batean, kontua da profesionalak familiei oinarrizko irizpide batzuk helarazteko gai ikusi dezala bere burua, ondo jakinik, bai nola sustatu daitekeen adingabeen garapen psikologiko osasuntsua, bai eta erabil daitezkeen material eta tresna erabilgarriak (bideoak, webguneak, jarduerak...) ere, familia bakoitzari egokituta, funtsezko eduki horiek are eraginkorrago helarazteko.

Ikastaroaren laugarren edizioa da aurtengoa. Aurreko hiru ikastaroetan, 400 bat profesional prestatu ziren. Horietako batzuk, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako bi ikastaroak egin dituzte: 0-2 urteko haurrei dagokiena eta 2-6 urtekoei dagokiena. Ikasleek oso ebaluazio onak egiten dituzte urtero (8ko nota, 10etik).

Une honetan, zabalik da aurtengo online ikastaroan matrikulatzeko epea. Guztira, 90 orduko ikastaroa, hiru hilabete edo gutxiagoko epe batean burutu beharrekoa, aurrez aurreko bi saioekin: bat hasieran eta bestea amaieran.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak finantzatu du ikastaroa, eta ETXADIk eta EHUko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiaren esparruko Oinarrizko Psikologia Prozesuen eta haien Garapenaren Sailak prestatu dituzte materialak.

Matrikula egiteko edo informazio gehiago lortzeko, telefonoz jarri zaitezke harremanetan: 94 405 15 49; baita e-mailez ere: elearning@etxadi.org.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)