
Haurreskolak Partzuergoan izena emateko epea ireki da
Izena ematea urriaren 1etik 9ra, Haurreskolak Partzuergoko eskoletan
2014an eta 2015ean jaiotako haurren guraso eta tutoreek urriaren 1etik 9ra bitarteko epea izango dute Haurreskolak Partzuergoko eskoletan plaza eskatzeko. Izena emateko epe hau partzuergoko eskolaren batean lehen aldiz abenduan, urtarrilean edo otsailean sartuko diren neska-mutikoentzat irekitzen da. Beraz, plaza bat eskatu nahi duten gurasoek honako egutegi hartu beharko dute aintzat:
- urriaren 1etik 9ra: eskariak aurkeztea
- azaroaren 3an: behin-behineko zerrendak argitaratzea
- azaroaren 4tik 17ra: behin-behineko zerrenden kontra erreklamazioak aurkeztea
- azaroaren 24an: behin betiko zerrendak argitaratzea
- abenduaren 1ean: haurren hasiera-data haur eskolan
Bihar irekiko den epe honekin batera, Haurreskolak Partzuergoak urtean zehar beste bi izen-emate aldi ere zabaltzen ditu: urtarrilean bata (apirilean, maiatzean edo ekainean lehen aldiz sartuko dien umeentzat), eta maiatzean hurrengoa (irailean, urrian edo azaroa lehen aldiz sartu nahi dutenentzat)
8.372 plaza
Haurreskolak Partzuergoak 8.372 plazarekin hasi du 2015-2016 ikasturtea irailean, Euskadi guztiko 177 udalerritan kokaturik dauden 232 haur eskolatan: 47 haur eskola Araban daude, 95 Bizkaian eta 90 Gipuzkoan. Partzuergoan sartzen azkena, Sondikako haur eskola berria izan da, irailaren 4an ikasturte hasierarako ireki zena.
Baina ikasturte honetan beste bat izan da berrikuntza nagusia Haurreskolak Partzuergoan: hobaridun kuotak ezartzea. Ordainketa sistema ekitatibo honen bidez, familiek ordaindu beharreko kuotak errentaren arabera, familia motaren arabera eta seme-alaba kopuruaren arabera ezartzen dira.