Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Euskadi aitzindari da bitartekotza-metodoen bidezko konponbideak ezartzen eta horietan inbertitzen, gatazken judizializaziaren hautabide edo osagarri gisa

2015.eko urriak 01
  • Eusko Jaurlaritzak 800.000 euro inbertitu ditu aurten, judiziala eta judiziala ez den bitartekaritza zerbitzuak herritarren eskura doan jartzeko eta era berean, gatazkeei interbidea emateko aukera hau sustatzeko eta indartzeko.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Josu Erkorekak, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Juan Luis Ibarra Roblesek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusiak, Juan Calparsorok, eztabaidarako jardunaldi bat inauguratu dute gaur goizean, «Administrazioarekiko auzien bitartekotza-aukerak» gaiari buruz.

Bilboko Justizia Jauregian egin dute jardunaldia, eta bertara bildu dira auzitegi barruko bitartekotza-metodoetan aditu diren hainbat: Edorta Cobreros, EHUko Zuzenbide Administratiboko katedraduna; José Manuel Bandrés, Auzitegi Goreneko III Salako epailea, Gerardo Carballo Martínez, Arartekoaren teknikaria, eta Euskadin jarduten duten hainbat epaile eta magistratu. Auzitegi barruko bitartekaritza eredu arrakastatsuak administrazioarekiko auzien jurisdikziora hedatzeko aukerari buruz eztabaidatu dira.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak auzitegi-barruko bitartekaritzaren alde egin du, esanez oso formula erabilgarria eta eraginkorra dela, aldeek gatazkeei irtenbide emateko hirugarren baten laguntzaz. Honek kostu txikiagoa dakar, bai ekonomikoa bai emozionala.  Gainera, oso tresna baliagarria da bai justizia-administrazioaren lan-zama, bai administrazioa bera arintzeko, horrela, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuz.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak auzitegi-barruko bitartekaritza-zerbitzuak ezartzeko konpromisoa duela berretsi du Josu Erkorekak. Epaileen, magistratuen, fiskalen eta gainontzeko operadore juridikoen esku jartzen dira zerbitzuok, herritarrek gatazkak doan, azkar eta prozesu judizialik gabe konpondu ahal ditzaten.

 

EUSKADI: AITZINDARI ETA LIDER

 

Euskadi izan zen Justizia Administrazioaren baliabide materialen eskumena beregain hartu zuen lehen autonomia-erkidegoa, 1987 urtean. Auzitegi-barruko bitartekaritzako lehenengo zerbitzuak 2007an sortu ziren eta, ordutik hona, Estatuaren buruan kokatu arte hazi dira. Gaur egun, Euskadin erregistratzen dira Estatu osoko eragile juridikoek bitartekaritzara bideratzen dituzten kasuen % 60.

Eusko Jaurlaritzak 800.000 euro inbertitzen ditu urtean, auzitegi barruko bitartekaritza zerbitzuetan, auzitegi barrukoak ez direnenetan doan jartzeko herritarren eskura eta bitartekaritza sustatzeko ekintzetan. Kopuru horrek inbertsioen buruan kokatzen du Euskadi, beste autonomia-erkidegoen aldean.

Horrez gain, Euskadi da buru auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzuak ezartzen ere; izan ere, guztiz operatibo dago barruti judizial guztietan zigor-arloan, helduen eta adingabeen arloan eta familia arloan (banantzeak, dibortzioak, zaintzak, ardurapeko seme-alabekiko gatazkak eta abar).

BITARTEKARITZA JUDIZIALA

Esparru judizialetik at, Eusko Jaurlaritzak doan ematen du familia arazoak konpondu behar duten pertsonentzako zerbitzua eta hipoteka-bitartekaritzako zerbitzua.

  • Familia Bitartekaritza: Zerbitzu doakoa eta borondatezkoa da, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak eskaintzen du euskal hiru hiriburuetan. Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak arautzen du eta honetan psikologoek, zuzenbide eta gizarte langintzan tituladunek lan egiten dute. Elkarrizketaren bitartez familia-gatazkak konpontzeari buruzko kultura eta praxia hedatzea du helburu familia-gatazkekin zerikusia duten egoerak eraginkortasunez prebenitu eta murrizteko.
  • Hipoteka-bitartekaritzako: Ekonomisten Euskal Elkargoarekin, Kontuen Zinpeko Zentsoreen Institutuarekin eta Euskadiko Ekonomialarien eta Merkataritza Tituludunen Elkargoarekin sinatutako hitzarmenen bidez. Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko. Etxebizitza erosteagatik gainzorpetzeko egoeran dauden pertsona guztiek erabil dezakete zerbitzu hori, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
    • Ohiko etxebizitza eta jabetzan duen bakarra izatea.
    • Hipoteka-mailegua gehienez 350.000 eurokoa izatea, etxebizitzaren balioaren arabera, prozesu judiziala bidean egon edo ez, eta jabetzaren titulartasunari eusten bazaio betiere.
    • Etxebizitza Euskadin egotea.
    • Kaltetutakoak, finantza-erakundearekin zorra berriro negoziatzeko, egindako ahaleginak porrot egin izana.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)