Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2015/10/02)

2015.eko urriak 02

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Eusko Abertzaleak legebiltzar-taldeko Iñigo Iturrate Ibarra jaunak lehendakariari egindako galdera, Nafarroako Foru Gobernuko presidentearekin izandako bilerari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «positiboa, produktiboa eta itxaropentsua» izan zela iragan irailaren 25ean Uxue Barkosekin, Foru Gobernuko presidentearekin, izandako bilera, eta normalkuntza ekarri diela historia, kultura eta gizarte-errealitate bertsuko bi erkidegoren arteko harremanei.

Lehendakariak azaldu duenez, alderdi partekatuak jorratu zituzten bileran: esaterako, autogobernuan aurrera egiteko beharra edo Arku Atlantikoaren esparruko lankidetza. Horrez gain, besteak beste, EITB Nafarroan ere igortzeko aukerari bide ematea adostu zuten.

Urkulluk zera baieztatu du: «erabatekoa da prestasuna», eta bi gobernuek dute bilera gehiago egiteko asmoa; direla bi mandatarien artekoak, direla izaera teknikoko bilerak.

EH Bildu legebiltzar-taldeko Pello Urizar Karetxe jaunak lehendakariari egindako galdera, Euskal Herriaren estatus juridikoari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak «kohesioaren, integrazioaren eta adostasunaren» alde egingo duen itun berri bat bultzatzen duela ziurtatu du. Ez du EH Bilduren ikuspegi bera Kataluniari dagokionez; hau da, joan den igandeko hauteskundeen ostean, aldebakarreko bideei ekiteko hautuari dagokionez. Ostera, Estatuarekin hitz egiteko eta negoziatzeko bideak nahi ditu ireki. Lehendakari gisa, bat dator jarrera horrekin. 

Urkulluk berriz adierazi du ikusmolde integratzaile batean eta adostasunean bermatutako soluziobideak bilatzeko konpromisoa duela, eta berezko prozesu bat irekitzearen alde agertu da. Azkenik, beste alderdiekin jarrerak hurbiltzeko deia egin dio ezker abertzaleari.


Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeko Bixen Itxaso González jaunak lehendakariari egindako galdera, Espainiako Gobernuaren aurrean etxebizitza-eskumenak babesteko hartu diren neurriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak legezkotasun-irizpideak aldeztuko ditu. Horrez gain, berriz adierazi du Euskadik bere politika publikoak taxutzeko eskubide osoa izatearen aldekoa dela Euskadiko Gobernua. «Legegintza-eskumena mugatzea eta politika publikoak baldintzatzea Espainiako Gobernuaren esku-sartzea da, eta euskal autogobernuaren aurka doa» gaineratu du.

Lehendakariak jasota utzi nahi izan du, halaber, Estatuko Administrazioak uztaila amaieran iragarri zuela Etxebizitzaren Legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, eta gaur egun ez duela deitu oraindik errekurtso hori aztertu behar duen Aldebiko Lankidetza Batzordea.

Euskadiko Alderdi Popularreko legebiltzar-taldeko Carmelo Barrio Baroja jaunak lehendakariari egindako galdera, Gobernu zentrala kritikatzen eta Jaurlaritza goraipatzen duen txostenari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du 2013ko azaroaren 26an onartutako Bake eta Bizikidetzarako Planak barruan hartzen duela legegintzaldiaren erdialdean kanpo-ebaluazio bat egiteko aukera, eta Gatazken eta Ekintza Humanitarioaren Ikerketen Institutuari esleitu zitzaiola. Prestigio aitortuko adituek osatzen dutenez Institutua, bidegabekoa iruditzen zaio haien gaitasuna eta profesionaltasuna zalantzan jartzea. «Ezin da zalantzan jarri gureaz bestelako ideiak dituztenen zintzotasuna», errepikatu du.

Orobat, esan du hobetzeko aukera bat dela txostena. Eman dituen gomendioen artean, gogora ekarri du akordioa eragozten duten zenbait «konfort-gunetatik» ateratzeko beharra. Azkenik, esan du elkarrizketarako eta akordiorako espazioak eraikitzea dela Eusko Jaurlaritzaren asmoa; izan ere, «gizartearen bizikidetzaren etorkizuna da jokoan».

UPyD-talde mistoko Gorka Maneiro Labayen jaunak lehendakariari «foru-nazioa» terminoari buruz egindako galdera. 

Lehendakariak esan du «konstituzioak berak babesten eta errespetatzen dituela lurralde forudunetako eskubide historikoak». Estatuari buruz –foru-araubidearen adierazpen gaurkotua–, ziurtatu du ez dela posible izan haren garapen osoa bermatzea, baina ezintasuna ez dela legezkoa izan, borondate politiko ezaren ondoriozkoa baizik.

Horregatik, lehendakariak uste du Euskadik autogobernuan aurrera egiteko elkargune bat identifikatzeko aukera duela orain, nazio gisa aintzatespena lortu eta «Euskadi eraikitzen jarraitzeko, Europa sendoago eta irekiagoan». Hala, begirada positiboa eta konstruktiboa aldarrikatu du adostasunean aurrera egiteko eta ituna samurtzeko bide gisa.

Arantza Quiroga Cia Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egindako interpelazioa, «askatasuneko eta bizikidetzako» ponentzia batean abiapuntu- eta elkargune-buru izateari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Bake eta Bizikidetzaren esparruan aurrera egiteko aukera ematea da lehendakari gisa duen helburua, Legebiltzarreko Ponentzian alderdi politiko guztien parte-hartzeari emateko bide. Esan du horixe dela gizartearen itxaropena, akordioak lortzeko gaitasuna, helburu bikoitza bideratzeko: indarkeriaren behin betiko amaitzea eta bizikidetza berrituko duen printzipio bat bermatzea.

Zentzu horretan, zoru etikoaz gain, abiapuntutzat Eraikiz ekimena hartzearen alde egin du, ekimen horretan «irakasbide direlako biktimak». Horregatik, printzipio berak dituzten adierazteko gonbita luzatu die Eusko Legebiltzarra osatzen duten taldeei. «Hala izanez gero, iruditzen zait badela lanerako eremu komuna Legebiltzar honetan, Bake eta Bizikidetzarako ponentzia, hain zuzen, oinarri sendo horren gainean egiteko aurrera» gaineratu du.

Halaber, hauteskunde orokorren ondoren bizikidetzarako akordio-oinarri bat aurkezteko konpromisoa agertu du berriz ere.

Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egindako galdera, Hondarribiko Alardean emakumeen parte-hartzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak berriz adierazi du Eusko Jaurlaritzak berdintasunaren aldeko konpromisoa duela, eta Alardean berme hori izateko lanean jarraituko duela ziurtatu du. Zentzu horretan, gogorarazi du Segurtasun Sailak urtero onartutako Ebazpenak bermatzen duela Jaizkibelek, emakumeen parte-hartze parekidea onartzen duen konpainia bakarrak, desfilatu ahal izatea.

Lehendakariak aitortu duenez, berak ez du nahi inork berriz plastiko beltzik eramatea, baina zuzenbidearen ikuspuntutik, Eusko Jaurlaritzak mugatutzat jotzen du halakorik erakustea debekatzeko duen ahalmena.

Azkenik, Emakunderen proposamena gogoratu du: elkarrizketarako espazio bat zabaltzea, Alardearen inguruko batasuna berreskuratu eta «ia 20 urteko liskar soziala gainditzeko».

Cristina Ruiz Bujedo Alderdi Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egindako galdera, genero-indarkeriari eta eraso sexistei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak beste behin adierazi du erakunde guztien lehentasun konstantea dela emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea, eta Eusko Jaurlaritza prest dagoela beharrezko neurriak adosteko eta ezartzeko. Zentzu horretan, jakinarazi du Emakundek berariazko lan-arlo bat sortu duela, hain zuzen, bere politikak berrikusi eta hobetzeko.

Nolanahi ere, eta arazoari larritasuna kendu nahi gabe, gogora ekarri du 2014ko urtarriletik abuztura bitartean 2.852 emakumek jo zutela Ertzaintzarengana emakumeen aurkako indarkeria zela eta. Aurten, denbora-tarte horretan, 2.783 emakumeri eman zaie arreta. Lehendakariaren iritziz, indarreko planek nazioarteko adostasuna dute eta, haren ustetan, horiek dira egokienak indarkeria mota hori desagerrarazten aurrera egiteko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko urriak 04

    Respecto de la pregunta que hizo Isabel Celaa sobre las becas de colaboración no me ha quedado clara la respuesta de la señora consejera de Educación ¿Tendran los estudiantes universitarios que tienen proyectos de investigación avalados por profesores en universidades públicas las mismas opciones que sus compañeros para
    llevarlos adelante con el reconocimiento oficial que otorgan estas becas durante este curso?

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)