Irailak 26: Hizkuntzen Europako Eguna
Hizkuntzen Europako Eguna abagune egokia da Umberto Ecoren esaldi ezaguna gogora ekartzeko: “Europako hizkuntza itzulpena da”. Esaldi honen bidez Ecok gogorarazten digu, beste ezer baino lehen Europa aniztasuna dela. Nortasun aniztasuna. HIzkuntza eta kultura aniztasuna. Eta beste era baten esanda, aberastasuna. Norbanakoarentzat nahiz gizartearentzat aberastasuna.
Izan ere, aberastasuna baitira, ezer izatekotan, eskualde hizkuntza edo hizkuntza gutxitu gisa ezagutzen ditugun Europako 60 hizkuntza inguru horiek, egunerokoan Europako milioika biztanlek erabiltzen dituzten hizkuntza horiek. Estatu hizkuntza izate hutsagatik, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen estatusa eskuratu duten 24 hizkuntza horiek baino askoz gehiago dira.
Euskara da Europako hizkuntza horietako bat. Batasuneko lurralde batean ofiziala izan arren, Europako erakundeen aurrean merezi eta behar duen errekonozimendua jaso ez duena. Eusko Jaurlaritzak egoera hori aldatzeko lanean jarraitzen du. Jakitun gara, hizkuntza anistasuna babestea eta sustatzea modernitatearen nahiz demokraziaren eskaera dela, Europa aurreratu, moderno eta demokratikoa eraikitzeko faktore saihestezina. Hitz bitan: betekizun demokratikoa.
Badakigu hizkuntza aniztasuna errealitatea dela, eta desberdintasuna eskubidea. Hizkuntza pluraltasunak horrexegatik behar ditu, hain zuzen ere, jarrera eta politika pluralistak. Horregatik da beharrezko hizkuntza aniztasuna jasangarri egitea, eta horretarako, Europako Batasuneko erakundeek hizkuntza politika propioa behar dute, aniztasun hori sustatuko duten neurri aktiboekin batera. Egungo 25 hizkuntza ofizialetatik harago begiratzen jakingo duen hizkuntza politika propioa, eta hizkuntza gutxituen erabilera indartzeko lagungarri izango dena. Hizkuntza gutxituak ez baitira beti gutxiengoen hizkuntza. Europako hizkuntza horiek, Estatu hizkuntza izan ala ez izan, normaltasun osoz erabiltzen dira gizarte bizitzako oinarrizko esparruetan, hala nola, hezkuntzako maila guztietan, administrazioan, hedabideetan, kulturan, aisian… Hizkuntza horien balio komunikatibo, kultural eta identitarioak uztarturik darama, gainera, aintzat hartzeko moduko balio ekonomikoa ere. Balio ekonomiko hau, ez baita soilik Estatu hizkuntzen ondare.
Europa aniztasuna bada, hizkuntzak dira haren arnasa. Gaur, Hizkuntzen Europako Eguna, egun aproposa da ozen esateko, gora hizkuntza aniztasuna!