Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Nazio Batuen Klimaren astean ingurumen-garapenari buruzko bere ezagutzak partekatu ditu Euskadik, eta planetaren jasangarritasuna bermatze aldera hezkuntzak duen garrantzia azpimarratu du

2015-09-25
  • Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen 2015eko gailurra
  • New Yorkeko nrg4SD biltzarra, eskualdeen eta herrialdeen foroa
  • Unescoren ordezkaritzak garapen jasangarriaren agendan ari dira lanean
  • Ana Oregi Sailburuak Frantzisko Aita Santuak ingurumenarekin duen inplikazioa eta konpromisoa nabarmendu ditu
  • UNESCO Etxeko zuzendari Arantza Acha: «anbizio handiko agenda hau mugarri bat izango da nazioarteko eztabaiden testuinguruan, jasangarritasuna eta pertsonak jarriko baititu garapenaren muinean».

 

New York, 2015eko irailaren 25a

Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkari Ander Caballerok gaur goizean aurkeztu du Euskadin indarrean den ingurumeneko esparru-programa Nazio Batuek antolatutako Klimaren Astean, nrg4SD-Energy for Sustainable Development erakundearen Network of Regional Government for Sustainable Development ekimenaren esparruan. Hainbat jarduera-lerro nabarmendu ditu, tartean, «hezkuntzari garrantzia ematea, planeta hobetu dezaketen aldaketa sozial positiboak sortzeko bitartekoetako bat denez».

 

Horretaz gain, Frantzisko aita santuak ere parte hartuko du New Yorkeko gailurrean eta hain zuzen ere, planetaren kontserbazioaren aldeko bere konpromisoa nabarmendu du gaur Gasteizen Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregik, baita haren «sen ona, izaera berritzailea eta mundu hobea lortzeko konpromisoa, pertsona guztiek aukerak izango dituzten mundu bat izateko».

 

Eskualdeetako eta herrialdeetako ordezkariek beren ereduak aurkeztu dituzte. Esaterako, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak autonomia-erkidegoan 2020rako Ingurumen Esparru Programaren barnean jarraitzen den lan-agenda azaldu du: ingurumenarekin konprometitutako administrazioa, lurralde osasungarria, jarrera ekologiko iraunkorra, ingurunea errespetatzen duten fabrikazio-prozesuak eta manufakturak, elikadura osasungarria eta azpiegitura berdeak.

 

Sinergiak

 «Euskadin, sinergiak eta horien “elur-bola” efektua erabiltzen dira interes-taldeen ikaskuntzan eta taldeon arteko jakintza-transferentzian, berrikuntza publikoaren eta lankidetzaren esparruan. Helburuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren proiektuetan parte hartu dezakete Foru Aldundiek, Udalek eta gainerako erakundeek, eta lankidetza publiko-pribatuari ere tartea eskaintzen zaio», adierazi die Caballerok New Yorkeko foroan bildutako Europako eta Amerikako ordezkariei.

 

Nazio Batuek antolaturiko Klimaren Astean parte hartu du Unesco Etxeko zuzendari Arantza Achak, hain zuzen garapen jasangarriko agendari heltzeari buruzko eztabaidan, eta honako hau nabarmendu du: «gaur munduko 193 lider atxikiko zaizkio garapenerako munduko agenda berriari eta han bildutako konpromisoei: pobrezia errotik kentzea, desberdintasunekin amaitzeko lan egitea eta planeta babestea».

 

«Anbizioz beteriko agenda hori –jarraitu du Unesco Etxeko arduradunak– mugarri bat da nazioarteko eztabaiden testuinguruan, jasangarritasuna eta pertsonak jarri baititu garapenaren erdi-erdian, eta helburu berak ezarri baititu mundu osoko gizarte guztientzat». UNESCO Etxeak ere parte hartu du agenda berria ezartzeko Nazio Batuen gailur berezi horretan, garapen jasangarri inklusibo eta bidezkoa lortzeko garaian sozietate zibilak eta eskualdeek duten zeregina nabarmentzeko eta indartzeko lan eginez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantza Atxa, Carl Sargeant