Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 10,3 milio euroren laguntzak iragarri ditu lehen sektoreko I+G+b alorrerako eta landagune eta itsasertzeko guneetan inbertsio berriak egiteko

2015.eko irailak 25
  • Guztira 7 milioi euro egiten dute nekazaritza, arrantza, basogintza eta elikaigintza sektoreetan berrikuntzak eta ikerketak egiteko erabiliko diren laguntza bideek (Berriker eta I+G)
  • Landaguneak eta itsasertzeko guneak sustatzeko eta garatzeko 3,3 milioi euro baino gehiagoko laguntzak egongo dira
  • Arantxa Tapiak Udapa kooperatiba bisitatu du Gasteizen,  elikaduraren eremuko erakunde berritzaile eredugarria baita

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak UDAPA nekazarien kooperatiban egon da, Vitoria-Gasteizko Jundiz industrialdean, kooperatibaren instalazioak bisitatzen.  Berrikuntza maila handiko zentroa da, eta I+G+b sistema modernoak ditu, pisuen kontrol automatikorako edo ikusmen optikorako aplikazioekin.

UDAPAra egindako bisitan eta ondorengo bileran, sailburua ez ezik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta sailari atxikitako AZTI eta NEIKER zentro teknologikoetako arduradunak egon dira. AZTI zentrotik Rogelio Pozo zentroko zuzendaria egon da, eta NEIKERetik, berriz, Josu Ezkurdia zentroko zuzendaria.  Zentro teknologiko biak UDAPArekin batera ari dira ikerketa eta garapen proiektu batzuk lantzen, eta proiektu horiek UDAPAko zuzendari Alfonso Saenz de Camarak aurkeztu ditu. 

Elikadura, Euskadirako aukerako nitxo gisa

Bisita bukatutakoan, sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela lehiakortasuna bultzatzea produkzio ekonomia osoan, baita lehen sektorean ere,   “sektore guztien artean garapenari dagokionez dauden aldeak murriztuta eta lehen sektore berritzaile eta elikagai industria lehiakorraren alde eginda”.  Horretarako, sailburuak esan duenez, beharrezkoa da, halaber, Euskadiko landaguneetan eta itsasertzeko guneetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea bermatzea.

“Gure espezializazio estrategian, aukera nitxotzat hartu da elikadura; hori dela eta, azpimarratzen dugu beharrezkoa dela elikadura kate osoa egituratzea, lehenengo nekazari eta arrantzaleak eta gero industria eraldatzaile, zentro teknologiko eta enpresa espezializatuak, industria merkaturatzaileetatik pasatuta, eta kontuan izanda, baita ere, sukaldaritza eta gastronomia arloak. 

Daukagun elikadura kate osoa lehiakorra izan dadin, berrikuntza presente egon behar da bere fase guztietan.

I+G+b alorrerako laguntzak lehen sektorean eta elikagaigintzan

Apustu horren adibide gisa, Arantxa Tapiak laguntza sorta bat iragarri du eremu horretan, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintza sektoreak antolatzeko prozesuetan berrikuntzak sendotzeko, baita eremu horretan ikerketak eta garapenak egin eta landaguneetan inbertsioak sustatzeko ere.    Tapia sailburuak adierazi duenez, “laguntza horiek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak legegintzaldi honetarako markatu duen estrategiaren baitan sartzen dira; izan ere, estrategiaren asmoa da lehen sektoreko enpresen lehiakortasuna indartzen eta landaguneetan eta itsasertzeko guneetan jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa eta bizi kalitatea areagotzen laguntzea”.

Hauek dira, zehazki, laguntzak: Berriker programaren laguntzak (5,75 milioi), lehen sektoreko eta elikagai sektoreko I+G alorrerako laguntzak (1,35 milioi) eta landagune eta itsasertzeko guneen modenizaziorako laguntzak (3,3 milioi).

Berriker programaren laguntzak nekazaritza, elikagaigintza eta arrantza sektoreen zerbitzu eta prozesuen antolaketaren alorrean egingo diren ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako dira. 2015eko deialdian, 5.750.000 euro bideratuko dira zerbitzu eta prozesuen berrikuntzarako proiektuetara.

I+G alorreko jarduerei dagokienez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak nekazaritza, elikagaigintza eta arrantza sektoreetan oinarriko ikerketak, industri ikerketak eta garapen esperimentaleko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egin daitezen hainbat laguntza jarri ditu abian, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren bitartez.

Guztira, 1.350.700 euro bideratuko dira laguntza horietara. Enpresak, elkarte eta fundazioak, eta pertsona taldeak eta ondasun komunitateak izan daitezke laguntza horien onuradunak. (Enpresa elkarte berritzaileak, zentro teknologikoak, ikerketa zentroak, eta ikerketa eta ezagutzen hedapenerako erakundeak.).

Landa eta itsasertzeko guneen garapenerako laguntzak

Exekutibo autonomoak, halaber, landaguneak eta itsasertzeko guneak sustatzeko eta garatzeko laguntzak onartu ditu.  Osotara laguntza gisa emango diren 3.310.000 eurorekin, helburua da Euskadiko landa inguruneko bizi kalitatea, dibertsifikazio ekonomikoa eta iraunkortasun energetikoan aurrea egitea.Hala, diruz lagunduko dira, besteak beste, zentro soziokulturalen eraikuntzarekin, turismo azpiegituren sorrerarekin, hondatutako inguruneak lehengoratzearekin, banda zabalaren ezapenarekin eta energia berriztagarriekin ezarpenarekin zerikusia duten proiektuak. 

Laguntza horien onuradunak izan daitezke, berriz, toki erakundeak, bai zuzenean bai beraien erakunde autonomoen edo udal sozietate publikoen bitartez, eta udalaz gaindiko erakunde publikoak ere bai.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GureZura
    2015.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @hazifundazioa: Jaurlaritzak 10 miloi euroko laguntzak emango dizkio lehen sektoreari http://t.co/UjRzuJ4ihk

  • @FraisoroEskola
    2015.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @hazifundazioa: Jaurlaritzak 10 miloi euroko laguntzak emango dizkio lehen sektoreari http://t.co/UjRzuJ4ihk

  • @euskolabel
    2015.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco destina 10 millones de euros en forma de ayudas al sector primario http://t.co/v86kHm24q5

  • @hazifundazioa
    2015.eko irailak 28

    Comentario de Twitter:
    Jaurlaritzak 10 miloi euroko laguntzak emango dizkio lehen sektoreari http://t.co/UjRzuJ4ihk

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)