Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak AEBetako euskal herritarrak euskal identitatea "bizi eta sentitzeko" modu desberdinen "froga" direla azaldu du

2010.eko uztailak 26

Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentrora egin duen bisitan, lehendakariak Nevadako Gobernadoreari Lagun Onari saria eman dio euskal imigranteak hartu izanagatik

Patxi López lehendakaria AEBetan egiten ari den bidaia ofizialeko bigarren jardunaldia Nevadako Unibertsitatean (Reno) gauzatu da. Euskal Ikasketen Zentroa barne hartzen duten instalazioak ikusi ondoren, lehendakariak Nevadako gobernadoreorde den Brian Krolicki-ri Lagun Onari saria eman dio Estatuak joan zen mendean emigratu zuten euskal herritarrei egin zien harreragatik. Lehendakariaren hitzetan, harrera horri esker, “Amerikako Estatu Batuetako herritar sentimendua” bateratzea lortu zen."Ez da euskal identitate bakarra goretsi behar, izan ere, gizabanako bakoitzak identitatea modu desberdinean bizi eta sentitzen baitu. Eta zuek, AEBetako euskal herritarrak, horren adibiderik argiena zarete. Amerikar eta euskal herritar sentitzeko gai zarete, zuen kulturak elkartu, bateratu eta berdin maitatzeko gai zarete", gailendu du Lópezek.

Eusko Jaurlaritzak eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berretsi dute euskal kultura eta errealitatea mundu anglosaxoian ezagutzera emateko lanean jarraitzeko. Patxi López lehendakariak eta Nevadako gobernadoreorde den Brian Krolickik sinatu duten hitzarmen horren bidez, Gasteizko Gobernuak Euskal Ikasketen Zentrora "ongi inbertitutako" 217.000 euro bideratuko ditu. "Une honetan, Nevadako Euskal Ikasketen Institutua mundu anglosaxoirako erakusleihoa da guretzat. Eta horrez gain, Amerika eta Euskal Herriko mundu akademikoen arteko topalekua da", gehitu du.

Nevadako Unibertsitatean (Reno) sinatu da lankidetza hitzarmena eta lehendakariaz gain, bertan izan dira Blanca Urgell Kultura sailburua, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Euskal Ikasketen Zentroaren sortzaile den Bill Douglas, Milton Glick Renoko Unibertsitateko presidentea eta Brian Krolicki Nevadako gobernadoreordea. Hitzarmena sinatu eta Nevadako Estatuari Lagun Onari saria eman baino lehen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Renoko Unibertsitatea bisitatu du.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian bertan, Nevadako Estatuari Lagun Onari saria eman zaio eremu horretara emigratu zuten milaka euskal herritarrek izan duten harreragatik. Hain zuzen ere, lehendakariak Nevadako Estatuan bizi diren euskal herritarrei hitz egin die eta "zareten pertsonak izateaz eta zareten modukoak izateaz harro egoten jarraitzera" animatu ditu. "Ez da euskal identitate bakarra goretsi behar, izan ere, gizabanako bakoitzak identitatea modu desberdinean bizi eta sentitzen baitu. Eta zuek, AEBetako euskal herritarrak, horren adibiderik argiena zarete. Amerikar eta euskal herritar sentitzeko gai zarete, zuen kulturak elkartu, bateratu eta berdin maitatzeko gai zarete", gailendu du lehendakariak, izan ere, bere ustez, aberasgarria da Euskadikoa bezalako gizarte batean "beste kultura bati eta beste gizarte bati uko egin behar gabe, barruan sentitzen dituzuen sustrai horiek" mantentzea.

Lehendakariak Euskal Ikasketen Zentroak euskal kultura mundutik zabaltzeko egin duen "lan garrantzitsua" azpimarratu du. "Iritsi berri den edonor harritzen duen neurriko herrialde honetan gure herrialde txikiaren benetako enbaxadoreak zarete" adierazi du Lópezek eta zuzenean eman dizkie ezkerrak Bill Douglas, Robert Laxalt eta Jon Bilbaori, Euskal Ikasketen Programa sortu eta garatu zutelako.

Nevadan euskal jatorria duten 6.000 pertsona daude, hirugarren Estatua da Kalifornia eta Idahoren atzetik, eta Euskal Ikasketen Zentroan ekoizten da Euskal Herriari eta haren kulturari buruz ingelesez sortzen diren edukien % 95. "Arrakasta horri esker, gaur Euskadiren beste zatitxo bat dakargu, baina definitzen zaituzten Iparramerika euskal herritar honen zatitxo bat ere eraman nahi dugu", erantsi du.



Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria