Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Dagoeneko lehendakari honen bihotzaren zatitxo bat dago hemen, Nevadan”

2010.eko uztailak 26

Euskal Ikasketen Zentroak afari bat antolatu du lehendakariaren omenez eta bihar "euskal kultura eta errealitatea zabaltzeko" lankidetza hitzarmen bat sinatuko da

Patxi López lehendakaria Nevadako Euskal Ikasketen Zentroaren arduradunekin bildu da lehenengoz eta bihar lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute euskal kultura eta errealitatea zabaltzen laguntzeko. Euskal Ikasketen Zentroak afari bat antolatu du lehendakariaren omenez eta azken honek Euskadiren adeitasuna helarazi die. Lópezek Euskal Ikasketen Zentroaren lana azpimarratu du eta bere hitzetan, "euskal kulturaren erreferentea da AEBetan". "Duela 43 urte Nevadako Unibertsitateko Ikerketa Institutuan euskal ikasketei buruzko programa txiki bat antolatu zen. Orain guztiz finkatuta dagoen institutu bat dugu, mundu akademiko anglosaxoirako leiho bat da, Euskadiri buruzko zerbait jakin nahi dutenentzako erakusleiho bat", gailendu du.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta Nevadako euskal kolektiboaren arteko lehenengo topaketa Casino Ascuaza hotelean egin da. Hotel hori John Ascuagarena da, hau da, milaka euskal herritar bezala Renora joan zen artzain orozkoar batena. Euskal Ikasketen Zentroak afari bat antolatu du lehendakariaren omenez eta bihar lankidetza hitzarmen bat sinatuko du euskal kultura eta errealitatea ezagutzera emateko lanean laguntzeko. Zentro garrantzitsua da mundu anglosaxoian eta "diktadura frankistaren garaian, euskal ikasketetan ziharduen munduko institutu bakarra izan zen".

Lehendakariaz gain, Blanca Urgell Kultura sailburua, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Euskal Ikasketen Zentroaren sortzaile den Bill Douglas ere bertan izan dira. Azken hori da, hain zuzen ere, lehendakaria Nevadara gonbidatu zuena Boisen Jaialdia egingo dela eta.

Bere esku-hartzean, lehendakariak Euskadiko herritarren "babesa eta hurbiltasuna" transmititu nahi izan die "beren sustraiak, hizkuntza eta kultura galdu nahi ez eta diktadura luzean ere horiek babesteko ahalegin handiak egin zituztenei". Babes hori bihar goizean Euskal Ikerketen Zentroarekin sinatuko den lankidetza hitzarmenean islatuko da. Hitzarmen horri esker, elkarrekin lan egiten jarraitu ahalko da euskal kultura eta errealitatea zabaltzeko. "Atlantikoaren bi aldeetako euskal herritarrok batzen gaituen zubi hau sendo mantendu nahi dugu. Estatu Batuetarako sarrera plataforma izaten jarraitzea nahi dugu", azaldu du lehendakariak.

Lópezek afarian parte hartu dutenei beti euskal herritarrak izateaz harro egoten jarraitzeko eskatu die eta Nevadako "pertsona adeitsuen artean" egun bakarra igaro duen arren, Nevada "Euskadiren zatitxo bat" dela ohartu da. "Eta esan beharra daukat dagoeneko lehendakari honen bihotzaren zatitxo bat dagoela, hemen, Nevadan", erantsi du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari