Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren inaugurazioan izan da

2015-09-23
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Lehendakaria eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren inaugurazio-ekitaldi ofizialean izan dira gaur, Bilbon. Iñigo Urkulluk gogorarazi du Dantzertik irakaskuntza artistikoen Euskadiko espazioa osatuko duela, Donostiako Musikenen irakasten duten musikako goi-tituluarekin eta Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan ematen duten arte plastikoen eta diseinuko irakaskuntzekin batera.

Lehendakariak esan duenez, zentroa kulturaren zabalkuntzarekin eta sorkuntzarekin konprometituta dagoen espazio berria da, batez ere, euskarazko sorkuntzarekin, artistak, aktoreak eta gidoilariak hizkuntza horretan trebatuko baititu. Gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarraren eskaera batean du jatorria. Helburuak goi-mailako bi irakaskuntza horiek Euskadin ezartzea eta sektore horretan enplegua erraztea ziren.

2015-2016 ikasturtea 25 ikaslerekin abiatu da aste honetan Dantzertin. Arte Dramatikoa modalitatekoak dira 15, eta Dantzakoak gainerako 10ak. Horiexek dira Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako lehen promozioko ikasleak. Beste 10 irakaslek osatzen duten taldea ari da arduratzen dagoeneko ikasle hauen prestakuntzaz, Ekaitz Gonzalez Urretxuren zuzendaritzapean. 

ikastetxeko ohiko irakasle-taldeaz gain, irekiera ekitaldian zuzendariak berak aurreratu duen bezala, 2015-2016 ikasturte honetan ospe handiko eta ibilbide luzeko beste hiru profesionalen laguntza ere izango du Dantzertik. Dantza eta antzerkiko profesional hauek ikasleen formazioan laguntzaile izango dira. Arte Dramatikoan Karmele Aranburu aktorea izango da; Jon Ugarriza dantzari eta koreografoa Dantza Klasikorako; eta Iratxe Ansa dantzaria Dantza Garaikiderako.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)