Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak enplegagarritasuna eta produktibitatea hobetzera bideratutako bitartekoak koordinatuko dituzte. (2015-09-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko irailak 22

Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiari zuzeneko diru-laguntza emateko dena, 2015ean enplegagarritasuna hobetzera, eta euskal enpresak modernizatzera eta produktibitatea handitzera bideratutako baliabideak koordinatzeko.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak onartu du Bizkaiko Foru Aldundiari 824.842,50 euroko zuzeneko diru-laguntza ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren kontura. Euskal enpresa-ehunaren enplegagarritasuna hobetzera, modernizaziora eta produktibitatea handitzera 2015ean bideratutako bitartekoak koordinatzea da helburua.

Honako programa hauek bultzatuko dira diru-laguntzaren bidez:
1.- Ekintzailetza-kulturaren gaineko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotzeko jarduerak.

1.1.- EGIN ETA EKIN ENPRESARI. Lanbide-heziketan oinarritutako ekintzailetza.
Parte-hartzaileei ikusarazi nahi zaie enpresa bat sortzea egingarria eta laneratzeko zein norberaren garapen pertsonalerako bide baliozkoa dela. Hala, etorkizun profesionalari begira, enpresa sortzea erabakitzen duten gazteen kopurua handitu nahi da. Horretarako, honako ekintza hauek egingo dira:
Sentsibilizazio- eta sormen-tailerrak.
Negozio-ideien lehiaketa.
Ideiak garatzeko tailerrak.
Enpresa-proiektuen lehiaketa.
Irakasleen prestakuntza-jardunaldiak (Eragile).
Enpresetara bisitaldiak.

1.2.- Lanbideren webguneko autoenpleguaren atala (www.lanbide.euskadi.eus) eta hala nola DEMA webguneko baliabide-zentroa (Bizkaiko Foru Aldundia) mantentzea eta eguneratzea.

2.- Ekintzaileek enpresak sortzea sustatzea, negozio-ideiak enpresa-proiektu bihurtuta. SORTU programa.
Negozio-ideiak enpresa-proiektu bihurtzearen bitartez bideragarritasun- eta zehaztapen-indize handiko enpresa-negozioak sortzea eta abiaraztea da helburua, horretarako aldian behingo aholkularitza banakakoa eskainita.

3.- Bizkaiko lan-merkatua eta produkzio-egitura aztertzea: BIZKAIKER Behatokia.
Lan- eta enpresa-arloen egoeraren gaineko txostenak egitea.

4.- Enpresak kontsolidatzeko zerbitzuak, aholkularitza espezializatuko zerbitzuak eskainita.

4.1.- INDARTU programa: enpresa-aholkularitza, enpresa-lehiakortasuna sustatzeko.
Bi urtetik gorako antzinatasuna duten enpresen lehiakortasuna eta jarraikortasuna laguntzea da helburua, horretarako aholkularitza espezializatua eskainiz:
- Marketin estrategikoa.
- Plangintza estrategikoa.
- Bideragarritasun-plana

4.2.- ENPRESA SENDIAN programa: familia-enpresak laguntzea.
Bizkaiko familia-enpresen lehiakortasuna, gobernagarritasuna eta, oinordetza prozesuetan, jarraikortasuna sustatzea da helburua.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera guztiak Enpresa Garapenerako Agentziaren-DEMA (aurrerantzean, DEMA) bitartez gauzatuko ditu.

Enplegu-plana
Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 aldirako Enplegu-planaren helburu estrategikoen artean dago ekintzailetza erraztu eta autoenpleguari pizgarriak ematea, aberastasun- eta enplegu-iturri delako, hala nola erakundearteko lankidetza sustatzea eta batera jardutea enpleguaren alde.
Eusko Jaurlaritza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundia lankidetzan jardun dira aurreko ekitaldietan ere helburu horiek lortzearren.

Bi erakundeek eginahalak eta baliabideak koordinatu dituzte 2012az geroztik, ahalik eta pertsona gehienek enplegu egonkor eta kalitatezkoa lortzera bideratutako jarduerak abiaraziz, tokiko hazkunde ekonomikoa bultzatuz, enpresa-sena sustatuz eta enpresen lehiakortasuna hobetuz. Horietan guztietan lortutako emaitza positiboek ekimen honek jarraipena izatea bermatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau