
Gobernu-Kontseiluak Gazte-Justiziaren IV. Plana onartu du, eta 80 milioi inbertituko ditu 2018ra bitartean. (2015-09-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
Txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko IV Gazte Justizia Plana.
LABURPENA
Planaren erronka nagusien artean, honako hauek: esku-hartze psikosozial pertsonalizatuagoa, ingurunean eragina izatea, neurriak gauzatzeko denbora arintzea, arau-haustea berriro egin ez dezaten lortzea eta gazteen arau-hausteak prebenitzea.
Gobernuak adingabeentzako zentroetako langileen segurtasuna bermatzeko gidaliburua eguneratuko du, eta ertzain eta udaltzain berriek trebakuntza jasoko dute adingabeekiko esku-hartzea hobetze aldera.
Jaurlaritzak, halaber, protokolo bat prestatuko du legea hausten duten adingabeek eta haien familiartekoek zer gizarte-zerbitzu eta laguntza lor ditzaketen zehazteko.
2015eko lehen seihilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko auzitegiek 480 neurri ezarri dizkiete Euskadin arau-hausteren bat egin duten adingabekoei.
Gobernu-kontseiluak Gazte Justiziaren IV. Plana onartu du 2014-2018 aldirako, 80,2 milioi euroko inbertsioarekin. Helburua arau-haustea egin duten eta neurri judizialen bat bete behar duten adingabeei Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dien laguntza osoa hobetzea eta horretan aurrerabideak egitea da.
Zenbateko horri esker, ikastetxe itxiak (60,5 milioi euro), erregimen irekiko edo erdi-irekiko ikastetxeetako hezkuntza-programak (10,5 milioi euro) eta esku-hartze psikosozialerako langileen gastuak (9,2 milioi euro) finantzatu eta kudeatu ahal izango dira.
Gazte Justiziaren IV. Planak bost erronka nagusi ditu:
- Prebentzioa. Arau-haustearen eragile diren inguruak gutxiarazteko asmoz, heziketaren bidez familiaren, gizartearen eta hezkuntzaren eremuetan esku hartzea da helburua. Hartara, arreta berezia jarriko zaio gurasoen aurkako indarkeria, osasun mentaleko arazoak, estupefazienteen neurrigabeko kontsumoa eta halako beste zenbait gairi heltzen dion hezkuntza integralari.
- Neurri judizialak gauzatzeko beharrezko denbora arintzea, esku-hartzea ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena izan dadin.
- Esku-hartzea pertsonalizatuagoa izatea, arau-haustea egin duen adingabekoaren gizarte-egoeraren araberakoa dena.
- Gazteen eremuan bertan jardutea. Hezitzaileek, psikologoek, gizarte-langileek eta esku-hartze sozialeko langileek, zuzenbideko langileek eta beste zenbaitek neska-mutikoen ingurunean (familian, ikastetxean, auzoan, lagunengan, ...) duten eragina areagotuko dute, haien gizarteratzea errazteko.
- Arau-hausteetan berriro ez erortzea. Diziplina anitzeko programak jarriko dira abian, besteak beste, sozializaziorako gaitasunak eta ohiturak hartzeko, neska-mutikoen pentsaera, jarrerak eta balioak berregituratzeko edota legea berriro ez hausteko teknikak bereganatzeko. Euskadik berrerortze-maila baxuenetakoa du estatuan: arau-haustearen bat egin izanagatik justiziarekin harremanik izan duen adingabekoen % 80,4k ez du berriro legerik hausten.
EKINTZA ZEHATZAK
Erronka horiei ekiteko, plana Gobernuaren tresna transbertsaltzat sortu da, eta bost sail hartuko ditu barne. Sail bakoitzak ekintza jakin batzuk abiaraziko ditu. Hona hemen nabarmenenak:
Herri Administrazio eta Justizia Saila:
- Gazte-justiziako zentroen sarean lan egiten dutenen segurtasunerako gidaliburua eguneratuko du, eta kontratupeko segurtasun-langileei berariazko prestakuntza eskainiko die.
- Bitartekaritza bultzatuko du gazte-justiziaren arloan, epaiketez eta neurriak ezartzeaz aparteko irtenbideak eskaintzeko asmoz. Gaur egun, bitartekaritzadun gazte-justiziaren kasuen % 84 emaitza onekin konpondu ahal izan da biktima eta erasotzailearen artean.
- Ikerkuntza zientifikoa sustatuko du, EHUrekin batez ere, gazte-justiziaren sistema hobetuko duten esku-hartzerako ereduak erauzteko. Halaber, neurriak eraginkorrak diren ala ez aztertuko du, bitartekaritza-prozesuak ebaluatuko ditu eta berrerortzeari buruzko datuak ikertuko ditu.
Segurtasun Saila:
- Egun adingabeekin egiten den jardunaren arloan indarrean dagoen polizia-instrukzioa berrikusi eta, hala badagokio, eguneratu egingo du.
- Ertzain eta udaltzain izangai direnei prestakuntza eskainiko die gazte-justiziaren arloan.
- Legea hautsi duten adingabeekin harremanetan daudenean, segurtasuna bermatzeko prestakuntza eskainiko die gazte-justiziaren zerbitzuetan diharduten langileei.
- Adingabeek maizen egiten dituzten arau-hausteen sailkapena egingo du, esku-hartzeak egoera jakinetara hobeto egokitu daitezen.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila:
- Adingabeek eta haien familiartekoek zer laguntza lor dezaketen zehazten duen protokoloa prestatuko du: zentruetatik atera osteko sorospena, DSBE, prestakuntza-ikastaroak jasotzeko aukera, etab.
- Justiziako eta Lanbideko zenbait teknikariz osatutako lantaldea sortuko du, neurriak bete behar dituzten pertsonak lan-munduan txertatzeari begira, berariazko ekintzak azter eta proposa ditzan.
Osasun Saila:
- Legea hautsi duten adingabekoei osasun-txartel indibidual bana (OTI) emango die, haien osasun-laguntza bermatzeko asmoz.
- Aldizkako arreta psikiatrikoan jarriko du arreta, eta zentro itxietan egunerokoa izango da arreta hori.
- Osasun-laguntzarako indarrean dagoen protokoloa berrikusi eta, hala badagokio, eguneratu egingo du.
- Adingabeen droga-kontsumoa prebenitzeko eta jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko prestakuntza-ikastaroa antolatuko du.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila:
- Ikastetxeetako bizikidetzaren eta eskola-uzte goiztiarrak gutxitzearen alde lan egingo du.
- Ikasleentzako zein irakasleentzako prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak egingo ditu gazte-justiziaren arloan.
2015EKO LEHEN SEIHILEKOAREN BALANTZEA
2015eko lehen seihilekoaren datuen arabera, euskal organo judizialek 480 neurri ezarri zizkieten arau-hustearen bat egin zuten adingabeei.
2015eko lehen datuek azken urteotako joera berresten dute ondorengo alderdi hauei dagokienez:
- Profila: adin txikiko mutila (% 80,7), 14 eta 18 urte bitartekoa eta Euskadin jaiotakoa (% 66).
- Maizen egindako arau-hustea: Indarkeria erabiliz lapurreta (18,42%), indarra erabiliz egindako lapurreta (16,17%) ebasketa (13,25%) eta familiakiko eta genero indarkeria (13,03%).
- Neurri-mota: neurri irmoa (% 92,7), erdi-irekian betetzen duena (% 40). Hau da: adingabeak euren familia-eremuan geratzen dira baina eguneko zentroetara joan behar izaten dute, tratamendu anbulatorioa jasotzen dute, zaintzapeko askatasun-erregimenean egoten dira, gizarte-heziketako lanak egiten dituzte, gizartearentzako lanetan parte hartzen dute, asteburuko egonaldia etxean egiten dute, etab. 2015eko lehen seihilekoan, 480 neurrietatik 4 besterik ez ziren izan barneratze itxiak (% 0,8).
-
2015-09-25
Comentario de Twitter:
@gobiernovasco aprueba el IV Plan de Justicia Juvenil con inversiones de 80 millones de euros hasta 20... http://t.co/OKXnwCSSzI