Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

2015eko Merkataritza eta Turismoa sariek bikaintasuna oinarri komuntzat duten proiektu ezberdinen berrikuntza, lehiakortasun eta ibilbidea nabarmentzen dituzte

2015.eko irailak 23

Saridunen lana nabarmenduko du Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariak emango die saria, datorren urriaren 20an

Eusko Jaurlaritzak 2015eko Merkataritza eta Turismoa sariak ezagutarazi ditu; aurten honako saridun hauek izan dira: EKOBELARGI, Enpresa Lankidetzari Merkataritza Saria; Teresa Busto, Merkataritza Berrikuntzarako Saria; Bizkarra, Lanbide Ibilbideari Merkataritza Saria; Zuloa Irudia, Hiri-inguruen Dinamizazio Saria; Arbe Hotela, Berrikuntza Bultzatzeari Turismo Saria; Jazzaldia, Lehiakortasunari Turismo Saria; Matilde Elexpuru, Lanbide Ibilbideari Turismo Saria, eta Turismoko epaimahaiaren errekonozimendu berezia Juan José Lekuonari.

Iñigo Urkullu lehendakariak sariok urriaren 20an emango ditu saridunen lanaren balioa nabarmentzeko ekitaldi berezi batean.

2015EKO MERKATARITZA SARIA

Ekobelargi, Enpresa Lankidetzari Merkataritza Saria

Ekobelargi izeneko enpresa 2013an sortu zuten belar-denden eta elikadura ekologikoaren sektoreko enpresaburu txiki batzuek; horren barnean, guztira, Gipuzkoako 24 enpresa eta 27 saltoki daude.

Bere bazkide guztientzako erosketa-zentral gisa sortu zuten enpresa, hornitzaileekin batera negoziatuz erosketa-baldintza hobeak lortu ahal izateko. Era horretan, % 4ko deskontuak lortu dituzte elikadura-produktuetan, bai eta baldintza esklusiboak ere osasunaren arloan; horri esker lehiakortasun handiagoa ez ezik, onura handia ere lortu dute elkarteko saltokientzat.

Lankidetza ez da erosketen kudeaketara soilik mugatzen, eta enpresa-kudeaketako bestelako arlo batzuetara ere zabaltzen ari da; horrela bada, komunikazio eta marketineko baterako ekintzak hasi dituzte, eta bere marka sortu dute produktu jakin batzuentzat.

Horrenbestez, epaimahaiak saria ematea erabaki du enpresa-lankidetzaren adibidea dela iritzita, eta bereziki baloratu du proiektu komun bat abian jartzeko 24 enpresa ezberdin biltzeak berarekin dakarren zailtasuna.

 Teresa Busto, Merkataritza-berrikuntzari Saria

Teresa Bustok 2007an sortu zuen ehungintzako negozio bat, eta luxu handiko sektore baterako zetazko janzkiak egiten espezializatu zen. Teresa Bustok jantzi esklusiboak diseinatu eta saltzen ditu; bezero bakoitzarentzat pertsonalizatuta eta kalitate handiko materialez egiten ditu, halaber.

Epaimahaiak Teresa Busto Merkataritza-berrikuntzaren saridun izendatu du haren estrategia berritzaileagatik; egiten dituen jantzien esklusibotasuna, diseinuen orijinaltasuna eta bezeroekiko tratu pribatua, jarduteko beste modu bat, dira estrategia horren oinarriak funtsean.

Ondorioz, irudimen eta lan handiko estrategia horri esker, Teresa Bustok sektoreko gainontzeko enpresetatik bereiztea erdietsi du, bai eta nazioarteko proiekzioa ere, bere produktuak munduko luxuaren arloko merkatu bikainenetan egon daitezen lortu baitu.

Bizkarra, Lan-ibilbideari Merkataritza Saria

Bizkarra Okindegia eta Gozotegia, Luis Mari Bizkarra buru izanik, ibilbide luzeko negozioa da. Haren aitak 1957an sortu zuen, baina gaur egungo dimentsioa hartu arte eraldatu da. Luis Mari Bizkarrak, hazkunde hori lortzeko, erabaki ausart batzuk hartu zituen; horri esker, familia-negozio txiki bat izatetik 25 establezimendu eta 50 langile izatera igaro da. Gaur egun, bere seme-alabek zuzentzen dute negozioa; enpresaren familia-tradizioari eutsi diote, beraz.

Seme-alabak sartuta, gozogintza-lantegia irekitzearen aldeko apustua egin dute, eta horrela jauzi bat ere egin dute negozioaren dimentsioari dagokionez.

Ondorioz, Luis Mari Bizkarrak Lanbide-ibilbidearen saria merezi duela iritzi dio epaimahaiak; besteak beste, kudeatzeko gaitasuna, merkataritza-ikuspegia eta unean-unean erabaki egokienak hartzeko izandako intuizioa direla eta. Horri guztiari esker negozio apala zena okintzaren eta gozogintzaren sektoreko erreferente bilakatu da, bai eta lan hori aitortzeko sari ugari eskuratu ere, orobat.

Zuloa Irudia, Hiri-inguruen Dinamizazio Saria

Zuloa Irudiak, Gasteizko alde zaharraren erdian kokatuta, merkataritza-jardueraz gain antolatzen eta sustatzen dituen kultur jarduerengatik irabazi du saria.

Gehienbat komikiaren mundua jorratzen duen liburu-denda bat da, 1987an sortua. Hedegile kalean dago, Gasteizko alde zaharraren erdi-erdian.

Zuloa Irudiak negozioaren berezko kudeaketaz gain merkataritzatik kanpoko bestelako jarduerak ere bultzatzen ditu, eta kultura- eta gizarte-jarduerak antolatzeko doako espazio bihurtu da, halaber. Hori horrela, erakusketak, liburu-aurkezpenak, solasaldiak kulturaren munduko pertsonekin, etab. egiten dituzte bertan.

Horrenbestez, epaimahaiaren iritziz Zuloa Irudiak saria merezi du urteotan sustatutako jarduera ugariengatik (horrelako jarduerek hiriko kultura-bizitza dinamizatzen baitute), bai eta Gasteizi lotutako gizarte-ekitaldietan parte hartzeagatik ere. Kulturaren munduak, oro har, eta bereziki liburuarenak bizi dituzten une zail hauetan ere egiten ditu era horretako jarduerak, gainera.

2015EKO TURISMO SARIAK

Arbe Hotela, Berrikuntza Bultzatzeari Turismo Saria

Deba eta Mutrikuren artean, bide erdi; itsaslabarrean, itsasertzeraino jaisten diren pinudi eta artadien artean dago Arbe Hotela, dituen ikuspegien bitartez inguruaren edertasunaren lekukotasuna jasotzeko.

Hotelak 11 gela ditu, haietatik 10 bikoitz (geletako bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzat guztiz prestatuta dago, eta beste bat banakoek erabiltzeko), bai eta junior suite bat ere. Eta hori guztia berrikuntzaren aldeko apustu eztabaidaezina eginda.

Saria emateko arrazoietan hauek nabarmentzen dira, besteak beste:

•              Geotermia bidezko airea girotzeko instalazioa

•              Energia modu eraginkorrean kudeatzea

•              Hatz-markazko sarraila

•              Pintura ekologikoa

•              Natura-baliabideen aprobetxamendua

•              Kare-kontrako sistema

•              Garbigarri ekologikoak

•              Gosaltzeko produktu ekologikoak

Teknologia berrietan oinarritutako tresnak erabiltzea

•              Web-orria

•              Gizarte-sareak

Negozio turistikoen errentagarritasuna eta eraginkortasun operatiboa hobetzera bideratutako berrikuntza saritzeko helburua betetzen duela jotzen da, beraz.

Jazzaldia.  Lehiakortasunari Turismo Saria

Donostiako Jazzaldiak (gaur egun Heineken Jazzaldia) 50. edizioa bete du aurten.

Epaimahaikideen iritziz, bere jarduera-sektoreko Lehiakortasunaren saria merezi du, izan ere:

•              Lehen mailako musika-ekitaldia da; urteotan zehar eboluzionatu ondoren, Euskadiko musika eta kulturako ezinbesteko hitzorduetako bat bihurtu da, bai nazio-mailan bai nazioartean, eta Donostia /San Sebastián marka kultur turismoko helmuga gisa sendotu du.

•              Urte hauetan zehar azpiegitura enblematikoetako agertoki ugari erabili ditu bere kontzertuen egoitza modura, eta espazio publikoetan ere eskaini ditu emanaldiak hiria eta jazza herritar eta bisitariei hurbiltzearren.

•              Jazzaldiaren 50. edizioa egiteak handitu du, zalantzarik gabe, hiriak itzal handiko kultur ekitaldien antolatzaile gisa duen prestigioa, eta Donostia ekitaldiak hartu eta kudeatzeko toki erakargarri eta lehiakorra dela ez ezik, Euskadi Basque Country kalitateko turismogunea ere badela erakutsi du.

•              Hiriko beste sektore batzuetan sortutako aliantzak eta sinergiak nabarmendu behar ditugu (turismoa, ostalaritza eta merkataritza). Bultzatzeko eta erakartzeko ahalmena dela eta, Donostiako Jazzaldia gure turismo-helmugarako dinamizatzaile ekonomiko garrantzitsu bihurtu da.

•              Musika-jaialdi honek urteetan zehar izandako bilakaerak ibilbide sendoaz gain, kualitatiboki eta beste sektore batzuekin zeharka hazteko bokazioa ere berretsi du, era horretan kultura-turismoaren (musika eta jazza zehazki) eta city break deritzonaren zaleen itxaropenak gogobete ahal izateko.

Matilde Elexpuru, Ibilbide Profesionalari Saria

Matilde Elexpuruk, TISA SA enpresaren zuzendari nagusiak, irabazi du 2015eko Ibilbide Profesionalari Turismo Saria.

Epaimahaikideek honako arrazoi hauek nabarmendu dituzte horretarako:

•              Euskadiko lehen biltzar-antolatzaile profesionaletako batean, era horretako enpresarik ere ez zegoen garaian, izandako ibilbide profesional luze eta eredugarria. Zerbitzu-enpresa tipologia berri bat ikusaraztea ekarri zuen horrek.

•              Biltzar eta Konbentzioen MICE turismoari, Euskadiko turismo-sarietan inoiz saritu gabeko azpisektoreari, emandako bultzada. Sektore horrek interes handikoa da gure helmugarentzat, eta dibertsifikazio ekonomikoari ongi uztartzen zaio.

•              Euskadiko eta Espainiako biltzar-antolatzaile profesionalei emandako bultzada, interes kolektiboek bere ibilbide profesionalean tokia ere badutela erakutsi baitzuen horrela.

•              AED Bizkaia (Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea) sortu zuen eta haren presidentea izan zen, eta jarduera horretan emakumeak Euskadiko ekonomia-ehunean zer balio dituen nabarmentzeko ikuspegi berritzaile bezain beharrezkoa izan zuen.

•              Elkarrizketa sektorialerako prest agertu da beti, Euskal ETEak ekonomian eta gizartean indartu eta ikusaraztea ahalbidetuta.

•              Hasierako gogoetari lotuta, haren enpresa ez da bizkaitarra bakarrik izan, hiru lurraldeetan izan baititu egoitzak, eta Euskadiko hiri bakoitzetik EAEn MICE sektorea garatzen lagundu du.

•              Euskal hirietako Convention Bureau deritzonetan egindako lanagatik; hirien proiekzio kolektiborako erakundeak eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-ereduak dira horiek.

Juan José Lekuoma, epaimahaiaren errekonozimendu berezia

Azkenik, 2015eko Turismo Sarien Epaimahai Kalifikatzaileak, botoen gehiengo bidez eta salbuespenez, Juan José Lekuonari errekonozimendu berezia ematea erabaki du; Gazeoko San Martin Tourskoaren elizako erretaula barrokoaren atzean zeuden horma-pinturak halabeharrez aurkitu zituen 1967an.

Proposamen honen bidez pintura horiek aurkitu izana eta zaintzeko egindako lana ez ezik, bertako herritarrei zein jende guztiari oro har ezagutarazteko egindakoa ere aitortu nahi da; lan horri esker, izan ere, hamabost urte geroago (1982an) Alaitzako Andre Mariaren Jasokundearen elizan aurkitutakoekin batera, Aguraingo Kuadrillako turismo- eta kultura-baliabide nagusietako bat bilakatu baitira pintura horiek.

 

7 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PatxiCasal
    2015.eko abenduak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @hotelarbe: Descubre los motivos por los que nos han otorgado el Premio Turismo Impulso a la Innovación https://t.co/EMYXMSfn6t https://

  • @hotelarbe
    2015.eko azaroak 25

    Comentario de Twitter:
    Descubre los motivos por los que nos han otorgado el Premio Turismo Impulso a la Innovación https://t.co/EMYXMSfn6t https://t.co/jSePv1NJMN

  • @conunparmaletas
    2015.eko azaroak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @hotelarbe: Hotel Arbe Premio Turismo Impulso a la Innovación 2015
    https://t.co/EMYXMSfn6t @Irekia https://t.co/XMTts0WOEV

  • @hotelarbe
    2015.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    La climatización por Geotermia y la gestión eficiente de la energía
    son muy importantes para nosotros
    https://t.co/EMYXMSfn6t

  • @hotelarbe
    2015.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    Hotel Arbe Premio Turismo Impulso a la Innovación 2015
    https://t.co/EMYXMSfn6t @Irekia https://t.co/XMTts0WOEV

  • @hotelarbe
    2015.eko azaroak 11

    Comentario de Twitter:
    En hotel Arbe no pasaras calor en verano ni frío en invierno gracias a la Climatización por Geotermia https://t.co/EMYXMSfn6t

  • @LaSalveBilbao
    2015.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Zorionak a @BizkarraPan (que hacen el pan de LA SALVE) por su merecido Premio Comercio y Turismo 2015 http://t.co/FOmQXvbNKO

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)