Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Lehendakariak nabarmendu duenez, Euskadik ekonomia suspertzeko eta enplegua berreskuratzeko pausoak ematen jarraitzeko «oinarri sendoa» dauka

2015.eko irailak 24

Gaurko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Eusko Jaurlaritzak bakea eta bizikidetza sendotzearen alde eta Euskadirako estatus politiko berri baten oinarriak adostearen alde hartutako konpromisoak ere hizpide izan ditu Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak ekonomiaren suspertzea eta enpleguaren berreskurapena nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren lehentasun estrategikoen artean, gaur, Eusko Legebiltzarrean, Politika Orokorreko osoko bilkuran egin duen hitzaldian. Ildo horretatik, Euskadik bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko «oinarri sendoa» daukala, eta horri esker, egoera «itxaropentsuagoa» marraztu daitekeela esan du.

Eusko Legebiltzarraren jarduera-urteari hasiera ematen dion osoko bilkuran egin duen hitzaldian, euskal gobernuak bultzatuko dituen neurriak azaldu ditu lehendakariak. Neurri horiek Eusko Jaurlaritzaren funtsezko hiru ardatzetan oinarritzen dira, eta ekonomia eta enplegua sustatzeaz gain, bakea eta bizikidetza sendotzea eta estatus politiko berri baterako akordioa lortzea dira. 

EKONOMIA ETA ENPLEGUA

Erronka, lehendakariak azaldu duenez, «etorkizun ekonomikoa eraikitzen jarraitzea» da, eta horretarako, berrikuntzari, Basque Country estrategiari eta enpleguari beste bultzada bat eman behar zaie. Azken alderdi horri dagokionez, datorren urteko aurrekontuak enplegu-planak bultzatuko dituela iragarri du, gazteen kolektiboan eta langabezian denbora luzea daramaten pertsonengan arreta berezia jarrita. Gainera, Lehen Aukera programako aurrekontua % 50 handitzeko konpromisoa aurreratu du. Horren bidez, lehenengo lan-esperientzien alde egingo du, praktikako lan-kontratuak sustatuz.

Era berean, 2015. urte honetan ekonomian «seinale aldaketa bat» gertatu dela esan du, bigarren hiruhilekoan BPGa % 2,7 hazi delako, industriaren ekoizpen-indizea % 3,2 eta enpresa-konfiantza % 2,1. 

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Eusko Jaurlaritzaren jardunaren funtsezko beste ardatzetako bati, hau da, bakea eta bizikidetza sendotzeari dagokionez, euskal gobernuak «gizarte-topaketaren» aldeko konpromisoari eutsiko diola azpimarratu du, eta ildo horretan, egoera desblokeatzea sustatzearren «iniziatiba hartzeko» eta «arriskuak bere egiteko» asmoa iragarri du. Horren adibide gisa, aste honetan bertan biktimen inguruko politika publikoetan aurrerapausoak emateko Batera Konpromisoa aurkeztu izana aipatu du.

Hala, hauteskunde orokorren ondoren sortzen den Espainiako gobernu berriari «printzipio legal eta humanitarioetan oinarrituz» normaltasun penal eta penitentziarioa berreskuratzeko proposamen bat aurkeztuko diola iragarri du. Proposamen hori Zuzen Bidean eta Hitzeman agirietan jasotakoan oinarrituko da. Aipatutako iragarpena egin aurretik, ETAri «baldintzarik gabeko eta behin betiko armagabetze- eta desagertze-prozesu bat» hasteko exijitu dio, eta ezker abertzaleari «presoei banakako espetxe-onurak lortzea eta legezko bideetatik gizarteratzea eragozten dien beto kolektiboa bertan behera uzteko» eskatu dio.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak elkarbizitzarako oinarrizko akordio baten proposamena prestatuko du, zoru etikoan oinarrituta; hori ere hauteskunde orokorren ondoren.

EUSKADIRAKO ESTATUS POLITIKO BERRIA

Lehendakariak autogobernua «finkatzearen» eta Euskadiri «aitortutako eskumenak zabaltzearen» alde ere egin du. Horretarako, Estatuarekin beste itun bat egitea proposatu du. Ildo horretan, Gernikako Estatutuak, urte hauetan «legedia inbaditzaile» baten bidez «degradatuak», abiapuntua izan behar duela gogorarazi du, eta berau aldatzeko «gizartearen berrespena» behar dela.

Erantsitako fitxategiak

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2015.eko irailak 25

    Comentario de Twitter:
    @iurkullu señala que se incrementará un 50% el presupuesto del programa #LehenAukera http://t.co/4BWfyKdjCL

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)