Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkoreka: «Enplegua eta ekonomia dira gizartearen kezkak, eta lehendakaria horietaz arituko da bihar politika orokorrari buruzko osoko bilkuran»

2015.eko irailak 23

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadin elkarrizketatu dute, eta ETAren aurkako azken polizia-operazioaz ere hitz egin du

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkoreka bihar Eusko Legebiltzarrean egingo duten politika orokorrari buruzko eztabaidaz hitz egin du. Esan duenez, lehendakariaren hitzaldiak langabezia eta ekonomia jorratuko ditu, horiek baitira Euskadiko gizartearen kezkak. Hala azaldu du Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean. Gainera, ETAko kideen azken atxiloketez ere aritu da.

Erkorekak jakinarazi duenez, lehendakariak hitzaldi errealista egingo du, eta gutxika susperraldi baterantz jotzen duen egoera ekonomikoaren argi-itzalak azalduko ditu. Ildo horretatik, gogorarazi du urriaren erdialdera arte itxaron beharko dela zerga-bilketaren gaineko Dirubideen Euskal Kontseiluaren ondorioak ezagutzeko eta Euskadiko erakundeek gastuak eta sarrerak doitu beharko dituzten zehazteko.

Autogobernuaren Lantaldeak eskatutako eta duela gutxi Legebiltzarrean aurkeztu dituzten txostenei dagokienez, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ez diola inoiz transferentzia argiei uko egingo, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari kasu. Izan ere, a priori bideragarriagoa da Euskadin Espainian baino, enplegua duten pertsonen kopurua handiagoa delako. 

ETAren aurka Frantzian gauzatu den azken polizia-operazioari dagokionez, zuhur agertu da talde terroristaren heriotza-akta dela dioten adierazpenen aurrean. Izan ere, bere ustez, ETAri dagokio amaitzeko eta eragindako kaltea errekonozitzeko konpromisoa hartzea. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak proposatutako amaiera ordenatuaren alde egin du, poliziak desegitea baino solidoagoa, konprometituagoa eta garantistagoa delako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)