Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Zinema hizkuntza ez hegemonikoetan sustatzeko konpromisoa

2015.eko irailak 22

Eusko Jaurlaritzak eta Europako 15 herrialde eta eskualdetako erakundeetako ordezkariek manifestua irakurri dute

63. Donostiako Zinemaldia baliatuz, hizkuntza ez hegemonikoak dituzten hamabost herrialde eta eskualdetako erakunde-ordezkariek lan bilera egin zuten atzo arratsaldean. Esperientziak eta ezagutzak trukatu dituzte, eta Glocal cinema: big stories, small countries manifestua adostu dute hizkuntza ez hegemonikoetan lanean dabiltzan profesionalek egiten dituzten lanak sustatzeko eta balioan jartzeko.  

Lan bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitu du, eta bertan izan dira, besteak beste, Norvegiako, Estoniako, Letoniako, Finlandiako, Danimarkako, Poloniako, Suitzako, Galeseko, Esloveniako, Irlandako, Islandiako, Friuli Venezia Giuliako eta Euskadiko ordezkari instituzionalak.

Hizkuntza ez hegemonikoetan egiten den zine produkzioa sustatzea da bileran elkartu diren ordezkarien helburua, “komunitate guztiek daukatelako bere istorio propioak bere hizkuntzan kontatzeko beharra” defendatu dute. Hizkuntza txiki eta ertainez ari dira, eta definizio horretan Europan hitz egiten diren hizkuntza guztiez ari dira, bost nagusiak kenduta: ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta gaztelera.  

Hizkuntza ez hegemonikoetan lanean diharduten profesionalek euren lanak banatzeko zailtasunak dauzkate, merkatu txikia baitute. Hala ere, hizkuntza eta kultura balioan jarri eta euren hizkuntzan lana egitea erabakitzen dute. Kursaalen bildu diren ordezkari instituzionalek baliabideak eman nahi dizkiete zinegileei euren hizkuntzan lanean jarraitzeko eta mapa kultural ezberdin horri ikusgarritasuna eman eta balorean jartzeko.

Horixe izan da lan bileraren helburua, hain zuzen, proposamenak garatzeko eta erronka berriei elkarrekin ekiteko plataforma sortzea. “Esperientziak ezagutu eta trukatzeko; kooperazio bideak garatzeko; zirkuitu berriak sortzeko. Alegia, zine mundura aniztasun linguistikoa eramateko”, adierazi du Joxean Muñozek.

Manifestuaren irakurketa

Glocal cinema: big stories, small countries izeneko manifestua gaur goizean irakurri dute sektoreko profesionalen eta komunikabideen aurrean Kursaalen egindako ekitaldian. Bertan aitortu dutenez, “aniztasun linguistikoa Europak duen balio garrantzitsua da eta altxor hori ezagutaraztea indar-gunea da”. Herrialde produktore handiez haratago, beste merkatu hori egon badagoela gizarteratzeko eta horretarako sarea osatzeko konpromisoa berretsi dute.

Donostian egindako bilerak jarraipena izango du. Horrela eman dute jakitera,  etorkizuneko lan-ildoen berri ematearekin bat. Lau puntu azpimarratu dituzte: lan taldea sortzea eta egonkortzea; kooperazio eta topaketak sustatzea; zinema europarraren hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzea; eta,  ikusgarritasuna areagotzea.

 

Clocal cinema: big stories, small countries manifestua eskuragarri dago atxikitako PDF formatuan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Zinema hizkuntza ez hegemonikoetan sustatzeko konpromisoa http://t.co/SdmpR6WyGT

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko irailak 23

    Comentario de Twitter:
    Compromiso en aras de impulsar el cine en lenguas no hegemónicas http://t.co/QiZSLSpxEc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)