Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Euskadi Lagunkoiak, Alzheimerren elkarteen laguntzarekin 20.000 eskuorri argitaratu ditu, dementzia duten pertsonei tratu adeitsua eskaintzeko

2015.eko irailak 19
  • Kalkuluen arabera, Euskadin 45.000 lagun inguruk dauka dementzia gaur egun
  • 65 urtetik gorako hamar pertsonatik batek du dementzia, eta 85 urtetik gorakoetan, berriz, hirutik batek

 

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako ekimena da, eta gida bat argitaratu berri dauka eskuorri formatuan, dementzia duten pertsonei tratu adeitsua eskaintzeko helburuz. Eskuorriaren 20.000 kopia inguru egin dituzte eta hainbat udalerritan banatuko dira asteburu honetan, Alzheimerraren Mundu Eguna datorren astelehenean izango dela eta. Ekimen honetan parte hartu dute, halaber, Euskadiko Alhzeimerraren Federazioko elkarteek.

Triptiko honen 20.000 kopia egin dituzte, 15.000 gaztelaniaz eta 5.000 euskaraz. Jada 5.000 esandako euskal federazioan biltzen diren elkarteei helarazi dizkiete dagoeneko:  AFA Araba, AFA Bizkaia eta AFAGI. Alzheimerren gaixotasunaren senitartekoen elkarteek eurek banatuko dituzte eskuorriak, asteburu honetan Alzheimerraren Mundu Eguna dela-eta euskal udalerrietan antolatu dituzten ekitaldietan (esandako eguna datorren astelehenean izango da, irailak 21).

Ekimenaren helburua dementzia duten herritarrekiko gizarte atsegina sortzen laguntzea da, eta gida honetan gaixotasun hori duten pertsonak nola tratatu adierazten da zenbait egoeratan, esaterako kalean, supermerkatuan edtoa autobusean. Era berean, dementzia zer den azaltzen du gidak, bai eta pazienteok zer sintoma izaten dituzten ere.

Dementzia zerebroari eragiten dioten gaixotasun neurodegeneratiboekin lotutako sindromea da, eta honako ezaugarri hauek izaten ditu: umore-aldaketak gertatzea edota memoria, orientazioa, antolaketa, hizkuntza, ulermena edota arazoak konpontzeko gaitasuna murriztea.

Triptikoak azaltzen duenaren arabera, dementzia duten gehienek 65 urte baino gehiago izan ohi dituzte, baina batzuetan baliteke gazteagoak izatea ere. Gaur egun, estimazioen arabera, 65 urtetik gorako hamar pertsonatik batek du dementzia. 85 urtetik gorakoen artean, berriz, hirutik batek. Horrek esan nahi du Euskadin 45.000 lagun inguruk bizi duela tankerako egoeraren bat. Kopuru horri erantsi behar zaio 135.000 lagun inguru aritzen direla haiek zaintzen etxeetan.

Dementzia ez da berdin agertzen pertsona guztietan; edonola ere, gidak hainbat sintoma komun identifikatzen ditu sindrome hau hauteman ahal izateko. Gauzak maiz ahaztea, desorientazioa, arazoak konpontzeko zailtasunak, ulermen- eta adierazpen-arazoak eta portaera-aldaketak... ohikoak izaten dira.

Gure inguruan halako pertsonak baditugu, haiekin tratatzeko hainbat gomendio ere ematen ditu gidak: irribarre egitea eta begietara begiratzea, patxadatsu eta atsegin izatea, ahots-tonu goxoz hitz egitea, barre egin gabe despiste-egoerei garrantzia kentzea, esaten dena sinplifikatzea baina umetu gabe, galdera errazak edota banan-banan egitea, argibideak urratsez urrats ematea, galdera edo esaldia errepikatzea ondo ulertu ezean, eta pertsona beti duintasunez eta errespetuz tratatzea.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako ekimena da. Helburua adineko pertsonen eta, oro har, herritarren partaidetza sustatzea da, Euskadiko udalerrietako auzoak eta inguruak hobetzeko. Hala, gida hau argitaratu du dementzia duten pertsonei tratu atsegina eskaintzeko helburuarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko