Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Eusko Jaurlaritza, Foru-Aldundiak eta Elkargi: zerga-pizgarriak eta finantza-aholkularitza zinemarentzat

2015-09-19
  • Elkargik, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, finantza-aholkularitza pertsonalizatua eskainiko die kultura-enpresei
  • Euskadiko foru-ogasunek %30eko zerga-arintzea egiten diete zineman inbertitzen duten enpresei
  • Hiru erakundeek lan-jardunaldi bat egin dute gaur goizean ikus-entzunezkoen industriarekin, Zinemaldiaren barruan  

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Marco Pineda Elkargiko zuzendari nagusiak eta Bittori Zabala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusiak ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalekin lan-jardunaldi bat egin dute gaur goizean, Donostia Zinemaldiko agenda profesionalaren barruan. Topaketa horretan, hiru erakundeek ikus-entzunezko produkzioak finantzatzen dituzten inbertitzaile pribatuentzat gaur egun Euskadin dauden zerga-pizgarriak azaldu dizkiete bertaratutakoei, baita kultura-enpresei finantza-aholkularitza emateko proiektu pilotua ere; azken hori Elkargik (Elkarrekiko Garantia Elkartea) eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute.

%30eko zerga-arintzea

Saioan azaldu duten gisan, Euskadiko hiru foru-ogasunek jada sozietate-zergaren gaineko %30eko zerga-arintzea eskaintzen dute ikus-entzunezko produkzioan inbertitzeagatik; Estatuan, berriz, %18ko zerga-arintzea aplikatzen da. Pizgarri horrek Euskadi oso lehiakor bihurtzen du, zineman inbertitzearen aldeko apustua egiten duten enpresak erakartzeari dagokionez. Gainera, Bruselak pizgarri hori onartzen duen Bizkaiko araudia berretsi berri du, eta laster, Arabako eta Gipuzkoako araudiekin gauza bera gertatzea espero dute.

Elkargi: finantzaketarako aholkularitza pertsonalizatua

Bestalde, Elkargik, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, aholkularitza pertsonalizatua eta finantza-diagnostiko indibiduala eskainiko dizkie kultura arloko enpresei eta autonomoei. Sektore publiko eta pribatuaren arteko kolaborazioari dagokionez, ekimen aurrendaria da hau, eta honako bi helburu hauek ditu: batetik, ezein kultura-proiektu bideragarri ez geratzea gauzatu gabe finantzazio faltagatik (Eusko Jaurlaritzaren xedea), eta bestetik, kultura-industriari finantzabidea erraztea (Elkargiren xedea). 

Proiektu pilotu horri atxiki nahi zaizkion kultura-enpresek urriaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Aukeratutako enpresa bakoitzarentzat lanerako plan zehatz bat prestatuko da, osoko bilkurak tailerrekin eta finantza-aholkularitzekin konbinatuta.

Laguntza publikoak albora utzi gabe

Kultura-industriak orokorrean, eta zinemarenak bereziki, bizi duen eredu aldaketaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzak oinarrizkotzat jotzen du zinema-proiektuen finantzaketa pribaturako bide berriak aztertzea eta urratzea. Lan hori Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko produkzioari ematen dizkion diru-laguntzak jasotzea eragotzi gabe egiten ari da eta bi ardatz ditu: alde batetik, filmak finantzatzeko inbertitzaile pribatuak erakartzea, eta bestetik, produkzio-etxeei finantzabidea erraztea.

Helburu horiekin, Eusko Jaurlaritza foru-ogasunekin elkarlanean aritu da, ikus-entzunezko produkzioan parte hartzen dutenentzako pizgarriak sortzeko, sektorearekin zerikusirik ez duten enpresentzat zineman inbertitzea erakargarria izan dadin. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak euskal industriaren finantzaketan erreferente den Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkartearekiko lankidetza sendotu du, ikus-entzunezko produkzio-etxeei finantzabidea errazteko.

3 iruzkin
  • @CamiladeEpalzaA
    2015-09-21

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritza, Foru-Aldundiak eta Elkargi: zerga-pizgarriak eta finantza-aholkularitza zinemarentzat http://t.co/8lPR7Bxyck

  • @CamiladeEpalzaA
    2015-09-21

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco, Diputaciones Forales y Elkargi: incentivos fiscales y asesoramiento financiero al cine http://t.co/Er0IXb7DEY

  • @gananzia
    2015-09-21

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco, Diputaciones Forales y Elkargi: incentivos fiscales y asesoramiento financiero al cine http://t.co/V7TvIKV34B

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Marco Pineda (Elkargi), Bittori Zabala (Gipuzkoako Foru Aldundia)