
Kontsumobidek EAE-ko ikastetxeetan 2015-2016 ikasturtean eman beharreko kontsumoari buruzko prestakuntza-ekintzak aurkeztu ditu
Iazko ikasturtean, 2014-2015ekoan, guztira 53.560 ikaslek eta 928 gurasok jaso dute kontsumoari buruzko prestakuntza.
Kontsumobidek adinekoentzako berariazko programa bat ere badu eta prestakuntza-ekintzak urte osoan garatzen ditu bere prestakuntza-zentroetan.
Kontsumobidek EAEko ikastetxeetarako prestakuntza-eskaintza berria aurkeztu du. Prestakuntza horren 2015-2016rako deialdia irailaren 30era arte egongo da irekita. Kontsumobidek programa hori berariaz diseinatu du Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. zikloko zentroetan doako prestakuntza emateko; ikasleentzako tailerrak ez ezik, gurasoentzako bestelako jarduerak ere hartzen ditu barnean, bai eta kontsumoaren arloko pedagogia-orientazioko zerbitzu bat ere irakasleentzat.
Helburu hauek ditu, besteak beste: batetik, ikasleei baliabideak ematea kontsumo-gizartean pertsona kritiko eta arduratsu modura jokatu dezaten, eta bestetik, kontsumoaren ondoriozko fenomeno jakin batzuen aurreko erabakiak har ditzaten erraztea.
Horretarako, 2015-2016ko ikasturte honetan 36 tailer egin ahal izango dituzte kontsumoaren alorreko hainbat gairi buruz (18 Lehen Hezkuntzan eta 18 DBHko 1. eta 2. mailan). Ikastaroak heziketa-ziklo bakoitzera orientatu eta egokituta egongo dira.
LEHEN HEZKUNTZAKO TAILERRAK:
- KONTSUMITZEN IKASIKO DUT
- SUPERMERKATUA ETA EROSKETA
- ELIKAGAIEN EKOIZPENA
- FRUTA ETA BARAZKIAK
- LITXARRERIAK
- ONTZIAK ETA EUREN BERRERABILERA
- PAPERAREN BIRZIKLAPENA
- URA: KONTSUMOA ETA AURREZTEA
- LEHENGAIEN ERALDAKETA
- ENERGIA
- GARRAIOBIDEAK
- JOLASA ETA JOSTAILUAK
- BIDEO-JOKOAK
- PUBLIZITATEAREN ANALISIA
- PRODUKTU SEGURUAK
- BADAKIZU ZER JANZTEN DUZUN? ETIKETAK ESATEN DIZU
- ELIKAGAIAK: ETIKETAK ETA OSAERA
- TEKNOLOGIA BERRIAK
BIGARREN HEZKUNTZAKO TAILERRAK:
- KONTSUMITZEN IKASIKO DUT
- ELIKADURA ETA NUTRIZIOA
- GORPUTZAREN GURTZA
- ELIKAGAIEN MANIPULAZIO SEGURUA
- KONTSUMOA ETA INGURUMENA
- PRODUKTU BATEN BIZI-ZIKLOA
- URAREN KONTSUMO ARDURATSUA
- ENERGIA-ERAGINKORTASUNA
- AISIA ETA KONTSUMOA
- BIDEO-JOKOAK
- PUBLIZITATEA ETA MARKAK
- OSASUNA ETA SEGURTASUNA
- BIDEZKO MERKATARITZA
- ELIKAGAIAK: ETIKETAK ETA OSAERA
- ETXEKO EKONOMIAREN JOKOA
- BADAKIZU ZER JANZTEN DUZUN? ETIKETAK ESATEN DIZU
- TELEFONO MUGIKORRA
- INTERNET
Kontsumobidek guztira 2.604 tailer eman zituen 2014-2015eko ikasturtean eta EAEko 53.560 ikaslek jaso zuten prestakuntza.
Gaiari dagokionez, hauek izan ziren gehien eskatutako tailerrak, eta aurten ere eskaini dira, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloan: litxarreriak, supermerkatua eta erosketa eta elikagaien ekoizpena; hirugarren zikloan, berriz, teknologia berriak eta publizitatearen analisia izeneko tailerrek izan dute arrakasta handien.
Bigarren Hezkuntzan, bestalde, elikadura eta teknologia berriei buruzko tailerrak eskatu dituzte gehienbat.
Halaber, Kontsumobidek 7 tailer eta informazio-hitzaldi bat eskaintzen ditu gurasoen prestakuntzari dagokionez; teknologia berrien erabileraren eta elikaduraren gaineko gaiak dira gehien eskatzen dituztenak. Iazko ikasturtean 928 gurasok parte hartu zuten guztira tailerretan, hazkunde handia, beraz, aurreko ikasturteko kopuruaren aldean.
Prestakuntza adinekoen zentroetan eta Kontsumobideren zentroetan
Ikastetxeetako prestakuntza-programaz gain, Kontsumobidek berariazko beste bi programa ere baditu prestakuntza-ekintza garatzeko: adinekoen zentroetan gauzatzen duena eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako prestakuntza-zentroetan eskainitakoa.
Kontsumobidek bere jardunaren lehentasunezko lerrotzat du prestakuntza, 2014-2018rako Plan Estrategikoan biltzen duen moduan, 'prestakuntza arin eta eraginkorra, behar berrietara orientatua, kontsumitzaileei beren eskubideei buruz informatu, kontzientziatu eta hezteko, produktuen eta zerbitzuen kontsumo kontziente, kritiko, jasangarri eta arduratsu baten ikuspegitik betiere', adierazi du Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak.
Horrela bada, Kontsumobidek doako ikastaro, tailer eta hitzaldiak eskaintzen ditu bere prestakuntza-zentroetan urte osoan zehar, herritarrentzat oro har, bai eta hainbat talderentzat ere (helduentzako hezkuntza-zentroak, Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko eta Batxilergoko ikasleak, elkarteak eta abar). Urte osoan dago izena emateko aukera, eta gaiak 9 arlotan daude banatuta: publizitatea, etiketak, erosketak eta zerbitzuak, jasangarritasuna, kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak, segurtasuna, teknologia berriak, finantza-zerbitzuak eta elikadura. Zehazki, prestakuntza horren bitartez Kontsumobidek, helburu orokorraz gain, kontsumitzaileen hezkuntza dinamizatu nahi du, eta kontsumoari buruzko prestakuntza-jarduerak egin ditzaten erraztu nahi die hainbat kolektibo eta elkarteri.
Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan garatutako prestakuntza-ekintzetan 24.555 lagunek hartu zuten parte iaz.
Adinekoen zentroetako prestakuntza teoriko-praktikoa da. Astebetean, kontsumoari buruzko bi gai espezifiko lantzen dituzte kolektibo horrentzat, hitzaldien bidez, eta alde praktikoa, ikasgelen bidez eta ekoizpen-zentroetara eta beste enpresa batzuetara egindako bisiten bidez jorratzen dute. Iaz 3.142 lagunek parte hartu zuten; hauek izan ziren gehien eskatutako gaiak: medikazioa eta automedikazioa; adinekoen segurtasuna, eta elikadura eta nutrizioa.
Datorren urterako prestakuntza eskatzeko deialdia azarotik aurrera egongo da zabalik.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: http://www.kontsumobide.eus
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailak 18a.
-
2015-09-23
Agradeceré información sobre los centros donde se imparte formación para mayores en Vitoria-Gasteiz:
La formación en los centros de mayores es teórico-práctica. A lo largo de una semana se imparten conferencias sobre dos temas específicos de consumo dirigidos a este colectivo, que se complementa mediante aulas prácticas y visitas a centros de producción y otras empresas. El pasado año participaron 3.142 personas y los temas más solicitados fueron medicación y automedicación, seguridad de las personas mayores y alimentación y nutrición.La convocatoria para solicitar la formación para el año que viene se abrirá a partir de noviembre.