Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak langileak hautatzeko beste prozesu bat abiarazi du, Euskadiko Administrazio Orokorrean 9 lan poltsa kualifikatu osatzeko

2015.eko irailak 20
  • Lehen aldiz, 9 poltsetako 5 merezimendu-lehiaketa bidez eratuko dira eta ez da azterketarik egin beharko. Gainerako 4en probak urrian egingo dira.  Abenduan eratuta egongo dira 9 poltsak.
  • Kasu honetan, hauek dira osatuko diren lan-poltsak: industria-ingeniaritza, medikuntza, erizaintza, albaitaritza, arkitektura enpresa-zuzendaritza, psikologia, estatistika eta gizarte-lana.
  • Eusko Jaurlaritzak gazte kualifikatuei lan-aukerak eskaini nahi dizkie eta administrazio-langileen batez besteko adina gaztetu nahi du.

Jaurlaritzak langileak hautatzeko prozesu berri bat deitu du gaur Euskadiko Administrazio Orokorrean 9 lan poltsa kualifikatu sortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten egunkari guztietan argitaratu da informazioa eta, gainera, kontsultagarri dago HAEEren webgune ofizialean: www.ivap.euskadi.eus.

Lan-poltsa horietan izena emateko epea bihar hasiko da, astelehena, irailak 21. Industria-ingeniaritzan, medikuntzan, erizaintzan, albaitaritzan eta arkitektura teknikoan izena eman nahi dutenek urriaren 1era (osteguna) arte aurkez ditzakete eskabideak. Enpresa-zuzendaritzan, psikologian, estatistikan eta gizarte-lanean izena eman nahi dutenek datorren ostiralera (irailak 25) arteko epea dute. Batean zein bestean, eskabideak online egin beharko dira: www.ivap.euskadi.eus.

Hauta-probak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ardurapean egongo direnak, datorren urrian egingo dira. Hala bada, lan-poltsa guztiak eratuta egongo dira abendurako, eta poltsa osatuko duten pertsonak hil horretan bertan hasi ahal izango dira lanean.

9 LAN POLTSA

Lehen aldiz, 9 lan-poltsa horietako 5en ez da ezagutza-azterketarik egin beharko; izan ere, poltsa horien xedeko lanbideak lege bidez araututa daude eta, ondorioz, ikasketa horiek edozein zentrotan eginda ere, hezkuntza-curriculuma uniformea da. Honakoak dira:

 

  • Industria-ingeniaritza: industria-ingeniariak.
  • Medikuntza: Medikuntzako tituludunak.
  • Erizaintza: Erizaintzako diplomadunak edo gradudunak.
  • Albaitaritza: Albaitaritzako diplomadunak edo gradudunak, 3. profila dutenak.
  • Arkitektura teknikoa: Arkitektura teknikoko tituludunak, 3. profila dutenak.

Izan ere, eskatutako tituluen jabe izateak bermatuko du lan-poltsa osatzen dutenek aginduko zaizkien lanak egiteko beharrezkoa den ezagutza dutela. Ondorioz, hautagaiak merezimendu-lehiaketaren bidez aztertuko dira, honakoak kontuan hartuz: espediente akademikoa eta euskararen ezagutza, baldin eta ez bada beharrezko betekizuna, hala nola beste hizkuntza batzuena.

Hori dela medio, lan-poltsetako 4tan besterik ez dira egin beharko azterketa teorikoak:

  • Enpresa-zuzendaritza: enpresa-zuzendaritzako tituludunak.
  • Psikologia: psikologiako tituludunak, 3. profila dutenak.
  • Estatistika: estatistikako tituludunak, 3. profila dutenak.
  • Gizarte-lana: gizarte-langileak, 3. profila dutenak.

Kasu honetan, hautaketa-prozesuan azterketa teoriko eta psikotekniko bana egingo dira, hautagaien gaitasunak ebaluatzeko. Azken proba hori ez da kanporaketa motakoa izango eta, gutxieneko ezagutza ziurtatuta, ikaskuntza-gaitasun handia egiaztatu duten langileak hautatu ahalko dira.

ENPLEGU PUBLIKOAREKIKO KONPROMISOA

Lan-poltsen deialdi berri hau, bigarrena legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin hartutako konpromisoaren ondorio da. Prozesu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak lan-aukerak eskaini nahi dizkie gazteei –langabezia-tasa handieneko kolektiboa– eta, aldi berean, Euskadiko herri-administrazioko langileen batez besteko adina «gaztetzeko» asmoa du. Hain zuzen ere, hori da Eusko Jaurlaritzak egindako Enplegu Planaren helburuetako bat.

Halaber, deialdi horiei esker, arinago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate-, berdintasun-, meritu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko dira.

ENPLEGU PUBLIKOKO LAU ESKAINTZA 2015EAN

Hautaketa-prozesu baten deialdia egiten den bigarren aldia da aurten. Otsailean egin ziren zuzenbide, ekonomia, arkitektura, epidemiologia, adin txikikoen zentroetako hezkuntza, berdintasun eta Administrazio Orokorreko goi-mailako kidegoaren alorreko lan-poltsak osatzeko probak.Horretaz gain, Jaurlaritzak hasita ditu 4 lan-eskaintza publiko, guztira, 1.696 lanpostukoak:

  • Ertzaintza: 250 lanpostu, XXV. promoziorako.
  • Hezkuntza: Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra.
  • Osakidetza: 1014 lanpostu (Txanda askekoak 507 eta barne-promoziokoak 507)
  • Justizia-administrazioa: 157 lanpostu, enplegua egonkortzeko (Eusko Jaurlaritzak kudeatu eta garatuko du, baina deialdia Justizia Ministerioak egina da).
2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lanbideejgv
    2015.eko irailak 22

    Comentario de Twitter:
    @Orientagune20 Te mandamos un link a la información http://t.co/SRUNWMJryD

  • @letiperezarreba
    2015.eko irailak 21

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno abre un nuevo proceso de selección de personal para integrar 9 bolsas de trabajo cualificado en la A... http://t.co/pYTIEEDOHc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)