Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Adituen iritzian, gizarteak hezeguneekiko duen interesa handitzeko, zabalpena eman behar zaio Urdaibaiko eta Txingudiko zentroek hezkuntzaren arloan egiten duten lanari

2015.eko irailak 17

 

  • Txingudi, Bidasoa: Euskadiko hezeguneetan ingurumen-hezkuntzaren gainean dauden esperientziei eskainitako jardunaldia

Txingudi/Irun, 15 09 17

Ingurumenaren arloan aditu direnek gaur goizean Bidasoko Ekoetxean adierazi dutenez, zabalpena eman behar zaio Urdaibaiko eta Txingudiko zentroek hezkuntzaren arloan egiten duten lanari, gizarteak hezeguneekiko duen interesa areagotzeko. Aditu horien artean daude, besteak beste, Sandra Paiva, Chris Rostron, Manuel Monge eta Fernando Ramos. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak «Esperientziak: Ingurumen-hezkuntza RAMSAR hezeguneetan» deituriko jardunaldia antolatu du Txingudiko Padurako Ekoetxean, hezeguneen nazioarteko sarearen muinean.

 

«Jasangarritasunaren hezkuntzan RAMSAR hezeguneetan erabiltzen ditugun ikuspuntu eta metodologiak ezagutzea eta ezagutaraztea da jardunaldion xedea. Gainera, sarearen kide diren hezeguneen arteko esperientzia trukatzen dugu, eta, horrela, bizi-kalitatea hobetzearen alde egiten dugu, hainbat hezegunetan egiten diren analisiei eta hezkuntza-lanari esker», adierazi du Alexander Botok, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen zuzendariak. Peli Basozabalek eta Jaione Lanborienak ere parte hartu dute topaketan.

 

Fernando Ramos komunikazio- eta ingurumen-aholkulariak RAMSARek ingurumen-hezkuntzari dagokionez duen ikuspegi orokorra eta metodologia argitu ditu. CECoP (Komunikazioa, Hezkuntza, Kontzientziazioa eta Parte-hartze publikoa adierazten dute siglek gaztelaniaz) programaren bitartez gauzatzen dituzte horiek. Programaren helburua, labur esanda, «jendea hezeguneen zentzuzko erabileraren aldeko ekintzara pasatzea» litzateke, ohartarazi du Ramosek. Ingurumen-hezkuntzak bi sektoretan biltzen du arreta (eskolan eta turismoan), eta «ez ditu tokiko eragileak zaintzen. Hain zuzen ere, horiek dira hezegunearen orainean eta etorkizunean modurik zuzenenean eragin dezaketenak», gaineratu du. Ramosen iritzian, beharrezkoa da programa hauek tokiko sektoreetara luzatzea, eta haiek ere kontserbazioan inplikatzea.

 

Manu Monge Urdaibai Biosfera Erreserbako teknikariak Garapen Jasangarrirako Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntzarako PICE Plana 2015-2025 izan du hizpide Urdaibairen kasuaz mintzatzeko. Mongek azaldu du sektoreko 170 eragileren arteko parte-hartze publikoa duela oinarri oraintsu onartutako planak, eta aurretik adostutako helburuak beteko dituen elkarlan-sarea eratu dutela.

 

Ekintzak

Eragileek nabarmendutako beharrei erantzuteko, ehun bat ekintza zehatz daude planteatuta, hurrengo hamar urteetan gauzatzeko. Horrela, PICE planak lau ardatz-programa eta zeharkako bi programa ditu. «Plana lantzeko prozesua eta emaitza inspirazio-iturri izan daitezke RAMSAR hezeguneek beren eragin-eremuetan hainbat ekintza antolatu ditzaten: jasangarritasunerako heztea, ondare natural eta kulturala interpretatzen ikastea, ikerketaren bidez ezagutzak sortzea, eta, azkenik, biztanleria bideratzea, haien lan-eremuan zein eremu-pertsonalean ohitura jasangarriak har ditzaten», zehaztu du Manuel Mongek.   

 

Teknikari euskaldunak adierazi du planeta osoan banatuta dauden eta biogeografia eta kultura aldetik hain ezberdinak diren RAMSAR hezeguneen ekintza bateratua esperientzia-iturri izugarria dela; «bereziki, Erresuma Batuko, Portugaleko eta Euskal Herriko kasu zehatzetan, CECoP bezalako tresna espezifikoak sortu direlako haietan».

 

Chris Rostron hezegune zentroetan aditu, Wetland Link International eta Wildfowl & Wetland Trust erakundeetako zuzendari, eta CECoP 2012-2015 taldeko kideak hezeguneen eta jendearen arteko loturaren galera kezkagarria dela agertu du. «Gizarteak ez ditu hezeguneak aintzat hartzen.» Aurreko baieztapenak arintzeko,Txingudi Ekoetxea bezalako zentroen balioa nabarmendu du, «oinarrizko rola betetzen duen pertsonal espezializatua duen tresna paregabea» dela esanez.

 

CECoP programa RAMSAR estandarra erdiesteko tresna garrantzitsua dela azpimarratu du, eta Wildfowl & Wetland Trust (WWT) eta Wetland Link International (WLI) erakundeen ezaugarri eta funtzionamendua aipatu ditu. «Hezeguneen kontserbazioaren aldeko egitura nagusiak dira Britainia Handian», esan du.

 

Azkenik,Sandra Paiva biologo eta Portugaleko EVOA-Tajoren Estuarioko Natura-Erreserbako koordinatzaileak bere erreserbaren kasua azaldu du, EVOA (Espaço de Visitaçao e Observaçao de Aves) ezagunaren bitartez. Ikuspegi orokor batetik, hezkuntza eta hezegunearen kontserbazioa bateratzen dituen ekintzak gauzatzen dituen zentro garrantzitsua da hori.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Peli Basozabal, Jaione Lanboriena, Paula Caviedes,