Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ japonieraz ere irakurgai

2015.eko irailak 17

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Aizpea Goenagak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Sho Hagiok eta Hiromi Yoshidak, itzultzaile eta irakasleek, Bernart Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ lanaren japonierazko bertsioa aurkeztu dute gaur Donostian.

Euskal kulturaren erreferentzia den liburu honen itzulpena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzari eta Etxepare Euskal Institutuari esker egin da. Izan ere, biek finantzatu eta babestu dute gaur aurkeztu den lana. Aipatu beharra dago Sho Hagiok eta Hiromi Yoshidak liburua euskaratik zuzenean itzuli dutela. Alegia, ez dute tarteko hizkuntzarik erabili beraien lana burutzeko. Euskaratik japonierara itzuli dute zuzenean. Gaur aurkeztu den lanari esker euskal kultura munduan zehar pixka bat gehiago ezagutuko da, zalantzarik gabe.

Liburuaren edizio hau hiru zatitan banatu dute egileek, irakurle japoniarren aurrean behar bezala azalduta ager dadin. Lehenengoak, Etxepareren testuaren itzulpena bildu du (Sho Hagiok eta Hiromi Yoshidak egina). Horri gehitu behar zaio azalpen paratestuala (Sho Hagioren eskutik) eta azalpen linguistikoa (Hiromi Yoshida egile). Azkenik, Ur Apalategi idazle eta filologo lapurtarrak eginiko hitzaurrea ere kontutan hartu beharra dago.

Sho Hagio Nagoya Institute of Technology unibertsitatean irakaslea eta Tokioko Euskal Etxeko sortzaileetako bat da. Duela 25 urte baino gehiago hasi zen euskara ikasten eta dagoeneko aditu bilakatu da euskal gaietan. Bere lehen ikerkuntza ardatza ikastolen mugimendua izan zen; hortik euskal hizkuntzaren berreskuratzearen inguruan hasi zen ikertzen, baita hizkuntza eta identitatearen artean dagoen harremanean ere. Berak azaltzen duenez, “kuriositateak bultzatuta” ikasi zuen euskara.

Hiromi Yoshidak, bestalde, Azpeitiarekin du lotura handiena. Bertako dialektoaren gaineko tesia burututa, urtero etortzen da Azpeitira egonaldia burutzera, eta bertako euskalkiaren inguruan ikertzera. Itzulpengintzan ere parte hartzen du. Gaur egun, Yoshida irakaslea poeta japoniar baten obrak euskaratzen ari da.

Gaur egun, Japonian 31 ikaslek hartzen dituzte klaseak irakurleei esker (23 euskara ikasten eta 8 euskal kultura ikasten). Irakurle bat hitzarmen bidez Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituen irakaslea da. Horrez gain, esparru akademikoan gure hizkuntzaren eta kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz ere arduratzen da, kultur ekintzak antolatuz. Gaur egun, aukera hau Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitateak (Tokyo University of Foreign Studies) eskaintzen du Japonen.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2015.eko irailak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ japonieraz ere irakurgai
    http://t.co/ooRetx01E2

  • @xanmixel
    2015.eko irailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ japonieraz ere irakurgai
    http://t.co/ooRetx01E2

  • @irunerrikoaek
    2015.eko irailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ japonieraz ere irakurgai
    http://t.co/ooRetx01E2

  • @AuziaEuskaraz
    2015.eko irailak 24

    Comentario de Twitter:
    Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ japonieraz ere irakurgai
    http://t.co/ooRetx01E2

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Hiromi Yoshida; Sho Hagio