Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu lehendakariak Itelazpi, SA sozietate publikoaren Zamudioko egoitza bisitatu du

2015.eko irailak 16

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak Itelazpi telekomunikazioko enpresa publikoaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Eusko Jaurlaritzaren titulartasunekoa den enpresa hori Euskadiko irrati-komunikazioko zentroen sarerik handiena kudeatzeaz arduratzen da. Gainera, broadcasting, TETRA eta ostalaritza-zerbitzuak ematen dizkie operadore publiko eta pribatu askori, artean, EiTB taldeari.

Lehendakariak Itelazpiren Zamudioko egoitza bisitatu du, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Itelazpiko zuzendari nagusi Juan José Bañosek sozietate publikoaren ibilbidea, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak azaldu dizkie. Izan ere, enpresa honek gobernantza onaren erreferente izateko helburua du. 

Bisitaldian, monitorizazio- eta kontrol-aretoan sartu dira. Han, Itelazpik eta Metro Bilbao bezeroak elkarrekin sortutako eta nazioartean aitzindaria den proiektu baten zuzeneko proban parte hartu du lehendakariak. Hain zuzen ere, lurpeko sarean zirkulatzen ari zen metro-bagoi bateko zuzeneko irudiak ikusteko eta bidaiarekin hitz egiteko aukera izan du. Proiektuaren alderdirik berritzaileena da multimedia-transmisioa igorpen kritikoko sareen gainean egin dutela. Horrenbestez, egun erabiltzen diren teknologiek baino segurtasun- eta jarraitasun-maila handiagoak dituzte.

Amaitzeko, lehendakariak eta gainerako agintariek Oiz mendiko zentro errepikagailua bisitatu dute. Hala, Euskadiko sareko zentro garrantzitsu bateko azpiegitura, ekipamenduak, segurtasun-neurriak eta funtzionamendua ezagutu dituzte. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)