Berriak Osasuna
Eu

Irailean hasiko dituzte Biogurutzeta Osasun Ikerketako Euskal Institutuaren eraikin berriaren obrak

2015.eko irailak 16

Hala jakinarazi du Jon Darpon Osasun Sailburuak, zeinak osasun-azpiegitura berri honen garrantzia nabarmendu ez ezik, Euskadik osasun-ikerketaren aldeko apustuaren adierazgarri dela esan duen. 2017an inauguratuko den eraikinak 5.000 m2 baino gehiago hartuko ditu

Irailean bertan hasiko dituzte obrak. Hala jakinarazi du gaur Osasuneko sailburu Jon Darpónek. Gainera, osasun-azpiegitura berriaren garrantzia azpimarratu du. «Euskadik osasun-ikerketaren alde egiten duen apustuaren adierazgarri da. Oraingoan Euskadiko ikerlarien beharretara egokitutako eraikin bat eraikiko dugu, eraginkortasun energetikoko irizpideen arabera diseinatutakoa», esan du. Obrak 2017ko amaieran bukatzea aurreikusi dute. Eraikin berriak 5.000 metro koadro baino gehiago hartuko ditu, honela banatuta: sotoa, erdisotoa, beheko solairua eta lau solairu altu. Instalazio lehiakor horietan ikerketa biomedikoa egingo dute.

BioGurutzetak 58 ikerketa-talde dauzka, 7 ikerketa-arlotan banatuta:Osasuneko Lehen Mailako Arreta, Prebentzioa eta Gaixotasun Kronikoak; Minbizia; Endokrinologia, Metabolismoa, Elikadura eta Giltzurrunetako Gaixotasunak; Gaixotasun Autoimmuneak, Hanturazkoak eta Infekziosoak; Nerbio Sistemako Gaixotasunak; Kirurgia, Transplante eta Osasun Teknologietako Berrikuntza, eta Ama-Haurrentzako Osasuna eta Laguntza Bidezko Ugalketa. Bere lana egiteko, Animaliategi bat eta Animaliekin Esperimentatzeko Unitate bat, Biobankua eta Genetika-Genomika, Metabolomika eta Proteomika, Zelula Hazkuntza, Fluxu Zitometria, Mikroskopia, Terapia Zelularren Areto Zuria, Biomedikuntza Kuantitatibo, Epidemiologia Kliniko, Euskarri Metodologiko eta Entsegu Klinikoetako plataformak dauzka.

Bestalde, Jon Darpón sailburuak jakinarazi du atzoko gobernu-kontseiluak onartu egin zuela Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, EAEk eta Osakidetzak lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, BioGurutzeta ikerketa-institutua beharrezko azpiegitura zientifikoez hornitzeko. Ekonomia eta Lehiakortasun ministro Luis de Guindos, Osasuneko sailburu Jon Darponek eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak sinatuko duten hitzarmenaren helburua BioGurutzeta finantzatzea da (eraikin berria, Gurutzetako unibertsitate-ospitalearen zenbait espazio birmoldatzea institutuak erabiltzeko, eta laborategi eta plataformetarako ekipamendua erostea). Horietarako guztietarako, 13 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin batera finantzatuko dute. Izan ere, erakunde horrek azaldu duenez, azpiegiturek inguruko garapen ekonomikoko beharrei erantzuten diete, eta balio erantsi handiko produktuen eta zerbitzuen ikerketa eraldatzeko gai dira.

BioGurutzetak urtarrilean lortu zuen osasun-ikerketako erakundeen akreditazio ofiziala, eta, horri esker, ikerketaren elitean dago. Horretarako, erakundeko profesionalek prozesu luze eta zorrotz bat gainditu behar izan zuten. Osasun Sailaren eta erakundea osatzen duten beste hiru bazkideen, hau da, Osakidetzaren, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen, lidergoak ere lagundu du.

 

                                                                                                

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau