Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak historian zehar erabilitako ibilgailuen erakusketa inauguratu dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Arkauten

2015.eko irailak 16
Ibilgailu-erakusketaren inaugurazioa
 
Ertzaintzaren Museoaren ekimenez egingo da erakusketa eta urte bukaera arte bisitatu ahalko du nahi duenak. Denboran zeharreko bidaia izango da, Ertzaintzak historian erabili dituen 36 ibilgailu motak ezagutzeko baliagarria. Erakusketaren bitartez, gainera, proiektu parte-hartzaile berritzaile bat abiaraziko da, herritarrei ezagutza historikoa eskaintzeko xedea duena, ikuspegi berriak erabilita. Ibilgailuekin zerikusia duten pasadizoak, lekukotzak eta dokumentazioa eskaini ahalko du edonork Ertzaintzaren Museoaren webgunean: http://museopoliciavasca.euskadi.eus
 
Guztira, 36 ibilgailu egongo dira erakusgarri, tartean, patruila-autoak, motorrak, lur orotakoak, erreskate-ibilgailu bereziak (beldarrak, elur-kentzekoak, Hummer-ak, elurretako motorrak, quadak), furgonetak, autobus bat, helikoptero bat eta hainbat lehendakarik 1985 eta 2009 artean erabilitako bi auto blindatu presidentzialak. Horiek guztiak daude ikusgai Ertzaintzaren Ibilgailuak izeneko erakusketan gaurtik aurrera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, bertako zuzendari Malentxo Arruabarrenak inauguratuta.

Arkauteko Akademiak martxan jarritako jardueretako bat da erakusketa. Horien guztien helburua da Ertzaintzak egunero eskaintzen duen zerbitzua hurbilagoa, gardenagoa eta ezagunagoa izatea herritarrentzat.

«Lantalde grinatsuari esker abiarazitako ekimenaren bitartez Ertzaintzak historian zehar erabili dituen mota guztietako ibilgailuak bildu ahal izan ditugu. Hala, erakusketa honek helburu bikoitza izango du:Batetik, Ertzaintzari dagokionez, ibilgailu horiei loturiko bizipenak, pasadizoak eta lekukotza historikoak gogoratuko ditugu. Bestetik, herritarrei dagokienez, balioa emango zaio Ertzaintza urte hauetan guztietan herritarren zerbitzura egindako ibilbideari», nabarmendu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak.

Proiektu kultural historiko eta parte-hartzailea

Izaera nabarmen berritzailea duela, erakusketa elementu motibatzaile baten gisakoa izatea nahi da, edonork erraz eta arin eskain ahal izan ditzan gaiari loturiko dokumentu historikoak. Horretarako, museoaren webgunean parte hartzeko atal bat jarri da martxan, ibilgailu horien gaineko lekukotzak, emozioak eta pasadizoak biltzeko. Bildutako informazioa Ertzaintzaren Museoaren ezagutza, datuak eta dokumentazioa aberasteko baliagarria izango da. Parte-hartzeko, sartu museoaren webgunean: http://museopoliciavasca.euskadi.eus.

Gainera, erakusketak iraun artean, Museoak herritarrekin harremanetan jartzeko bide berriak irekiko ditu, sare sozial ezagunenetan parte hartzera animatzeko: instagramen, @ertzaintzamuseoa; twitterren, @ertzaintzamuseo.

Urte amaierara arte ikusi ahalko da erakusketa Arkauten (Araba) kokatutako Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Banakako zein taldekako bisitaldiak egin ahalko dira, lehendik erreserba eginda. Bisitaldi horretan, ibilgailuen erakusketaz gain, Akademiaren instalazioak eta Ertzaintzaren Museoko erakusketa iraunkorra ere ikusteko aukera egongo da.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena elkarrizketatzeko interesa duten komunikabideek telefono-zenbaki honetara deitu behar dute: 945 773 301.

 

Bisitak erreserbatzeko: 945 773 465 - museopoliciavasca@seg.euskadi.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)