Berriak Segurtasuna

Segurtasuneko sailburuak ohartarazi du Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren aurka egiteak beharrezko berritze-prozesua muga dezakeela

2015.eko irailak 16

Beltrán de Herediak nabarmendu du neurri hori Rajoyren gobernuaren dena birzentralizatzeko asmo horren beste adibide bat dela

Espainiako gobernuak Ertzaintzaren hurrengo lan-eskaintza publikoaren aurkako helegitea jartzeko asmoa du, aurreikusitako 8.000 lanpostuak baino gutxiago eskain ditzaten, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia hortaz mintzatu da. Neurria ezartzea erabaki larria dela esan du, eta bi gobernuen arteko segurtasun-batzordean adostutako hitzarmenari eragiten diola. Gainera, Ertzaintzaren beharrezko berritze-prozesua mugatuko luke.

Radio Vitoria irratian emandako elkarrizketa batean, sailburuak gogorarazi du helegite horrek gobernu zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko beste gatazka juridiko bat eragingo lukeela. Bestalde, dena birzentralizatzeko asmo horretan Ertzaintzaren berezitasunak kontuan ez hartzea leporatu dio Rajoyren gobernuari. Izan ere, Ertzaintzaren hautaketa-prozesuek ez dute inoiz araudi komuna jarraitu.  Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritza hitz egiteko prest dagoela esan du, aipatutako hitzarmen hori bete ahal izateko.

Ertzaintzaren gatazka sindikalari dagokionez, sindikatuek agenteen lan-baldintzez eztabaidatzeko negoziazio-mahaia laster deituko dutela azaldu du. Dena den, orain arte zenbait aurrerapen egin dituztela adierazi du. Hain zuzen ere, leku-aldaketan amaitu ondoren, 2.000 agentek beren lanpostua kontsolidatu dute, hau da, agenteen % 95ek dute kontsolidatuta. 

Amaitzeko, Javier Maroto Gasteizeko alkate ohiak egindako adierazpenez galdetu diote Beltrán de Herediari. Marotok esan zuen iheslariak Euskadira etortzeak segurtasun-arazoak sor zitzakeela. Ondoren, zuzendu zituen arren, Beltrán de Herediak adierazi du Segurtasun Ministerioari dagokiola pertsonak identifikatzea eta Eusko Jaurlaritzaren lana horiek elkartasunez hartzea eta segurtasuna exijitzea dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak