Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria buru duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak 2020rako Zientzia eta Teknologia plana aztertu du

2015.eko irailak 16
  • Zientzia eta Teknologia Planak ezarritako lehentasun estrategikoak fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna binomioa dira
  • Kontseiluak gobernantza-organo berriak jarri ditu martxan erakunde arteko koordinazioa hobetzeko
  • Aurreikusitakoaren arabera, Euskadik 1.380 milioi euro inbertituko ditu I+G+Bn

Gaur bildu da Lehendakaritzan Zientzia eta Teknologiako Euskal Kontseilua, gobernuaren, Foru Aldundien, Unibertsitateen, teknologia-zentroen eta enpresen ordezkariek osatzen dutena, iazko abenduan onartu eta 2020ra arteko baliagarritasuna duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren (ZTBP) aurrerapena aztertzeko helburuarekin.

ZTBP berriak ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da ikerketa-lanak Europako berrikuntza-estrategiarekin lerrokatzea RIS3 espezializazio adimentsuko prozesuaren bitartez. Espezializazio horri jarraiki, Euskadin, ikerketa-lanak hiru lehentasun estrategiko hauen araberakoak dira: fabrikazio aurreratua; energia; eta bio-osasuna. Gainera, lau aukera-eremu hauek ezarri dira: elikadura; hiri-habitata; ekosistemak; eta kultura- eta sormen-industriak.

Gobernantza-organo berriak

Gobernantza-organo berriak jarri dira martxan Jaurlaritzako sail guztien eta erakunde publiko guztien ekimenak koordinatzeko. Horretarako eratu dira Sail arteko Batzordea, inplikatutako Jaurlaritzako Sailek parte hartzen dutena, eta Erakunde arteko Batzordea, Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudelek osatzen dutena.

Zazpi pilotaje-talde jarri dira martxan aipatutako zazpi esparru horietan ikerketa-proiektuak sustatzeko. Euskadiko herri-administrazioak, enpresak, teknologia-zentroak, unibertsitateak eta oinarrizko ikerketarako bikaintasun-zentroak daude pilotaje-talde horietako kideen artean.

Proiektu adierazgarrienen aurrehautaketa

Gainera, Euskadin gaur egun abian diren proiektu adierazgarrienen aurretiko hautaketa egiteko irizpide komunak zehaztu dira. Aurrehautaketaren oinarrian honakoak egongo dira: garrantzi ekonomikoa eta bikaintasun zientifikoa; emaitzak lortzera bideratuta egotea; kanpo- zein barne-proiekzioa; zientzia eta teknologia esparruen euskal sareko eragile guztiak integratzeko gaitasuna; eta gizarteratzeko aukera.

Balorazioa

Gainera, Zientzia eta Teknologia Planean ezarritako helburuei jarraiki, Kontseiluak Zientzia eta Teknologiako euskal sarea berrantolatzen duen dekretuaren onarpenaren balorazio positiboa egin du. Hala, ikerketa-zentroen jarduerak Euskadiren lehentasun estrategikoen araberakoak izango dira, eta merkatua gehiago aintzatetsiko dute, emaitzak lortzera bideratuta egongo dira eta enpresek, ekarpen publikoak osatuz, parte-hartzea handiagoa izango dute, Europar Batasunarekin bat etorriz.

Inbertsioa

Aurreikusitakoaren arabera, Euskadik 1.380 milioi euro inbertituko ditu aurten I+G+Bn, herri-administrazioen, enpresen eta Europaren ekarpenak batuta.

Horrenbestez, Kontseiluak agindu die herri-administrazioei aurrekontu publikoetan I+Gren alorreko inbertsioei eta programei lehentasuna ematen jarraitzea; hau da, ikerketan inbertitzea kalitatezko enpleguak eta euskal herritarren ongizatearen zein bizi-kalitatearen hobekuntza bermatzea da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aitor_santis
    2015.eko irailak 16

    Comentario de Twitter:
    El Consejo vasco de Ciencia, Tecnología e Innovación evalúa la ejecución del Plan de Ciencia y Tecnología 2020 http://t.co/nxLyjITcRy

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)