Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko jaurlaritzak garapen teknologikorako laguntzak indartu ditu, EMAITEIK programarako 50 milioi bideratuta (2015-09-15(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko irailak 15

 

Erabakia, 5.000.000 euro baino gehiago gastatzeko baimena emateko dena. Helburua: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Teknologia-zentroen eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroen(IKZ) jarduera ez-ekonomikoa laguntzeko Emaitek Plus laguntzen programa finantzatzea 2015eko ekitaldian.

LABURPENA

  • EGSLk, horrela, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin 2015. urtean hartutako konpromisoa bete du
  • Laguntzak lortutako emaitzen arabera esleituko dira; horretarako, besteak beste, sortutako enpleguak eta enpresak neurtzen dituen aginte-taula bat hartuko da kontuan.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua bihar bilduko da Lehendakaritzan

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak argi berdea eman dio EMAITEK programaren 50.142.850 euroko deialdiari. Hartara, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Zentro Teknologikoetako eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroetako jarduerari lagunduko zaio. Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak 2015. urtean garapen teknologikorako aurrekontua % 7 igotzeko aurreikuspena bete du.

Laguntza hauen helburua da emaitza handienak dituen merkatuarekiko hurbilago dagoen ikerketa indartzea, Zentro Teknologikoetako eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroetako gaitasuna hobetzea, baina laguntzak, batik bat, espezializazio-eremuetan etorkizuneko ikuspegia duten ezagutza berriak jasotzera bideratuko dira.

Etapa berria ZTBESrentzat

Euskadi Europar Batasunean berrikuntza handia duten eskualdeen artean dago. Hala ere, Euskadiko azken urteetako bilakaera dela eta, I+Gren mix horretan aldaketak izan dira. Hala, azken urteetan ikerketa aplikatua igo bada ere, garapen teknologikoa jaitsi egin da eta, beraz, merkatuarekiko gertuen dagoen ikerketa ere jaitsi egin da.

2020rako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren xedea da eskaritik datozen beharrak eta eskaera zientifiko/teknologikoaren aurrerapenek sustatuko beharrak bateratzea.

Horretarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek berrantolatu ondoren, merkatuarekiko gertuko jarduera bat mantendu beharko dute. Horiek guztiek gero eta espezializatuagoak egon beharko dute Espezializazio Adimentsuaren RIS3 Estrategiarekiko eta ikerketako bikaintasuna mantendu beharko dute. Horrek esan nahi du eragile bakoitzak eskatzen zaizkion emaitzak lortu behar dituela, besteak beste, argitalpenak, patenteak eta oinarri teknologikoko enpresa berriak.

Aginte-taula baten arabera esleituko dira laguntzak

EMAITEK PLUS programak 50,1 milioi euro banatuko ditu emaitzen ebaluazioaren arabera; Emaitzei Begira dagoen Zentro Teknologikoaren Eredu berri batean oinarrituta dago ebaluazio hori eta ZTESren berrantolamenduaren baitan zehaztu da. Zentro Teknologikoek eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroek diru-laguntzak jaso nahi badituzte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide diren ziurtagiria izan beharko dute, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretu berriarekin bat.

Erakunde onuradun bakoitzaren ebaluazioa egingo da, Emaitzetara Begira dagoen Zentro Teknologikoaren Ereduaren arabera. Ebaluazio bakoitza eragileen tipologia bakoitzerako zehaztu da 2020rako lortu behar diren adierazleak, pisuak eta helburuak ezartzen dituen aginte-taula batean.

Ildo horri jarraiki, lortutako betetze-maila neurtuko da egindako jardueraren, espezializazio-mailaren zein bikaintasun-mailaren eta sareko gainerako eragileekin izandako harremanen-ereduaren mixari dagokionez. Horiek guztiak neurtzeko, hainbat adierazle izango dira kontuan, esaterako, patenteen kopurua, sortutako enpleguen kopurua, finantzazio pribatua lortu den edo nazioarteko lankidetzak egin diren, besteak beste.

Laguntzen esleipena

Erakunde onuradun bakoitzak prozedura honen bidez jaso ahal izango duen gehieneko diru-laguntza hau izango da:

  • Zentro teknologikoen kasuan, zentro hauen erreferentzia-ereduak ezartzen du finantzazioaren % 25 publikoa eta lehiarik gabea izango da.
    Atal honetan fokalizazio anitza duten Zentro Teknologiko hauek hartuko dira kontuan: Tecnalia, Azterlan, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tekniker, Vicomtech
  • Ikerketa Kooperatiboko Zentroen kasuan erreferentzia-erduak ezartzen du finantzazioaren % 50 publikoa eta lehiarik gabe izango dela.
    Programa honetako Ikerketa Kooperatiboko Zentroak BioGune, BiomaGUne, EnergiGUne eta NanoGune dira.

Zentro bakoitzari dagokion zenbatekoa esleitzeko, zentro bakoitzak aginte-taula zenbatean betetzen duen hartuko da aintzat, baita zentroaren dimentsioa ere. Azken hori jakiteko deialdi honen aurreko ekitaldiko I+Gren Ustiapenerako Diru-Sarreren bolumena hartuko da kontuan.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, bihar

Bihar, hilak 15, asteazkena, lehendakaria Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko buru izango da, eta 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren aurrerabidea aztertuko dute.
Kontseilu honetan foru-aldundiek ordezkari berriak izango dituzte. Gainera, 2014an onartu zuten 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP2020) jarduera-ildoen gauzatzeaz arituko dira.

Gogoan izan behar da, plan horrek biltzen duela, besteak beste, RIS3 espezializazio adimentsuko estrategia. Horren bidez, Euskadik lehentasunezko hiru arlotan lan egiteko konpromisoa du: manufaktura aurreratuan, energian eta biozientzien arloan, hain zuzen ere.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak arlo horietan abiarazitako proiektuen aurrerabidea aztertuko du, besteak beste.

Lehendakaria buru izango duen kontseilua, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, unibertsitateetako, Innobasqueko eta Ikerbasqueko ordezkariak ez ezik, Tecnalia fundaziokoak, IK4 Alliance Research Elkartekoak, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoak eta I+Gan inbertsio pribatuaren eragile diren Euskadiko lau enpresetakoak (Iberdrola, Idom, Cie Automotive eta CAF) ere badaude.

Informazio gehiago

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau