Berriak Osasuna
Eu

Barrualde-Galdakao ESIk Europako Mugikortasun Astea eta Autorik Gabeko Eguna ospatuko ditu.

2015.eko irailak 15
  • Gure ESIk bat egin du ekimen honekin. Ekimenaren xedea hauxe da: joan-etorrietarako garraio publikoa sustatzea eta horiek baliatzearen garrantziaz kontzientziatzea.
  • Aste honetan (irailaren 16tik 22ra bitartean), hainbat ekintza antolatu dira, auto pribatuaren ordez, beste garraio-bide batzuk sustatzen laguntzeko.
  • Osakidetzako erakunde sanitarioak, irailaren 22an, Europako Autorik Gabeko Egunean, lantokira garraio publikoa baliatuz edo autoa partekatuz datozenen konpromisoa sarituko du. 

2015eko iraila. Beste behin ere, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak bat egin du Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin (irailaren 16tik 22ra bitartean). “Aukeratu. Aldatu. Konbinatu zure mugikortasuna” goiburua aukeratu da edizio honetarako; ekimena abian jarri zenetik, hamabosgarrena, hain justu. Aurten, modalitate aniztasuna du ardatz, eta mugitzeko aukeratzen dugun garraio-bideari jarri zaio bereziki arreta. Bestalde, honakoez hausnarrarazi nahi digu: ohituren aldaketa txikiek gure osasunerako, airearen kalitaterako eta kutsadura akustikoa murrizteko onuragarriak izan daitezkeela.

Horregatik bada, irailaren 22an, Europako Autorik Gabeko Egunean, amaituko den asterako, hainbat jarduera antolatu dira. Aipatu egunean, mugitzeko, garraio-bide pribatua ez den beste aukera batzuk baliatzeko, eta joan-etorriak murrizteko gonbita luzatuko digute herritarroi.

Adibide modura, ESIko profesionalek beren lanposturako joan-etorrian egin ohi dituzten bi ibilbide usuenei lotuta, aurtengo datu esanguratsuenak erakusten dituen kartela prestatu da. Batetik, Bilbo-Galdakao-Usansolo Ospitalea ibilbidea, sarrien egiten dena, horixe baita tamaina handiena daukan eta herritar gehien biltzen dituen ESIko osasun zentroa, eta, bestetik, Bilbo-Basauri, bigarren ibilbide erabiliena eta, lehena, Lehen Mailako Arretari dagokionez. Kartelak zera erakusten du: eragin ekonomikoa eta ingurumenarena joan-etorria auto pribatuan egin orduan, baita joan-etorri berbera autobusez edota autoa partekatuz egitean ere. Kalkuluen arabera, Bilbo-GUO joan-etorrian, autoa partekatzeak( 1 auto 1 gidari eta 4 bidaiari) urtero 366€/pertsonako aurrezkia dakar, eta CO2 igorpenak 574 tona murrizten ditu.

Bestalde, ESIko profesionalak beren lantokira joateko zein garraio-bide darabilten ezagutzeko, barne-inkesta prestatu da. Helburua zera da: gure osasun zentroetarako irisgarritasunaren inguruko iritziak ezagutze eta hobekuntzarako proposamenak jasotzea. “Gure inguruko enpresarik handienetakoa garena baiezta dezakegu. Beren lana egiteko, eskualde osotik barreiatuta dauden 70etik gora osasun zentrotara urreratzen dira, egunero, 2.500 profesional inguru. Sarritan, langileen joan-etorriei, gure pazienteenak gaineratu behar dizkiegu, eta, horrek aparkaleku-arazo handiak eragiten ditu, nabarmendu du Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerenteak. Horixe da, hain justu, Galdakao-Usansolo Ospitalearen kasua, egunero, goizeko txandan, 1.800 joan-etorri baino gehiago jaso ohi dituena, eta, 1048 aparkaleku dauzka. Aparkalekuen eskaintza, nahiz eta azken urteetan hazi egin den, murritzegia da oraindik ere. “Erakundeak egoera hobetzeko asmoz, irtenbide posibleak aztertzen dihardu, zeren eta, gure xede nagusia ez bada ere, gure jarduerarekin zerikusi zuzena dauka”, dio Guajardo jaunak.

Autoa partekatzea

Aste honetarako antolatu diren jardueren artean, “Car Sharing, autoa erabiltzeko eta partekatzeko beste modu bat” gaiari buruzko hitzaldia izango da. Saio horretan, “Mugikortasun Kudeaketa Zerbitzuak – Servicios de Gestión de Movilidad, S.L.” MKZko gerente Iker Maguregui Azpiri —baita IBILKARI Car Sharing–en arduradun eta Eusko Car Sharing Elkarteko fundatzaile dena ere— irabazi asmorik gabeko Elkarte horri buruz jardungo da. Elkartearen xedea Euskadin zera sustatzea da: Car Sharing, erabiltzaile anitzeko autoaren kontzeptua (autoaren erabilera kolektiboa), eta Car Pooling (autoko jesarleku libreak partekatzea). Zertarako? Autoaren erabilera arrazionala eta arduratsua eragiteko, eta horren bitartez, mugikortasun iraunkorra eta jasangarria mesedetzeko.

Gainera, saioan “Autoa partekatzea” barne aplikazio berriaren aurkezpena egingo da. Aplikazioa 2010ean egin zen. Orain, berritu egin da, eta bidaiariak aurkitzeko aukera gehiago eskaintzen ditu.

Autorik gabe

Ospakizun aste honi amaiera ezin hobea emango dio, irailaren 22an, Europako Autorik Gabeko Egunak. Joan-etorrietarako gure egungo ohiturek zera areagotzen dute: karbono dioxido igorpen-iturri garrantzitsua diren erregai fosilak nagusiki baliatzen dituzten garraio-motei lotuek, berotegi-efektuko gasen igorpena, eta, hortaz, kliman eragina daukate eta airea ere kutsatzen dute.

Aurten, berrikuntza gisa, eta kontuan izanik; batetik, GUOko, tamaina handiena eta herritar gehien biltzen dituen osasun zentroko, aparkaleku eskaerak erruz gainditzen duela aparkaleku-kopurua, eta, bestetik, auto erabiltzaileen kopurua urtez urte haziz doala; egun horretan, lantokira, garraio publikoa baliatuz edo autoa lankideekin partekatuz datozen langileen artean, hala egin dutela egiaztatzen duten lehenengo ehun profesionalei, hain zuzen, sari txiki bana emango zaie. Bizkaiko Barrualde Eskualdeko (gure eragin-eremua) ekoizle ekologikoak egindako fruta-marmelada dastaketa-kit txikia, ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak) ziurtatua, izango da saria. “Sari txiki horren bitartez, auto partikularra ez beste garraio-bide alternatiboak (merkeagoak eta ingurumenarekiko jasangarriagoak) darabiltzaten gure profesionalen konpromisoa saritu nahi dugu”, adierazi du Miren Josu Ormaetxeak, ekimen horretaz arduratu den Pertsonal Saileko zuzendariak.

Ekintza horien guztien bitartez, erakunde sanitarioak bere konpromisoa frogatzen du, eta bere ekarpena egiten du, guztiontzat onuragarri diren garraio-bide alternatiboak sustatuz, jakin badakigulako “autorik gabe guztiok garela irabazle”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau