Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko 25k udalerrik garraio jasangarriarekiko konpromisoa berretsi dute Mugikortasunaren Europako Astean

2015.eko irailak 15
  • Garraioaren arloko adituak Mugikortasun Jasangarriaren I. Foroan bilduko dira Bilbon, irailaren 18an
  • Gasteizko ehunka eskola-ume bizikletan ibiliko dira hirigunean, irailaren 22an
  • Ana Oregi: «Euskadik aurrerapauso handiak eman ditu  jasangarritasunaren aldeko hezkuntzan, eta eskola-umeak eta irakasleak dira ingurumenaren aldeko mugikortasun egokiaren gainean gehien kontzientziatu direnak»

 

Aukeratu. Aldatu. Konbinatu zure mugikortasuna lemapean, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea ospatuko da Europar Batasuneko herrialde guztietan, irailaren 16tik 22ra, garraiobide jasangarriak bultzatzeko asmoz. Euskadin, 25 udalerrik hartuko dute parte aktiboki ekimenean, herritarren mugikortasuna hobetzen lagunduko duten behin betiko neurriak hartuta. Datorren ostiralean, Mugikortasun Jasangarriaren Euskadiko I. Foroa egingo dute Bilbon, eta, irailaren 22an, Gasteizko ehunka eskola-ume bizikletan ibiliko dira hirigunean.

 

Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Leioa, Gasteiz, Laudio, Getxo, Basauri, Galdakao, Gordexola, Legazpi, Sopuerta, Hernani, Zalla, Oñati, Arrasate, Zarautz, Abanto Zierbena, Ermua, Astigarraga, Burgelu, Errenteria, Irun eta Gueñes dira Europako ekimenarekin bat egin duten udalerriak. Hala, hurrengo arlo hauekin lotutako gutxienez behin betiko neurri bat ezarriko dute: irisgarritasunarekin, mugikortasunaren kudeaketarekin, bizikleten instalazio berriekin, kaleak oinezkoentzat jartzearekin edota garraio jasangarriarekin, besteak beste.

 

«Zorionez, Euskadik aurrerapauso handiak eman ditu arlo honetan, batez ere jasangarritasunaren aldeko hezkuntzan, eta eskola-umeak eta irakasleak dira ingurumenaren aldeko mugikortasun egokiaren gainean gehien kontzientziatu direnak –esan du Ana Oregi sailburuak–. Horrez gain, garraioa eta mugikortasuna kontuan hartzen dituen hirigintza planteatzen dugu orain, eta zaratak, gasak eta ibilgailu kopurua txikitzeko antolatzen dugu lurraldea, bizikidetza atseginagoa eta aurreratuagoa izan dadin.»

 

Ekimenean parte hartuko duten Euskadiko udalerri ia guztiek jarduera ugari antolatu dituzte. Nabarmentzekoak dira mugikortasun aktiboa, autonomoa eta osasungarria bultzatzekoak, informazioa zabaltzeko ekintzak eta herritarrak kontzientziatzekoak. Halaber, udalerri horien erdiak Autorik gabeko eguna egingo du irailaren 22an, asteartea. Ekintza horiek guztiak abian jarriko dituzten udalek Mugikortasun Jasangarriaren Asteko Europako Sarirako (European Mobility Week Award ingelesez) hautagai bilakatuko dira. Europako Batzordeak emango dio aste honetan mugikortasun jasangarriaren onurez herritarrak kontzientziatzen aktiboena den udalerriari.

 

Aurtengo edizioan, Mugikortasunaren Europako Asteak bat egin du Egin ezazu konbinazio zuzena kanpainarekin. Horregatik, kanpainan izena emateko modua, logoa eta baliabideak berritu dituzte. EMW Visual Guidelines gidaliburuan ikus daiteke nola erabili. Bi ekimenok ibilbide luzea dute hiriko mugikortasun jasangarriaren sustapenean eta online komunitate iraunkor bat sortzeko helburua dute, Europan hiriko garraio jasangarria sustatzeko.

 

Mugikortasunaren Euskadiko I. Foroa

 

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak Mugikortasunaren Euskadiko I. Foroa antolatu du Bilbon, irailaren 18an, pertsonen mugikortasuneko arlo publikoko eta pribatuko eragileei zuzenduta.

 

Foroaren harira, udaletako, foru-aldundietako, Eusko Jaurlaritzako, klusterretako eta garraio-enpresa publikoetako eta pribatuetako ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte garraioaren arloko Euskadiko agintariekin, mugikortasunarekin lotutako ideiak eta esperientziak partekatzeko eta jarduerez hitz egiteko.

 

«Foroaren helburua Euskadiko herrien eta hirien mugikortasuna hobetzea da, ezagutza partekatuz eta balizko neurriak adostuz», adierazi du Marco Boronat Eusko Jaurlaritzako Garraioen zuzendariak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)