Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu-kontseiluak Autogobernuaren Lantaldeak eskatutako zortzi txostenak onartu ditu

2015.eko irailak 15

Dokumentu horietan, Euskadiko udal-arkitektura, Euskadiren eta Nafarroaren arteko harremana, euskararen egoera eta bete ez diren Estatutuaren alderdiak aztertu dituzte

Gaur onartu ondoren, gobernu-kontseiluak Legebiltzarrera bidali ditu gaur Autogobernuaren Lantaldeak eskatutako zortzi txostenak. Horietan, Euskadiko udal-arkitektura, mugaz gaindiko lankidetza, Euskadiren eta Nafarroaren arteko harremana, euskararen egoera eta euskara normalizatzeko lehentasunak aztertu dituzte. Hala, Eusko Jaurlaritzak autogobernuan aurrera egiteko funtsezkoa iruditzen zaion lantalde batekin erabateko lankidetzan aritzeko konpromisoa beteko duela azaldu du gaur Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak. 

Ondorio nabarmenen artean, aipatzekoa da txosten bikoitz batean Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta EAEren eta Iparralderen arteko harremanak aztertu dituztela. Hala, Euroeskualde eredu bat sortzeko marko konstituzionala aztertzen du, zerbitzu publikoen baterako kudeaketa sustatzeko eta historia komuna eta hizkuntza- eta kultura-loturak partekatzen dituen espazioa bultzatzeko. Akitania-Euskadi Euroeskualdearen hitzarmena (2011) da adibiderik argiena, izaera juridikoa eta publikoa dituen lankidetza marko egonkor bat ezarri baitzuen. Nafarroa batzeko aukera ematen du Euroeskualdearen markoak.

EUSKARA

Euskararen egoera aztertzen duen txostenean azaldu dute 30 urteetan euskara dakiten herritarren kopurua % 14,5 handitu dela. Horrek esan nahi du 318.000 pertsona elebidun gehiago daudela, gehienak gazteak.Txostenean hizkuntzen arteko elkarbizitza onartzeko naturaltasuna azpimarratu dute. Hala, herritarren ia % 90ek euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzearen alde dago. Gainera, baieztatu du euskararen jarraipena bermatuta dagoela hurrengo bi edo hiru belaunaldien artean.

ESTATUTUA EZ DA BETE

Beste txostenek Gernikako Estatutuaren egoera eta betetze-maila aztertu dute. Euskadiko autogobernua krisi-arriskuan dagoela da ondorio nagusia, eta honako hauek dira kausak: Espainiako gobernuak abiarazitako birzentralizazio-prozesua, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak Estatuaren gehiegikeriak babestea eta autogobernuaren aurkako erasoei aurre egiteko gai ez den berme-sistema eraginkorrik ez egotea. Halaber, transferitzeko dauden 24 gai eta oraindik betetzeko dauden beste zortzi zerrendatu dituzte, horien artean gizarte-segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumena.

Hala, Estatutua ez betetzearen ondorioen artean aipagarriena kalte ekonomikoa da. Izan ere, azaldu dute Estatutua erabat beteko balitz, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua egungoaren ia bikoitza izango litzatekeela. Bestalde, adierazi dute Kontzertu Ekonomikoak ahultasun-zantzu argiak dituela.

ERTZAINTZAREN LAN ESKAINTZA PUBLIKOAREN AURKAKO HELEGITEA

Bestalde, Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren bidez lanpostu gutxiago eskaintzeko Espainiako Gobernuak jarri nahi duen helegiteari buruz, Erkorekak azaldu du ofizialki ezagutzen ez duen arren, gobernu zentralak estatutuaren berezitasuna hondatzeko eta jazartzeko erakusten duen jarreraren beste adibide bat dela.

GARAPEN TEKNOLOGIKORAKO LAGUNTZAK

Gainera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak argi berdea eman dio Emaitek programaren 50.142.850 euroko deialdiari, gaur Arantxa Tapia sailburuak azaldu duenez. Hartara, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Zentro Teknologikoetako eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroetako jarduerari lagunduko zaio. Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak 2015. urtean garapen teknologikorako aurrekontua % 7 igotzeko aurreikuspena bete du.

(Laister informazio gehiago)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.09.15)

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @glaciarblue
    2015.eko irailak 15

    Comentario de Twitter:
    El Consejo de Gobierno aprueba los ocho informes solicitados por la Ponencia de Autogobierno http://t.co/FTWDWw5imJ

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)