Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak unibertsitatea eta enpresa lotzearen garrantzia nabarmendu du Deustuko Unibertsitatearen ikasturte akademikoaren irekieran

2015.eko irailak 14

Iñigo Urkulluk, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua lagun duela, ikerketaren alorrean egindako «ahalegin izugarria» gogorarazi du

Lehendakariak eta Cristina Uriarte sailburuak Deustuko Unibertsitateko 2015-2016 ikasturtea ireki dute Donostian. Iñigo Urkulluk nabarmendu du zer-nolako ekarpena egiten duen unibertsitateak enpresaren munduarekin zubiak eraikitzeko, trebakuntzako proiektuak egokitzea bermatzeko eta gazteak lan munduan errazago txertatzeko. 

Hala nabarmendu du lehendakariak ikasturte hasierako hitzaldian. Aurretik, iazko memoria irakurri dute, eta Diego López Ipiña irakasleak irekitze-hitzaldia egin du. Era berean, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert jaunak ere hitz egin du ekitaldian.

Hain zuzen, unibertsitatearen, enpresen, teknologia-zentroen eta administrazioaren arteko harremanak jorratuko dituzte, besteak beste, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak asteazkenean egingo duen bileran. Lehendakariak, halaber, Deustuko Unibertsitateak ikerketaren alorrean egiten duen «lan ikaragarria» nabarmendu du. Alde horretatik, adierazi du gero eta ikerle gehiago dagoela, eta nazioarteko bikaintasuna daukaten pertsonak hartzen ari direla Ikerbasqueren bitartez. Egindako aurrerapenen seinale, Deustuko Unibertsitateak sei urtean Gobernuak aitortutako ikerketa-taldeak bikoiztu egin ditu. 

Azkenik, Urkulluk unibertsitate honen balio eta konpromiso soziala azpimarratu ditu, proiektu humanitario ugaritan parte hartzen duela gogorarazita. Lan horrek, Urkulluren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendua merezi du, eta gaineratu du Jaurlaritza prest dagoela bide horretan laguntzen jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Maria Guibert