Eusko Jarularitzak Bulego Judizial Berria (BJB) antolaketa-eredua ezarri du Barakaldon, Justizia administrazioaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko
- Bulego judizial berria abiarazteak pertsonen eta baliabide materialen kudeaketa optimizatuko du, horrela, Justizia Administrazioa arintzeko eta hura eraginkor eta jasangarri bihurtzeko.
- Donostian eta Bilbon ere ezarriko da eredua, eta oinarrizko zerbitzu publiko hori modernizatzeko prozesua amaituko da. Estatu mailan, ezarpenaren buruan dago Euskadi: izan ere, 14 barruti judizialetatik, 12tan sistema berria darabilte.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Josu Erkorekak, Justiziako ministroak, Rafael Catalák, Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Juan Luis Ibarrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu-idazkari Begoña Basarratek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide Juan Manuel Fernándezek eta Barakoldoko Epaile Dekano Juan Carlos Mediavillak, gaur goizean inauguratu dute Barakaldoko Bulego Judizial Berria (BJB).
Ekitaldian izan dira, halaber, Justiziako sailburuorde Ana Agirre, eta Justiziako eta Justizia Administrazioko zuzendariak, Manu Valín eta Jon Uriarte.
BJBa antolaketa-eredu berri bat da eta Justizia Administrazioa eraberritzeko konpromisoari erantzuten dio; izan ere, modernizazioa beharrezkoa da pertsona eta baliabideen kudeaketa optimizatzeko eta, horrela, azken batean, helburu hau lortzeko: justizia efizientea, efikaza eta herritarrei bideratua eskaintzea. Hierarkia, funtzio-banaketa eta koordinazioaren printzipioak ditu oinarrian:
- Hierarkiaren printzipioa: Piramide erako antolaketa-eredu berriaren euskarria da, eta hor ezartzen dira mendekotasun- eta dependentzia-harremanak.
- Funtzio-banaketaren printzipioa: BJBa eratzen duten pertsonen artean lana espediente kopuruaren arabera banatzeari utzi, eta izapideen eta prozedura-faseen arabera kudeatzen hasiko da. Hala, taldekideen espezializazioa areagotuko da. Dena dela, beharrezko malgutasuna bermatuko da, zerbitzuak sortutako beharretara moldatu ahal izateko antolaketa-eredua.
- Koordinazioaren printzipioa: Unitate desberdinen artean komunikazio ona egotea lortu behar da, halako moldez non banatutako funtzioak gauzatzeko orduan bikoiztasunak eta ez egiteak saihestuko baitira.
BJBak bi oinarrizko unitate berri ezartzen ditu Justizia Administrazioko langileentzat:
- Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalak (ZLUP), epaileei eta magistratuei zuzenean laguntzeko beren zereginak gauzatzean, haiek emandako erabakiak zehazki eta eraginkorki bete daitezen.
- Zerbitzu Prozesal Erkideak (ZPE), izan daitezke hala orokorrak (auzitegira joatea, jakinarazpen-egintzak eta espediente judizialen lurralde agiritegia) nola betearazpenekoak (erabaki bat betearazteko, espediente judizialak jaso eta izapidetzeko ardura).
Auzitegietako antolaketa- eta funtzionamendu-eredua eraldatzeko, aldaketak kudeatzeko talde batek eta ezarpen-talde batek langile publikoekin elkarlanean jardun dute, haiei errealitate berria ulertzeko eta berenganatzeko behar dituzten baliabide eta ezaguerak emateko. Horrez gain, koordinazio-batzorde bat eratu da eta, besteak beste, langileei bete behar dituzten zeregin berriei buruzko prestakuntza emateaz arduratzen da.
Antolaketa-egitura berriaren abiarazpenaren oinarrian, epaileen egitekoa errazten duten informazio-teknologia berrien erabilera datza; hala, Justizia.bat kudeaketa prozesaleko tresna moldatu da, antolakuntzako eta auzibideko eskakizun berriei egokitzeko.
BJB-AREN ABIARAZPENA EUSKADIN
Euskadi buru izan da Estatu mailan Bulego Judizial Berria abiarazten. Gaur Barakaldokoa abiaraztearekin, Euskadiko 12 udalerritan ezarri da dagoeneko, Euskadiko hiriburu Vitoria-Gasteizkoa barne:
- 2010ean Azpeitia, Amurrio, Eibar, Irun eta Getxoko BJBak jarri ziren martxan.
- 2011n Balmaseda, Bergara, Durango, Gernika eta Tolosakoak.
- 2014an, Gasteizkoa ezarri zen.
- 2015ean, Barakaldokoa jarri zen martxan.
- 2016an, Donostiakoa jarriko da abian.
- Euskadin BJBak ezartzeko prozesua Bilbon amaituko da.