Berriak
Eu

Lehendakariak Iberoameriketako idazkari nagusia hartuko du, bi instituzioen arteko harremanak indartzeko helburuaz

2015.eko irailak 12

Iñigo Urkullu lehendakaria Iberoamerikako idazkari nagusi Rebeca Grynspan-ekin bilduko da Iberoamerikako herrialdeen eta Euskadiren arteko harremanak hobetzeko. Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko (SEGIB) arduradunak Euskadi bisitatuko du irailaren 14an eta 15ean eta hainbat bilera izango ditu instituzioetako ordezkariekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin.

Euskadiko bisitaldian, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiko kideak izango ditu lagun Grynspanek. Hala, Eusko Jaurlaritzako arduradunekin bilduko da hainbat arlotako Euskadiko politika publikoak ezagutzeko, esaterako, lanbide heziketan, herritarren partaidetzan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean. Era berean, Zamudioko parke teknologikoa bisitatuko du, eta arduradunek Euskadin berrikuntza, zientzia eta teknologia zer egoeratan dauden azalduko diote.

Asteartean, hilak 15, bilduko da lehendakariarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatuta dituzten hitzarmenak eta sektore estrategikoetan aliantzak ezartzeko esperientzia-trukeak aztertuko dituzte.

Euskadira egingo duen bisitaldian, gainera, SEGIBeko arduraduna Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bilduko da eta Latinoamerikak XXI. mendean izango dituen erronkei buruzko hitzaldia emango du Deustuko Unibertsitatean. 

SEGIB

Iberoamerikako Idazkaritza Nagusia Iberoamerikako Biltzarrari eta Estatuburu eta Gobernuburuen Bilerari laguntza instituzional eta teknikoa emateaz arduratzen da, eta 22 herrialde iberoamerikarrek osatzen dute.

2003an sortu zuten. Lehen bi agintalditan Enrique Iglesiasek zuzendu zuen eta 2014ko apiriletik, Costa Ricako Rebeca Grynspan ekonomialaria du arduradun nagusi. Grynspan Costa Ricako ministro eta presidenteorde izan da. Gainera, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren albokoa eta Garapenerako Nazio Batuen Programako administratzaile kidetua izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)