Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Txingudi: Ramsar sareko hezeguneetako ingurumen-hezkuntzako esperientziei buruzko jardunaldia hilaren 17an

2015.eko irailak 14
  • Euskadik hezeguneak eta beren ekosistemak ezagutzeko hezkuntza-metodo aurreratu bat eskaintzen du

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Ingurumen Esparru Programaren barruan, Ramsar sareko hezeguneetako ingurumen-hezkuntzako esperientziei buruzko jardunaldia egingo du ostegunean, hilaren 17an, Txingudin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Hezkuntzako koordinatzaile Jaione Lanborenak zuzenduta.

 

Ramsar hezeguneek nazioarteko sare bat biltzen dute, eta horien helburua da «hezeguneak kontserbatzea eta arrazoiz erabiltzea, tokiko eta nazioko ekintzen bidez, eta nazioarteko lankidetzarekin, mundu osoan garapen jasangarria lortzen laguntzeko.»  Hezeguneen barruan sartzen dira lakuak eta ibaiak, lurpeko akuiferoak, urtegi eta padurak, belardi hezeak, zohikaztegiak, oasiak, estuarioak, deltak, itsasbeherak, mangladiak eta kostako beste gune batzuk, koral-arrezifeak eta gune artifizialak, esaterako, arrain-urmaelak, arroz-soroak, gordailuak eta gatzagak.

 

Txingudiko Paduran –2002az geroztik da RAMSAR gunea– eztabaidatuko dute, bada, RAMSAR hezeguneen jasangarritasunerako hezkuntzaren ikuspegia eta metodologia. «Sareko hezeguneek esperientziak trukatuko dituzte, bizi-kalitate hobea lortzeko, hainbat hezegunetan egindako ekintzen ondoriozko analisi- eta hezkuntza-prozesuak aztertuta», zehaztu du Alex Botok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendariak.

 

«Kontzientzia kritiko bat sortzen ari gara, eta, gainera, ulermena hobetzearen, analisiaren, ezagutza eta gaitasunak ikastearen eta sentsibilizazioaren bidez ingurumen-arazoak konpontzeko ekintzak planifikatzeko tresnak sustatzen ari gara. Tresna horiek guztiak lehen ingurumen-hezkuntza izena zuen eta orain jasangarritasunerako hezkuntza den horretan biltzen dira», azaldu du Alexek.

 

17ko jardunaldiari esker, aurrez aurre ezagutu ahal izango dira EAEko hezegunen jasangarritasunerako hezkuntzako kudeaketa- eta plangintza-esperientziak, bai eta Wetland Link International lan-sarea edo espazio bakoitzean hezkuntza-jarduerak eskaintzen dituzten hezeguneen hezkuntzarako babeserako laguntza-zentroak ere. Proiektua Erresuma Batuko Wildfowl and Wetland Trustek zuzentzen du, eta 350 kide ditu sei kontinenteetan. WLIk lankidetza-memorandum bat sinatu zuen Ramsar Konbentzioarekin.

               

Txinbadia

Ekitaldi hau TXINBADIA 14/15 izeneko proiektuaren (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila gidari izanik) baitan dago eta Txingudiko Badian eta Euskal Erlaitzean egingo da. Izan ere, mugaz gaindiko lurralde horietan daude Natura 2000 Sareko hainbat gune natural.

 

Txinbadia Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboaren barnean dago eta proiektu horretako kideak dira Eusko Jaurlaritza, Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia, Itsasbazterreko Kontserbatorioa eta Euskal Itsasertzeko Ingurumenaren Aldeko Ekimenen Zentro Iraunkorra.

 

Txinbadia Proiektuaren helburua gune horien erabilera publikoa egiteko eta haiek zaintzeko lan-sare bat sortzea da, horretarako hainbat arlori helduta: ingurumenari buruzko sentsibilizazioa, habitatak eta komunitate-intereseko espezieak hobeto zaintzeko jarduerak, eta abar. Adierazitako guztia lau informazioko eta ingurumen-heziketako ekipamenduren inguruan dago antolatuta; guztiak dira elkarrekiko osagarriak: Larretxea, Nekatoenea, Asporotsttipi (Abadiaren eremuan, Hendaia) eta Txingudi Ekoetxea, Plaiaundiko Parke Ekologikoa (Irun).

 

Ekimen hau arazo komunei erantzuteko da: naturaguneak kudeatzeko orduan herrialdeen artean dauden aldeak eta aisialdiko eta turismoko guneetako balio naturalen kontserbazioa. Aurretik dauden giza taldeetan eta baliabideetan oinarritzen da. Horiek, bada, erabilera publikoaren kudeaketaren alderdietan eta jasangarritasunerako hezkuntzan esperientzia dute eta lan handia egin dute lankidetzan; hortaz, planteamendua beharren aurretiko analisi batetik sortu da.

 

Helburu nagusia da, mugaz gaindiko eremuko naturaguneetako biodibertsitatea babestea; ondare natural komuna balioztatzea mugaz gaindiko tokiko garapenaren logikan integratuta eta mugako lurraldeen ingurumen, gizarte, ondare, kultura eta giza balioak azpimarratuta; bestetik, naturaguneen kudeaketan nahiz gune horien ezagutzan eragile nagusiak direnen arteko harreman profesionalak estutu eta indartu nahi dira; ingurumenari buruzko hezkuntzako, sentsibilizaziorako eta informaziorako tresnak sortu nahi dira, herritarrak planetako ingurumeneko balioak errespetatu eta kontserbatzeko beharra dagoela kontzientziatu daitezen. Mugaz haraindiko inguruetako habitaten eta espezieen kudeaketan eta kontserbazioan berritzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jaione Lanborena