Berriak Kultura
Eu

KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

2010.eko uztailak 26

Lurdes Auzmendi: "Komertzioek eta enpresek gure babesarekin jarraituko dute, inposizio eta zigorrik gabe, euren organizazioetan euskara txerta dezaten"

Eusko Jaurlaritzako Osasuna eta Kontsumoko Sailak eta Kultura Sailak batera egindako proposamena aintzat hartuta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua aldatuko du Jaurlaritzak eta ez dizkie isunak jarriko enpresa eta saltokiei. Lurdes Auzmendik argi utzi nahi izan du euskararen normalizaziorako aukeratu duten bidea sustapenarena eta elkarlanarena dela, inolaz ez zigorrarena edo inposizioarena. Era berean, enpresei diruz laguntzeko LanHitz programara beste 200.000 euro bideratuko dituztela eta Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua sortzeko bidean daudela aurreratu du.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak prentsaurrekoa eskaini du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzan. Bertan, Eusko Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua aldatuko dutela jakinarazi du. Osasun eta Kontsumo Sailak eta Kultura Sailak egindako proposamena aintzat hartuta moldatuko dute dekretua. Dekretuak aurreikusten zituen zigorrak Dekretutik kanpo utziko ditu aldaketa horrek, eta urtebeteko epean burutuko da. Bitarte horretan, enpresek euskara planak aurrera eramaten jarraitu dute.

Lurdes Auzmendik erabakiaren arrazoiak argitu ditu: "Hizkuntza eskubideak errespetatzearen aldekoak gara, eta bide horretan urratsak ematen jarraituko dugu gizarteko esparru guztietan euskara txertatzeko, baina bizi garen garaietara egokitu behar dugu eta ez da unerik egokiena dekretuak zehazten dituen zigorrak aplikatzeko". Dekretuan egindako moldaketak aintzat hartuta, enpresa eta komertzioek urtebeteko epea izango dute dekretuak zehazten dituen betebeharretara egokitzeko.

Adierazpen horiekin Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Dekretuaren harira sortutako kezkak eta zalantzak uxatu nahi izan ditu, eta lasaitasun mezua zabaldu du: "Komertzio eta enpresei ez zaie gure laguntza faltako. Erabateko babesa ematen ari gatzaizkie eta aurrerantzean ere bide beretik joko dugu euren organizazioetan euskara txerta dezaten. Ez gaude zigorrak edota inposizioak jartzeko koiunturarik onenean, alderantziz, krisi garaian elkarri laguntza ematea inoiz baino garrantzitsuagoa dela uste dugu eta hori da hartu dugun bidea".

Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren arabera, indargabetu egingo da 2008ko uztailaren 1eko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretuaren 18. artikulua, zehapenak arautzen dituena. Aldi berean, 2003ko abenduaren 22ko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legearen 50.6 artikulua eraldatu behar da, hor ere aurreikusten baita, modu orokorrean bada ere, hizkuntza eskubideak ez errespetatzeagatik zigorrak ezartzeko prozedura.

Indargabetzeak dekretua bertan behera utziko ez duenik nabarmendu nahi izan du    Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: "Dekretua ez da desagertuko, zenbait puntutan aldaketak burutuko dira, baina beste zenbait punturekin aurrera jarraituko dugu". Hori bai, zigorrik ez dela izango ziurtatu du.

Enpresetan euskararen sustapena bideratzeko konpromisoa berresteko baliatu du gaurko agerraldia. "Euskararen sustapena egiten jarraituko dugu, konbentzituta baikaude arlo-sozioekonomikoan, gainontzeko beste arloetan bezala, euskararen normalizazio konbentzimendutik iritsiko dela eta ez zigorren bidetik".

Bide horretan, komertzio, enpresa eta era guztietako entitateen esku behar dituzten baliabideak jartzeko ahalegin berezia egiten ari direla nabarmendu du. "2010eko LanHitz izeneko diru-laguntzan 2.200.000 euro bideratu ditugu EAEko enpresa pribatuetan eta zuzenbide pribatuetako erakundeetan euskararen erabilera planak sustatzeko. Diru-laguntza hori areagotzeko aukera zabalik geratu zen, horren beharra izanez gero. Bada, azken hilabeteotan eskaera mordoa jaso ditugu eta beste 200.000 euro gehiago bideratzea lortu dugu".

Agerraldia amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzak euskalgintzan ari diren erakundeekin elkarlana bultzatzeko borondatea duela azpimarratu du. Borondate horren adierazle da Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua. "Ziurtagiri horren izaeraz eta etorkizuneko erabileraz hausnarketa egiten ari gara. Badago arlo honetan ibilbide bat egina duenik; gure aldetik indarrak metatzeko prest gaude eta une honetan elkarlanerako hitzarmen bat zehazteko ahalegina egiten ari gara, bikoiztasunak sahiesteko. Ea lehenbailehen hitzarmen horren berri emateko moduan gauden".

Amaitzeko, Lurdes Auzmendik euskararen normalizaziorako bidean sustapena eta elkarlana indartu behar direla azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Hizkuntza Politikarako sailburuordea