Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

16.000 pertsona inguruk hartu dute parte etxebizitzaren inguruko parte-hartze prozesuan

2010.eko uztailak 23

Herritarren proposamenen % 67 jasoko dira Plan Zuzentzaile berrian

Etxebizitzako sailburuorde Mª Paz Larrumbidek eta Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik  etxebizitza-politiken gainean apirilean egindako herritarren parte-hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte.

Prozesuari buruzko datuak

Guztira 15.748 pertsonek hartu dute parte. Parte-hartzea oso handia izan da 26 eta 35 urte bitarteko gazteen artean; parte-hartzaile guztien % 59.

Parte-hartzaileen % 72k adierazi dute etxebizitza-beharra dutela (% 46k lehenengo etxebizitza behar dute, % 16k etxebizitzaz aldatzeko beharra daukate, eta % 10k egungo etxebizitza birgaitzekoa).

Jende gehienak www.etxebide.info webgunean jarritako on-line plataformaren bidez hartu du parte, baina beste baliabide batzuk ere erabili dira: facebook, aditu-taldeei egindako inkestak eta eztabaida-taldeak.

Azaldutako iritziak

Parte-hartzaileen % 82k uste du etxebizitzaren gaineko euskal politika berriaren xedeak etxebizitza bat erabiltzeko/lupertzeko eskubidea bermatzea behar duela izan, eta % 18k berriz, uste du etxebizitzaren jabe izateko eskubidea bermatu behar duela.

Etxebizitza izatea gehiengoarentzat (% 86rentzat) exijitzeko moduko eskubidea dela.

Babestutako etxebizitzak pixkanaka alokairurantz bideratu beharrarekin ere nahiko adostasun zabala dago (% 86).

Baina babestutako etxebizitzak esleitzeko erabili beharreko prozeduraren gainean  ez dago horrelako adostasunik. Gehienek baremazio-sistemaren alde egiten badute ere (% 41), talde jakinentzat gordetako kupoak bereizten dituzten zozketek ere dezenteko babesa jaso dute (% 33).

Parte-hartzaileen % 90entzat etxebizitzak mobilizatuta nabarmen erraztuko litzateke etxebizitza eskuratzea. Hainbeste etxebizitza huts izateko hainbat arrazoi nagusia "ordaindu gabe uzteko edo-eta etxebizitza hondatzeko beldurra" (% 51) izan omen daiteke, eta hutsik dauden etxebizitza horiek mobilizatzeko lehentasunezko estrategia gisa, pizgarrietara jotzearen alde egin dute gehienek (% 63k), zerga berriak sortu ordez (% 37).

Adostasuna ia erabatekoa da (% 90) udalek etxebizitza-politikan protagonismo handiagoa izan behar dutelako ideiaren inguruan.

Parte-hartze prozesuari buruzko iritziak eta itxaropenak

Parte-hartzaileek positibotzat jo dute prozesua, eta "iritziak adierazteko askatasuna" eta "parte-hartze prozesuan zehar eztabaidatu beharreko gai berrien gaineko proposamenak egiteko gaitasuna" azpimarratu dute. Parte-hartzaileen % 85k uste du "horrelako parte-hartze prozesuak aldian behin edo etengabe egin behar direla".

Hala eta guztiz ere, prozesuaren erabilgarritasunari buruz nolabaiteko eszeptimismoa sumatu dugu, parte-hartze prozesuan azaldutako iritzi eta proposamenek Etxebizitzaren Plan Zuzentzaile berria eta legeria berria idazten denean izango duen eraginari dagokionean. % 39k baino ez du uste "asko" edo "dezente" eragingo dutela. Nolanahi ere, datu horiek prozesua amaitu aurrekoak dira.

Plan Zuzentzailearen eragina

Plataformaren bidez jasotako 45 proposamenetatik 30 (% 67 alegia), Jaurlaritzaren Kontseiluak laster onartuko duen 2010-2013rako Etxebizitzaren Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean sartu dira. Gainerako 15etatik, 8 ez dira sartu, dagoeneko ezarrita baitaude, eta beste  7ak, berriz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak ez duelako eskumenik horiek garatzeko edo laster egitekoa etxebizitzari buruzko legearen eztabaidan jorratu beharrekoak direlako.

Planean sartutako proposamen nagusiak honela laburbildu daitezke: espazio erkideak izango dituzten zuzkidura-etxebizitzak eraikitzea, batez ere alokatzeko; sustapen publikoetan lokalak etxebizitzatarako habilitatzea; udalerri bakoitzean hutsik dauden etxebizitzen zentsu bat egitea, horiek errazago mobilizatu ahal izateko; alokairuko etxebizitza sozialak eraiki eta kudeatzeko Europako esperientzia kooperatiboa Euskadira ekartzea; etxebizitzen gaineko programa publikoetan parte hartzeko diru-sarreren gehienezko maila igotzea; eskatzaileek etxebizitza eskuratzeko duten eremu geografikoa zabaltzea; babestutako etxebizitzen prezioak eskatzaile bakoitzaren diru-sarreren arabera finkatu ahal izatea; zozketetan antzinatasunari eta behar sozio-ekonomikoei lehentasuna ematea; birgaitzeko laguntzak hobetzea eta espedienteak ebazteko epeak laburtzea; eta Etxebiderekiko izapideak on-line egin ahal izatea.

Sailaren balorazioa

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak oso balorazio positiboa egin du, prozesuaren gainean, eta besteak beste honako hauek azpimarratu nahi ditu: parte-hartze zabala, errespetu maila (adierazitako iruzkinen % 1 baino gutxiago ezabatu behar izan da plataformatik irainak, laidoak edo-eta iritzi xenofoboak adierazteagatik) eta proposamenen kantitate eta kalitatea.

Ondorioetako bat da euskal gizarteak informazio argiagoa eta gardenagoa eskatzen duela Administrazioaren aldetik, eta horregatik, ezinbestekoa da horrelako prozesuak burutzen jarraitzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mari Paz Larrumbide, Etxebizitzako Sailburuordea, eta Mario Yoldi Planifikazio Zuzendaria